Euskal presoak

"Ezberdinen arteko zubiak", preso gaixo larriak askatzeko

Mobilizazioak egin dituzte Bilboko zazpi zubitan, gaitz larriekin preso dituztenen askatasuna eskatzeko. "Gezurra badirudi ere, erakunde publikoak dira horien ardura dutenak", salatu dute Ni Zu Bi ekinbideko kideek.

Gaitz larriak dituzten presoen aldeko martxa, gaur, Bilbon. SARE HERRITARRA.
2019ko martxoaren 16a
08:37
Entzun

"Tristea eta gezurra ematen badu ere, gaur egun badira 22 euskal preso gaixotasun oso larriekin daudenak, eta gezurra badirudi ere, erakunde publikoak dira horien ardura dutenak". Hala salatu dute Ni Zu Bi ekinbideko arduradunek, Bilbon egindako mobilizazioan. Elkarretaratzeak egin dituzte Bilboko zazpi zubitan —Deustuko Zubian, Pedro Arrupen, Zubi Zurin, udaletxeko zubian, Areatzakoan, Merceden eta San Antonen—, eta bilkuren ondoren, bi martxa atera dira San Antongo eta Deustuko zubietatik. Udaletxe aurretik pasatuta, Arriaga plazan amaitu dute bidea.

Sare herritarrak "pozik" hartu du Bizkaiko tokiko plataformek sustatutako ekinbidea. "Izan ere, zubi asko behar ditugu hemen, ezberdinen arteko zubiak, pentsamendu ezberdinak izanda ere funtsezko balore batzuk konpartitzen ditugunon artekoak... Larriki gaixo dauden presoen afera konpontzeko ezberdinen arteko zubiak eraiki behar ditugu", azaldu du mugimenduak, ohar bidez.

Gaurko ekitaldiekin, "eskubide oinarrizkoenak" aldarrikatu nahi izan dituzte NI ZU BI herri ekimeneko kideek, "bizitza-eskubidea eta pertsonen duintasuna", besteak beste: "Eskubideen esparruak ezkerrekoak zein eskuinekoak batzeko balio du, herrialde batekoak zein beste batekoak, gazte zein zahar". Gaitz larriekin preso dituztenen egoera jarri nahi izan dute mahai gainean; zehazki, Bizkaiko presoena: Kepa Arronategi, Txus Martin, Joseba Borde, Ibon Iparragirre eta Gorka Fraile —minbizia, gaixotasun psikiatrikoak, HIESA, eta bihotzeko gaitzak dituzte—. Espetxearekin bateraezinak diren gaitzak direla nabarmendu dute, eta legez etxean behar dutela.

Sarek, bestalde, gogora ekarri du Osasunaren Nazioarteko Eguna dela apirilaren 7a, eta dei egin dute egun horretako "norberaren herriko zubia betetzera": "Osasuna giza eskubide bat da, eta espetxe sistema honek larriki kaltetzen du: isolamendu aldi mugagabeak, kondenen luzatze arbitrarioak, oinarrizko eskubideen etengabeko urraketek ondorioak dituzte osasun fisiko eta mentalean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.