Ezin ahaztuzko minaren lekuko

1936ko gerran izandako biktimak gogoratzeko leku bat jarri dute Bastidan, orduan biktima gehien izan zuen Arabako herrian. Aitorpenerako bidea luze doan arren, jazarrien senideak pozik daude lortutakoarekin

Bastidako biktimen omenez egindako gunea inauguratzeko ekitaldia. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
iraia vieira gil
2023ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun

«Aitonari loreak eramateko leku bat izatea zen amaren nahi bakarra», kontatu du Luis Izagak. Felix San German du aitona, errepublikanoa izateagatik hil zuten Bastidako (Araba) azken gizona. Hain zuzen, Bastida izan zen 1936an Araban biktima gehien izan zuen herria, eta orain jarri dute hildakoak oroitzeko tokia. Pauso handia izan da senideentzat, Izagak bezala, askok ez dakitelako gorpuzkiak non dauden. «Autobus bateko bidaiariek ikusi zuten azkenekoz aitona, Haroko errepidearen ertzean, beste gorpuekin lurrean botata». Familia tokira hurbildu zenerako, aitonaren arrastorik ez zen bertan.

Maria Teresa San Germanek, Felixen alaba eta Luis Izagaren amak, urteak eman zituen biktimen omenaldi baten atzetik, baina ezezkoa ematen zioten beti. «2021ean hil zen, eta nik hartu nion lekukoa», esan du Izagak. «Urriaren 12an jarri nintzen udaletxearen aurrean lehen aldiz, aitonaren erretratuarekin, sinadurak lortzeko asmoz». Hamabost egunen buruan, udalak data jarri zion omenaldiari: abenduaren 10a. «Esan zidaten kale bat, monolito bat eta mural bat jarriko zituztela. Orduan damutu nintzen aurretik ezer ez egin izanaz».

Ikusi gehiago:«Gerrikoengatik zekiten nor zen beren senarra»

Izagak ez zion utzi udaletxearen aurrean jartzeari. «Ostiralero joaten nintzen, gaueko bederatzietan. Azaroaren 22an, aitona desagerrarazi zutenean, han izan nintzen ere». Omenaldiaren eguna pozez eta nostalgiaz hartu zuen familiak. «Amak nahi zuen guztia lortu genuen, baina berak ezin izan zuen ikusi. Berak hau guztia ikustea nahiko nuen».

San German ez zen izan frankistek jazarri zioten herritar bakarra; 1936ko kolpe militarrak odolaren aztarna utzi zuen Bastidan. Javier Gomez EHUko historialari eta Matar, purgar, sanar. La represión franquista en Álava liburuaren idazleak (Hil, purgatu, sendatu. Errepresio frankista Araban) berretsi du hemeretzi gizon hil zituztela. «Hamazazpi uztail eta azaro bitartean hil zituzten, baina batzuen heriotza data ez da zehatza». 1937an eta 1938an gertatu ziren azken bi hilketak: heriotza zigorra zuen gizon baten exekuzioa, eta ezkutaturik zegoen gizon baten hilketa.

Errepresioa ez zen izan kolpe militarraren fruitua soilik. Bigarren Errepublikan (1931-1936) jazotako gatazkek eragina izan zuten egoera politikoaren polarizazioan. «Izaera politikorik gabeko hamalau liskar egon ziren». Alderdiren bat aukeratu behar izan zutenean, gatazketan oinarritu eta karlismoa hautatu zuten batzuek, eta anarkismoa besteek.

Anarkismoak harrera izugarri ona izan zuen bereziki Bastidan, eta inguruko herrietan baino azkarrago zabaldu zen. «1920an CNT sindikatua abiarazi zuten; 1931n, EAJk ez zuen hauteskundeetan bozkarik lortu». Banaketa politikoa nabaria bihurtu zenean, ordea, abertzaleak indartu egin ziren berriz, eta bederatzi zinegotzi lortu zituzten. «Anarkistak, beren filosofiari jarraituz, ez ziren hauteskundeetara aurkeztu».

Hori bai, establishment-arekin apurtzeko ekintzak egin zituzten; 1933ko matxinada, kasurako. Guardia Zibilaren kuartelari eraso zioten, eta artxiboko jabetza agiriak erre. Matxinadak hiru ordu iraun zuen, eta ez zuen ondorio politikorik izan, baina, kuartela hartzeko borrokan, guardia zibil bat tirokatu zuten anarkistek. Errepresioa areagotzeko aitzakia bihurtu zuten karlistek heriotza hori.

Frankismoaren lehenengo etaparen funtsa, hain zuzen, etsaiak hiltzea izan zen. Bastidan 1938ra arte luzatu zen etapa hori, eta karlistek «odol autonomia» izan zuten. «Zazpi anarkista hil zituzten lehenengo, eta, behin horiek akabatuta, errepublikanoei jazartzeari ekin zioten», azaldu du Gomezek.

«Nire aitona musika banda errepublikanoan bonboa jotzeagatik espetxeratu zuten», kontatu du Izagak. «Eleuterio Rojas bere ilobarekin batera sartu zuten kartzelan, 1936ko abuztuaren 4an». Lau hilabete eman zituzten bertan elkarrekin, San German desagerrarazi zuten arte. «Kontatzen zuten komisariatik atera eta herrestan ibili zutela taxi batera loturik».

Rojasi bestelako zigorra ezarri zioten: «Frontera bidali zuten, kanoi bazka moduan». Ezin izan zuten hil, eta, gerra amaitu bezain laster, Gasteizera joan zen bizitzera. «Ez zuen herrira bueltatu nahi izan. Ez zituen ikusi nahi bere familia suntsitu zutenen aurpegiak». Nagusitan hil zen, garai hartako mina ahaztu ezinik.

Beste askok ez zuten sorterria utzi. Eduardo Manzanosen aitona, esaterako, bi urte egon zen Bastidan ezkutaturik. «CNTko militantea eta anarkista zen. Estatu kolpea eman zutenean, anarkistek bazekiten zerbait egin behar zutela bizirik irauteko, eta, bakoitzaren erabakia jakiteko, bilera bat antolatu zuten», kontatu du. Frantziara joan ziren batzuk, miliziarekin borrokatzera besteak, eta hamar bat herrian ezkutatu ziren.

Hirutan banatu ziren: Manzanos anaiak, Quintana anaiak eta Barrios anaiak. Barriotarrak Nicolas Ortegorekin batera izan ziren gordelekuan. «Ez zen anarkista, baina Quintana anaien koinatua eta CNTko idazkariaren arrebaren senarra zen», esan du Gomezek. Gordelekutik atera ahal izatea besterik ez zuten nahi, eta ezin izan zuten. «Arrastorik utzi gabe desagertu zirenak ezagutzen zituzten karlistek, eta ezinbestean aurkitu nahi zituzten».

Ikusezinen rola

Emakumeek berebiziko garrantzia izan zuten gizonak babesteko orduan. «Matxismoa oso erroturik zegoen gizartean, eta emakumeak ikusezinak ziren», azaldu du Gomezek. Familia aurrera eramateko helburuarekin, ikusezintasun horretaz baliatu ziren emakumeak, ingurukoak engainatzeko. «Ogia erostera joaten zirenean, adibidez, barra bakarra eskatzen zuten, eta, batzuetan, beldurrak eraginda, gutxiago».

Esteban Manzanosen arrebari informazioa lortzeko gezurrak kontatzen zizkioten. «Bilbon lan egiten zuen gizon bat etorri zen behin herrira, eta aitona hirian ikusi zuela esan zion», azaldu du Manzanosek. Rosak neba zelan zegoen galdetu, eta goraintziak emateko eskatu zion gizonari. «Plantak egin behar zituen».

Helburu berarekin atxilotu zituen Guardia Zibilak bost emakume 1936 eta 1938 artean. «Espetxerako bidean, Argantzonen geldialdia egin eta mehatxu egin zieten», esan du Manzanosek. «Senarrak non zeuden esateko, edo hilko zituztela». Andreek ez zuten ezer esan, eta Gasteizko kartzelara eraman zituzten. Zigor gisa, ilea moztu zieten. «Herriko kaleetatik paseatu nahi zituzten, baina alkateak ez zien utzi».

1938an aurkitu zituzten, azkenik, lehenengo satorrak, Quintana anaietako batek elgorria hartu eta familiak herriko medikuari deitu zioenean. «Ez zuten uste salatuko zituenik. Etxetik atera bezain laster, ordea, Guardia Zibilarenera joan zen», kontatu du Manzanosek. Gaixoturiko anaia gau horretan bertan hil zen; bere bi anaiak eta koinatua Frantziara ihes egiten saiatu ziren, baina Elizondo aldean atxilotu zituzten.

1938ko uztailaren 25ean, Quintana anaiak aurkitu eta bi astera, auzokide batek, Barrios familiaren etxean mugimendu arraroak ikusi, eta herriko karlistei abisatu zien. Karlistek, etxean sartu, eta Ortego aurkitu zuten. «Bertan hil zuten, tiroz». Orduan atxilotu zituzten Barrios anaiak. Gomezen arabera, «Quintana anaien etxean jazotakoa Bastidako azken gertakari odoltsua izan zen». Horren ostean, gainerako satorrek ezkutatzeari utzi zioten.

84 urte igaro dira, eta, Gomezen hitzetan, «indarkeria sufritu zuen belaunaldi osoa hilik dago». Gaur egun, Bastidak banaturik jarraitu arren, egoera bestelakoa dela uste du Manzanosek. «Kontatu ez dizkiguten gauza asko daude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.