Ingurumena. Rio+20 bilera

Ezin da beste 20 urte itxaron

Lurraren egoerari buruzko goi bileraren (Rio+20) atarian, herrien topaketari ekingo diote gaur mundu osoko gizarte eragileekGero eta larriago dago planeta, eta hura salbatzeko neurri ausartak eskatu dizkiete agintariei

inaki petxarroman
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
1992ko Rioko bilerak mugarri bat ezarri zuen. Harekin batera, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Garapen Iraunkorrerako Batzordea eratu zuen, Rioko Deklarazioaren eta Agenda 21en jarraipena egiteko. Lehendabiziko aldiz planetaren muga fisikoek baldintzatutako garapen ekonomiko baten beharraz ohartu ziren, teorian bada ere, munduko agintariak, eta klima aldaketaren aurkako bide bati ekin zioten. 172 gobernuko ordezkarik klima aldaketaren eta bioaniztasunaren gaineko hitzarmen esparruak —bete beharrekoak biak— hitzartu zituzten; eta, horiekin batera, oihanei buruzko oinarrizko deklarazioa, garapen eta ingurumenari buruzko deklarazioa eta Agenda 21en gaineko akordioak sinatu zituzten.

20 urteren ondoren, ordea, Lurraren egoera okertu egin da, eta neurriak lehenbailehen hartu beharko dituzte agintariek egoera bueltarik gabekoa ez izateko. Nazio Batuen Erakundearen Programak (UNEP) egindako GEO-5 txostenak halaxe laburbildu du ingurumen egoera: «Gizadiak ohiturak aldatu ezean, muga kritikoak gaindi daitezke, eta haiek igarota, planetaren oinarrizko funtzioek aldaketa bortitz eta bueltarik gabeak jasan ditzakete». Munduko 300 adituk NBErentzat egindako GEO-5 txostenaren ondorioak dira ondokoak.

1. Atmosfera

Ozono geruza hondatzen zuten substantzien erabilera asko murriztu da, eta berunik gabeko gasolina zabaldu da ia mundu osora. Gainerakoan, nazioarteak beste atal batzuetan hartutako konpromisoetan ez da aurrerapausorik egin, esaterako, klima aldaketa eragiten duten gas kutsagarrien isurketak murrizteko. Azken atal horri dagokionez, zientzialariek ohartarazi dute egungo erritmoari eutsiz gero, hiru gradu berotuko dela batez besteko tenperatura mende bukaeran. 2000. eta 2009. urte arteko hamarkada inoizko beroena izan da, eta 2010ean inoizko gas isurketarik handienak izan dira, eta inoiz baino porlan gehiago erabili da. 40 urtean %40 handitu dira CO2ren isurketak, eta munduko tenperatura 0,4 gradu berotu da batez beste. Horrek glaziarren desagertze masiboa ekarri du. Esate baterako, Europan, Pirinioetako glaziarren %80 desagertu da, eta Alpeetako glaziarren erdiak. Ozeanoen tenperatura 0,28 gradu beroagoa da, eta itsasoaren maila 2,5 milimetro igotzen da urtero. Udan Artikoaren izotz geruza inoizko txikiagoa da gaur egun.

2. Bioaniztasuna

Mundua bioaniztasuna galtzen ari da abiadura biziz. Dinosauroen ondoren sekula ezagutu gabeko galerarik handiena gertatzen ari da egun. Espezie ornodunen %20 desagertzekoarriskuan dira, eta %30 gutxitu da haien populazioa 1970etik. Lurraren hedaduraren %30etik gora nekazaritzarako erabiltzen da, eta horren ondorioz 1980ko hamarkadan zeuden naturguneen %20 desagertu dira.

Bioaniztasuna azkar galtzen ari da, besteak beste, deforestazioaren ondorioz. Esaterako, 1990etik hona Argentinarentamainako jatorrizko baso zati bat galdu da munduan. Naturgune babestuak %13 dira lurrean, eta %1,6 itsasoan. Nazioarteak Aichin (Japonia) hitzartu zuen 2020rako lurraren %17 eta itsasoen %10 legez babestuta egongo zirela. Arrantzaren egoera oso larria da. Gaur egun arrain populazio gehienak (%85) galduta edo galtzeko bidean daude. Arrantzatutakoa laukoiztu egin zen 1950etik 1990era, eta geroztik hazkundea mantsotu da, hein handi batean, espezieak galdu direlako. Arrantza industria mehatxu larria da, eta bakarrik harrapaketen %7 egiten dira modu iraunkor batean, Marine Stewardship Council ziurtagiriarekin.

3. Ura

Duela 20 urte baino herritar gehiagok dauka eskura ur edangarria. Baina munduaren arazorik handienetakoa k dira, oraindik ere, ur eskasia eta kalitate txarreko uraren kontsumoa. 2015erako 600 milioi pertsonak ez dute eskura izango ur edangarririk, eta 2.500 milioik ez dute saneamendu zerbitzurik izango. Nekazaritzan gai kimikoak erabiltzeak kalte larriak eragin diezaizkieke pertsonen osasunari eta arrainei. Aldi berean, lurazpiko uren egoera gero eta txarragoa da. Nekazaritza da uraren egoera txarraren arduradun nagusia, eta nekazaritza gune nagusietako batzuk lur azpiko uren menpe bizi dira, esaterako, Indian, Pakistanen, Txinan eta Ameriketako Estatu Batuetan (AEB).

4. Itsasoen kutsadura

Itsasaldeko toki hilen kopurua asko handitu da azken urteotan. Horrelako 169 gune daude munduan, eta haietako 13 bakarrik ondu dira pitin bat. Munduko 415 lekuk eman dute eutrofizazio larriaren zantzuren bat. CO2isurketen ondorioz, ozeanoen azidotzea areagotu da, eta hori mehatxu larria da koral uharrientzat. Koralezko uharrien %38 hondatu dira 1980ko hamarkadatik, eta, klima berotzearen ondorioz, hondatze prozesua azkartuko da heldu diren hamarkadetan. Itsasoko kutsaduraren %80 lurreko jardueraren ondorioz sortzen da.

5. Muturreko fenomeno meteorologikoak

Uholdeak eta lehorteak, klima aldaketaren ondorioz gero eta sarriago gertatzen diren muturreko fenomeno klimatologikoak dira. Uholde kopurua %230 igo da 1980tik, eta lehorteak %38 gehiago dira. Klima berotze orokorrakdakarren itsasoen mailaren gorakadari aurre egiteko dirutza handia beharko da 2040eko hamarkadan, 71.000 milioi euro inguru. Basoen gaineko presioaren ondorioz deforestazioa oso handia bada ere, murriztu egin da 1990eko hamarkadatik hona. 16 milioi hektarea baso galtzen ziren 1990ko hamarkadan eta 13 milioi 2000ko hamarkadan.

6. Hondakinaketa gai kimikoak

Aurrerapenen bat egin da metal astunen, kutsatzaile organiko eta hondakin erradioaktiboen arloan. Baina, uretatik eta arrainetatik hartutako laginen %90eanpestiziden kutsaduraren arrastoak agertu dira. Kutsatzaile organiko iraunkorren (POP) kasuak zabaldu egin dira eta Artiko eta Antartidaraino. Hondakin elektriko eta elektronikoen hazkundeaz ere ohartarazi du NBEk, eta,baita ere, gai kimikoen, plastikoen eta nanomaterialen ekoizpen, erabilerak nahiz errausteak sortzen duten arazoaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.