Albisteak bestelakoa izan behar zuen atzo Larrabetzun (Bizkaia), Gaztelumendiko oroigarri frankista eraisteko ekitaldian. Gurutzea botatzeko lanetan gertatutako ezbeharrak bereganatu zuen, ostera, protagonismoa: harriek espero gabeko norabidea hartu, eta lau lagun zauritu zituzten; tartean, EAJko zinegotzi bat.
10:30ean zuen jarria hitzordua Larrabetzuko Udalak, Gaztelumendiko gurutzearen aurrean. Ekitaldi xumea izan behar zen. Han bildutako 40 lagunen aurrean, udalbatzak aho batez onartutako adierazpen instituzionala irakurri zuen Iñigo Gaztelu alkateak. Aurten 80 urte bete dira tropa frankistak Larrabetzun sartu zirenetik, eta udalak eta herriko elkarteek hainbat jarduera antolatu dituzte memoria historikoa lantzeko. Gaztelumendiko gurutzea botatzea izan da ekintza nagusietako bat, oroigarriak sinbologia handia baitzuen: tropa frankistek Gaztelumendin lortu zuten Burdinazko Hesia apurtzea.
Gurutzearen inguruan bildutako auzokideek Internazionala eta Eusko gudariak abestu eta gero, beharginak harrizko eta hormigoizko oroigarria botatzeko lanetan hasi ziren. Gurutzea hondamen egoeran zegoen, eta «berehala erortzeko arriskua» zuen. Hori zen, hain zuzen ere, oroigarria botatzeko beste arrazoi nagusia, udalaren arabera. Beraz, gurutzea sokekin kamioi batera lotu zuten langileek, erraz botatzeko. Kamioia tiratzen hasi eta 30 segundora, gurutzea erortzen hasi zen. Baina aurreikusitako aldera erori beharrean, oroigarriak albo baterantz egin zuen, eta txikitutako gurutzearen harriak auzokideengana heldu ziren.
Ezbeharraren ondorioz, lau zauritu artatu behar izan zituzten: bi emakume, gizon bat eta arin zauritutako haur bat. EAJko zinegotzi Maria Luisa Mezo Loroñok jasan zuen kolperik handiena: hanka biak apurtu zituen.
Segurtasun neurriak
Larrabetzuko alkate Iñigo Gaztelu «shock egoeran» geratu zen istripuaren eraginez: «Inpotentzia sentitzen dugu». Udalak ohar bat zabaldu zuen, zaurituei elkartasuna adierazteko eta segurtasun neurrien inguruan azalpenak emateko asmoz: «Eraisketa aurrera eramateko, udalak beharrezkoak diren neurri guztiak —segurtasunezkoak zein teknikoak— bete ditu». Udalak enpresa bat kontratatu zuen oroigarria eraisteko, eta segurtasun arduradun bat izendatu zuen, lanak koordinatzeko. Gazteluren arabera, «gertatutakoa argitzeko beharrezkoa den txosten teknikoa egingo dute udal teknikariek eta eraisketaren arduradunek».
Gurutzea bota eta gero, oroigarriaren azpiko arrastoak ikertzea izango da hurrengo zeregina. Karraderan herriko elkartea arduratuko da horretaz, Aranzadirekin elkarlanean. Izan ere, azpian «armak edo gorpuak» egon daitezkeela uste dute. Azterketa hori amaitzean, udalak oroigarri bat jarriko du, «askatasunaren alde eta faxismoaren kontra borrokatu eta hildako borrokalariak omendu eta gogoratzeko».
Larrabetzu 1937-2017 elkarteko kide Iñaki Berazategirentzat, horrelako jarduerak ezinbestekoak dira: «80 urteko memoria lapurtu digute». 36ko gerrako eta frankismoko errepresioarekin «isiltasun harresi bat» dagoela uste du: «Benetan gertatu zena ezagutzera eman behar dugu; isiltasun harresi hori apurtu behar dugu».
Iritzi berekoak dira ekitaldian bildutako larrabetzuarrak. Gaztelu auzoan bizi da Isabel Alaiogoikoa, oroigarritik metro gutxira, baina ez du sekula gertu sentitu: «Sinbolo hau arrotza zen hemen». Udalak hartutako erabakiaren ados agertu da: «Hemen hil direnei egin behar zaie gorazarre, memoria gal ez dadin».
Bideoa: Gurutzea erori den unea (Julen Nafarrate).
[youtube]https://youtu.be/0gPV2_xo2J0[/youtube]
Ezin bakean eraitsi
Gaztelumendiko oroigarri frankista eraisteko lanetan ezbeharra izan zen atzo Larrabetzun; gurutzeak espero gabeko norabidea hartu zuen, eta lau herritar zauritu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu