Ezenarro eta Ullibarriaranak kudeatuko dituzte biktimen politikak, Urkijoren ordez

Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza «indartu» eta biktimen arreta «hobetu» nahi du Jaurlaritzak bi izendapen berriekin PSE-EE, PP eta UPD kexu dira, Jonan Fernandezen «apustua» berresten delako

Aintzane Ezenarro, Jonan Fernandez, Iñigo Urkullu, Monica Hernando eta Enrique Ullibarriarana, atzo, Gasteizen. BERRIA.
edurne begiristain
Gasteiz
2014ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Txema Urkijo Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari ohiak biktimen politika publikoen kudeaketan utzitako hutsunea Aintzane Ezenarrok eta Enrique Ullibarriaranak beteko dute. Jaurlaritzak haien esku utzi du ardura, atzo jakinarazi zuenez. Biek Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza «indartuko» dute, biktimen politiketarako aholkulari modura, Lehendakaritzak ohar batean nabarmendu duenez. Jonan Fernandezekgidatu eta Monika Hernando buru duen Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren barruan lan egingo dute Ezenarrok eta Ullibarriaranak. Urkijo kargutik kendu eta astebetera egin ditu izendapen berriak gobernuak.

Ezenarro iazko ekainean sartu zen Bake eta Bizikidetza Lantaldean, hezkuntzaren esparruan, aholkulari gisara. Ullibarriaran, berriz, 1990az geroztik dabil Eusko Jaurlaritzan, teknikari gisa, biktimekin beharrean. Biktimei lotutako politika publikoen inguruan «esperientzia zabala eta osagarria» dutela nabarmendu du gobernuak izendapenen berri ematean. Biek «biktimekiko sentsibilitate eta konpromisoa handia» dute, Lehendakaritzak azpimarratu duenez.

Izendapen bikoitza eginda, Urkijoren kargugabetzearekin sortutako polemika uxatu nahi izan du Jaurlaritzak. Izan ere, biktimekiko ardura nahikoa ez izatea leporatu diotenei gobernuak erantzun die alor horretan «hobetzen jarraitzeko» apustua dela Ezenarro eta Ullibarriaranaren aukeraketa. «Konpromisoa ez da aldatu, eta lan programa Bake eta Bizikidetza Planean dago. Kasu honetan aldatzen dena da biktimen arretarako taldea indarberritu egin dela».

Iñigo Urkullu lehendakariaren ustetan, bi izendapenekin «nabarmen hobetu» egingo da biktimekiko arreta. Izan ere, izendapenekin batera, gainera, beste bi egitasmo ere iragarri ditu. Batetik, biktima bakoitzari «tratu indibidualizatua» eskaintzeko programa abiatuko dute, eta, bestetik, biktimek memoria eta elkarbizitza prozesuetan parte hartzeko modua bideratuko da. Egitasmo biak «berehala» jarri nahi ditu martxan Jaurlaritzak.

PSE, PP eta UPD, errezeloz

Urkijoren kargugabetzea kritikatu zuten alderdiek errezeloz hartu dituzte izendapen berriak ere.PSE-EE, PP eta UPDren ustez,biktimekiko politikak ez dira aldatuko bi arduradun berriekin. Kargu hori «terrorismoaren biktima» batek betetzeko eskatu dute taldeok. Rodolfo Aresen (PSE) arabera, «Jonan Fernandezen apustua berretsi» egiten dute izendapenek: «Politika hori ez da egokia, elkarrizketatik eta adostasunetik urruntzen delako eta Batasunaren mundura gerturatzen delako». Borja Senper (PP) ere kexu da, «ikuspegi politikoa» ez delako aldatuko, eta Gorka Maneirok (UPD) esan du biktimei bestelako bake politika bat zor zaiela.

EAJk, berriz, kritikak alboratu egin ditu, «Eusko Jaurlaritzak giza eskubideekiko duen konpromisoa erabatekoa delako». Izendapenak defenditu ditu; bereziki, Ezenarroren «ibilbide politiko demokratiko eta etikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.