«Zer egin behar dugu erasoak gertatu aurretik, erasorik ez gertatzeko? Nola sortu bizi giro bat unibertsitatean halakorik ez izateko?». Mugimendu sozialetan dagoen galdera unibertsitate esparrura eraman dute Marta Luxan eta Jokin Azpiazu EHUko soziologoek. Bi eremuak oso bestelakoak izan arren. «Jendartearen eremu berezi bat da unibertsitatea: erakundearen egitura eta estamentuen arteko harremanak nolakoak diren aztertu behar da indarkeria sexualari buruz mintzatzean ere», azaldu du Luxanek. Kezka horrek mugituta, unibertsitatean gertatzen den sexu bortizkeriaren inguruko hausnarketa bat egin dute bi urtez, eta langileak trebatzeko tresna bat plazaratu dute: Indarkeria sexualak unibertsitatean: aurre egiteko prestakuntza gida.
USVreact (Universities Supporting Victims of Sexual Violence) Europako proiektuaren barruan argitaratu dute gida. Erresuma Batuko unibertsitateek hartu dute egitasmoaren lidergoa, Luxanek esplikatu duenez: «Han kezka handia dute gaiarekin; besteak beste, unibertsitate jarduna bestelakoa delako: campusetan bizi dira ikasleak, gauza asko egiten dituzte bertan». Jatorrizko asmoa ikasleen aurkako erasoak jorratzea zen arren, EHUko adituek ikuspegia zabaldu dute: «Garrantzitsua da ikasleak honen parte izatea, baina irakasleek eta AZPko langileek ere jasaten dituzte halako erasoak».
Baina zein dimentsio du bortxak unibertsitateetan? Zaila izaten da zentroek sexu eraso eta jazarpen kasuei buruzko datuak ematea, baina daturik gabe ere antzeman daiteke arazoa hor dagoela, Azpiazuren arabera: «Bitxia da: sexu indarkeriarekin lanen bat abiatzen denean, diagnostiko bat egiten da lehenik, ezer aterako ez delako itxaropen inozente batekin: 'Hemen ez daukagu arazorik'. Bada, ezin da diagnostiko argirik egin jendeak oso garbi ez badauka zer den eta zer ez den indarkeria, eta kontuan izan gabe justu indarkeria sexualaren mekanismo bat dela biktima errudun sentiaraztea. Horrek zailtzen du jakitea zehazki zer gertatzen ari den; beraz, ez da egokia diagnostiko zehatzen zain egotea zerbait egiteko».
Eta, unibertsitate eremua aztertuta, ohartu dira erakundearen ezaugarri batzuek eragina dutela bortizkeriaren inguruko isiltasunean. Azpiazuren arabera, hierarkia da faktoreetako bat: «Eremu oso bertikala da unibertsitatea, eta eraso asko hierarkian gainean daudenek egindakoak dira: tesi zuzendariak, laborategi arduradunak...». Lantaldeen tamainak edo erakundearen konplexutasunak ere zeresana dute, are gehiago prekarizazioa gehituta: «Batzuentzat, lan eremu prekarioa eta aldakorra da. Adibidez: hamabost laguneko departamentu txiki batean zaude, baina bihar beste leku batean egon zaitezke, ordezkapenak egiten ari zarelako; ez dakizu norengana jo behar duzun, eta, aldi berean, oso zaila da lankideekin hitz egitea, erlazioak oso finkatuta daudelako».
Luxanek ere nabarmendu du askotariko botere harremanak uztartzen direla maiz: «Ez da gauza bera erasotzailea hirugarren mailako ikasle bat izatea, edo unibertsitatera diru asko ekartzen duen katedradun bat izatea. Botere posizio oso desberdina da, eta unibertsitatea ez da gai izango biei gauza bera eskatzeko. Hor arazo potolo bat daukagu, are gehiago unibertsitatean gero eta garrantzitsuagoa denean kanpoko finantzaketa. Unibertsitateen pribatizazioak botere desoreka handiak ekarri du: une batean errektoreak baino botere handiagoa izan dezake ikerketa proiektu oso handi bat zuzentzen duen katedradun batek».
Ardura kolektiboak
Hala ere, EHUn landu duten gidak ez du neurri zigortzailerik proposatu. Luxan: «Indarkeria sexuala egiturazko arazo bat da; beraz, egiturazko ikuspuntutik heldu behar zaio. Instituzioak ardura bat dauka, eta parte garenok ere bai: nola lortu erasorik ez gertatzea, nola eragin gure lan esparruak beste ezaugarri batzuk izatea. Prebentzioa oso garrantzitsua da». Azpiazu: «Indarkeria ez da gertatzen den unean hasi eta bukatzen; pertsonen bizitzan, bereziki emakumeenetan, etengabeko presentzia dauka. Beraz, lanketa erasotzailea zigortzera eta biktima babestera mugatzen bada, ingurua ukitu gabe geratuko da. Gertakari hauek baliatu behar dira prozesu sakonak abiatzeko, aktibazio sozialerako: lanketa horrek inguru osoa astindu behar du».
Dena den,ohartarazi dute zigorgabetasunak frustrazioa eragin dezakeela. Abagune hori torturarekin alderatu izan dute: «Formakuntza saioetan ausartu gara torturaren gaia aipatzera, planteatzeko ea zer gertatzen den botere mekanismo bat diseinatua dagoenean zigorgabetasuna sortzeko; zeren tortura leku ikusezin batean gertatzen da. Segur aski, gure justiziaren kontzepziotik ezin dugu auzi hori konpondu; beraz, neurrien helburua ezin da izan bakarrik gertatutakoa frogatzea eta zigortzea, baizik eta berriro gertatu ez dadin bermatzea. Aukera gehiago izango ditugu planteatzen badugu hierarkiak arintzea, edo harreman bertikal horiek gertatzen diren guneetan jende gehiago sartzea. Noiz desagertuko da tortura? Gela ilun horiek desagertzen direnean».
Zail ikusten dute, ordea, unibertsitate eremuan halako iraultza bat bultzatzea. Bortxaren egiturazko izaerari erreparatu diote berriro: «Unibertsitatean indarkeriari aurre egin nahi bazaio, bortizkeria botere harremanen elementu bat bezala ulertu behar da, ia-ia sintoma bat bezala. Baina unibertsitateen joera izaten da instituzio osasuntsu bateko sagar ustelak identifikatzea, eta kanporatzea edo sendatzea. Guk uste dugu aztertu behar dela kasuak zergatik gertatzen diren, zer lotura duen genero ardatzak hierarkiarekin, adinarekin, klasearekin, jatorriarekin...».
Hala, protokoloek bide antzua izan dezaketela ohartarazi dute: «Gehienek unibertsitateko egiturak ukitu gabe konpondu nahi dute arazoa, baina irteerarik gabeko kale itsu batera doaz: protokoloa dagoenez, gero eta salaketa gehiago egongo dira, eta arazoa gero eta presenteago egongo da, baina bere horretan iraungo du, arazoa sortzen duen egitura ez delako aldatu».
Indarkeria matxista. Bortizkeria unibertsitatean. Marta Luxan eta Jokin Aspiazu. EHUko soziologoak
«Ezin da diagnostikorik egin jendeak argi ez badu zer den indarkeria»
Unibertsitatean gertatzen den sexu indarkeria jorratzeko gida bat landu dute EHUn. Erakunde barruko botere harremanekin kezka agertu dute, eta ohartarazi dute okertzen ari direla pribatizazioaren ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu