«Ez badugu ezer egiten, luze gabe [osasun] sistemak porrot egingo du, eta herritarrei ematen ari garen zerbitzu batzuk kendu beharko ditugu». Nafarroako osasun legearen aurreproiektuaren zirriborroa babestu du Fernando Dominguez Osasun kontseilariak. «Orain ez dago zalantzarik, zerbait egin behar da; ezer ez egiteko garaia pasatu da, eta ezer ez egitea ez da aukera bat».
Dominguezek nabarmendu du aldatu beharra dagoela herritarrei merezi duten osasun sistema eskaintzeko. Indarrean dagoen Osasun Legea 1990ekoa da: «Sobera bete du bere eginbeharra, eta orduko gizarteak ez du zerikusirik gaur egungoarekin». Iraganean eroso egotea egotzi die legea berritzea auzitan jartzen dutenei.
Lege aurreproiektuaren zirriborroan ageri diren proposamenetako bat da enpresa erakunde publiko bat sortzea Nafarroako osasun sistema kudeatzeko. Nafarroako Gobernuaren helburua osasun sistema «biziagoa eta malguagoa» lortzea da. «Horretarako, erakunde publikoaz gain bestelako alternatibak baldin badaude, baloratuko ditugu», zehaztu du Osasun kontseilariak.
Proposamen horren kontra egin dute ELA eta LAB sindikatuek. «Enplegu publikoaren kontrako erasorik handiena da», ELAren iritziz. Bertan, Osasunbidearen eta NOPLOI Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuaren izaera juridikoa aldatzea planteatu du gobernuak: organo autonomo izateari utzi eta enpresa erakunde publiko bihurtzea. ELAren arabera, aldaketa horren ondorioz, etorkizunean kontratatutako diren langileek funtzionario izaera galduko dute, eta horrek atea irekiko du langileak kaleratzeko. LABek gehitu zuen horrela «eskubide maila ezberdineko langile taldeak» sortuko liratekeela.
LABen iritziz, lege aurreproiektuak Osasunbideko zenbait zerbitzu pribatizatzeko aukera zabaltzen du. Sindikatuak uste du Nafarroako Osasun Departamentuak «Osakidetzaren eredua» ezarri nahi duela Nafarroan.
Nafarroako Gobernuak bere proposamenari ekarpenak egiteko epea zabaldu zuen urtea amaitu arte. Herritarren eta eragileen proposamenak jasotzen ari dira. Aurreproiektuaren zirriborroa lege bihurtzeko hilabete asko falta direla uste du Fernandezek: «Elkarrekin hitz egiteko eta eztabaidatzeko hilabeteak izango dira, legea egonkorra izatea eta luze irautea nahi baitugu».
Itxaron zerrendak arintzen
Itxaron zerrendak dira nafarren kexa eta kezka nagusietako bat. Azaroan, urrian bezala, jaitsi egingo direla ziurtatu du Osasun kontseilariak. Ez urrian bezainbeste: ia 5.000 gaixo gutxiago izan ziren orduan. «Horrek erakusten du bete-betean eta hilabeteko egun guztietan —jaiegunik gabe— lan egiten denean nabaritu egiten dela, eta departamentuak hartutako neurriak eraginkorrak direla», babestu du bere taldearen lana. Abenduan eta urtarrilean ez dute espero jaitsiera handirik itxaron zerrendetan, jaiegunak eta opor egunak baitaude tartean.
Nafarroako Osasun Departamentuak telefonogune adimendun bat jarri zuen lehen arretan ordua hartzeko, osasun etxeetako telefonoak hartuta egonda ere medikuarekin ordua hartu ahal izateko. Horri esker, herritarrek ez dute behin eta berriro deitu behar telefonoa hartuta dagoenean. Osasun Departamentuak ez du telefonoaren erabilerari buruzko daturik, «baina irudipena ona da, bai harrerako profesionalentzat, bai pazienteentzat».