Koronabirusa

Ezberdina da, baina larria

Birusaren transmisioa berriz goian dago, baina, txertaketa aurreratua tarteko, aparteko berezitasunak ditu orain izurriak. Horiek aintzat hartuta ere, adituek diote oraingo egoera larria dela; izan ere, gazteengan ere arrastoa utz dezake gaitzak, eta, birusa oldartuta badago, aldaera berrien arriskua handiagoa da.

Gazte bat Iruñeko autobus geltokian, positiboak atzemateko neurri artean. VILLAR LOPEZ / EFE.
Arantxa Iraola - Beñat Mujika
2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Azken asteotan birusaren transmisioan izan den gorakada handiak ezin saihestuzko eran ekarri ditu berriz izurriaren beste olatu bati buruzko iragarpenak. Ñabardura, hala ere, etenik gabe egin da, lasaitasuna sentitzeko ahalegin betean, eta oraingo egoera iragan hurbileko beste une batzuetako iluntasunetik apartatze aldera: txertaketa prozesua aurreratua dago jada, bizkor doa, eta horrek beste taxu bat eman dio orain izurriari. Hain zuzen ere, datuak alde horretatik aski argiak dira, eta esperantzarako motiboa: Hego Euskal Herrian, adibidez, herritarren %63,2 ja txertoaren dosi bat jasota daude, eta %48,9k burutua dute prozesua. Argi ikusi da, gainera, orain kutsatu gehienak gazteak direnez, erietxeetako lan karga ez dela zamatu izurriaren beste fase batzuetan bezala: samurragoa da orain egoera, eta kasu larriak eta heriotzak urritu egin dira. Horiek horrela, gizartean birusa hesitze aldera gaur egun indarrean dauden prebentzio neurriek ere zerikusi urria dute orain dela hilabete batzuetakoekin: arinagoak dira.

Baina adituek ez diote larritasunik kendu nahi egoerari. EHUko Mikrobiologia irakasle Miren Basarasen, EHUko Farmazia irakasle eta ikertzaile Gorka Oriveren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohi eta osasun arloko aholkulari Rafa Bengoaren iritziak horren adibide dira. Hirurek argi dute izurriaren aurreko pentsamendu magikoak baztertu egin behar direla, eta epe labur-ertainean adi jarraitu behar dela.

GORKA ORIVE Farmazia irakaslea EHUn
«Kutsatuen kopurua haztean, lehen mailako arreta bete egiten da»

Gorka Orivek ez du dudarik: orain kutsatu gehienak gazteak badira ere, uste du beste olatu batharrotu dela. «Ez dira olatu guztiak izugarriak izan behar, baina joerak aldatzen direnean eta zenbakiak berriro gorantz doazenean, bai intzidentzian, baita positiboen tasan ere, argi eta garbi esan daiteke beste olatu baten aurrean gaudela». 2020ko martxoan konfinamendua ezarri zenetik bosgarren olatua izango litzateke orain datorren hau. Aurreko olatuekin alderatuta, ordea, desberdina da oraingo hau: ez du ukatzen hori. Aldaketa nagusia da gazteei eragin diela orain, bereziki. «19 eta 21 urte dituzten gazteen artean intzidentzia oso handia da». Haren ustez, oso garrantzitsua izan da olatu hau iritsi denerako adineko pertsona gehienak txertatuta egotea. Baina bada oraindik arriskuan den jendea: «Kontuan eduki behar dugu, adibidez, oraindik 60-69 urte bitartekoen artean hainbatek bigarren dosia jartzeko daukatela eta txertoek ez dutela %100eko babesa ematen. Horrek arazoak sor ditzake».

Oraindik erietxeetan aparteko zamarik igarri ez den arren, izurriak ondorio gaiztoak utz ditzake, Oriveren ustez. «Ez da ona kutsatuen kopurua hazten joatea,nahiz eta gazteak izan kutsatuak, eta gehienek gaixotasuna ez sufritu. Adibidez, egoerak presioa sartzen dio osasun sistemari, batez ere lehen mailako arreta bete egiten delako», ohartarazi du. Horregatik, alor guztietan oraino irmo jarraitu behar dela esan du. «Beharrezkoa da egoera kontrolpean jartzea, arduradunek ezartzen dituzten neurriekin, eta txertatze kanpainaren bitartez».

MIREN BASARAS Mikrobiologia irakaslea EHUn
«Ahaleginak ezin dira txertaketaren inguruan bakarrik ardaztu»

Olatuak zenbatzeko ariketa horrekin ez du bat egiten Miren Basarasek: «Olatu hitza ez zait gustatzen». Izurria hasi zenetik, olatu bakar bat egon dela esplikatu ohi du, eta «uhinak» izan dituela; goraldi horietako bat argia da orain. Hein batean, birusa hesitze aldera harturiko neurrien «lasaitzearekin» lotuta dagoela uste du: etorkizun argitsuago bati buruzko metaforak aiseegi erabili direla iruditzen zaio, eta komeni dela zuhurragoak izatea. «Tunela amaitzen ari dela dioten mezuek ez dute mesederik egiten». Erietxeetan datuak orain hobeak badira ere, birusaren transmisioa geratzea lortu ez denez, oso adi jarraitu behar dela adierazi du.Txertaketari lotutako «baikortasun mezuak» ontzat jo behar direla uste badu ere, salatu du «transmisioa kontrolatzeko neurriak bigarren mailan» utzi direla. «Eta, hain zuzen ere, ahalegin guztiak ezin dira txertaketaren inguruan bakarrik ardaztu».

Arrisku asko ikusten dizkio oraingo egoerari. Hasteko, kasuak ugaritu ahala, lehen mailako osasun artan «presioa» handitu egiten da. Bigarrenez, intzidentzia handiarekin, kasuen jarraipena amaraun korapilatsu batean egin behar da orain, neke aski handiekin, eta ezinean usu: «Trazabilitatea zaildu egiten da». Eta, horiez gain, birusaren aldaera arriskutsuak sortzeko arriskua handitu egiten da: nabarmen. «Transmisioa eta intzidentzia handitu ahala, aukera gehiago ematen zaizkio birusari mutatzeko». Eta, mutazioak pilatuta, orain daudenez gain, aldaera gehiago ager daitezke, auskalo zer tankeratakoak: «Ez dakigu aldaera horiek nolakoak izango diren». Horregatik, oraingoaren gisako egoerak saihestera egin behar dela defendatu du Basarasek: «Ez diogu aukerarik eman behar birusari halakoak gertatzeko». OME, ECDC eta munduko osasun erakunde nagusiak ildo horretan mintzo direla argudiatu du, eta bertako osasun erakundeak ere argiago nahi lituzkeela norabide horretan: «Ez dakit zergatik ez den mezu hori helarazten».Etxeko datuek kezkatu egiten dute: «Europara begira, gu kolore gorrian gaude, gutxitan jaitsi dira datuak hortik. Beste toki batzuetan hobeto ulertu dute izurria».

RAFAEL BENGOA Osasun gaietako aholkularia
«Gero eta birus gehiago ibili, handiagoa da aldaeren arriskua»

Bengoak ere uste du ezinbestekoa dela birusaren aldaeren gaineko ohartarazpenetan sakontzea. Argi du izurriaren oraingo oldartze hau, adibidez, hein handi batean Delta aldaerak ekarritakoa dela: askoz ere azkarrago kutsatzen denez, eta, gainera, babesik gabeko jende topaketak gertatu direnez, bi aldagaiak elkartuta, harrotu egin da izurria: «Horrek ekarri du olatu hau». Horregatik,uste du prebentzio neurriak «zorroztera» egin behar dela, eta argi mintzatzera: «Erietxeak hustuago daudela eta, ezin dira segurtasun faltsuari buruzko mezuak eman». Batetik, orain kutsatzen ari diren gazte zenbaitek—%15 inguru direla esan du— gaitzaren sintoma iraunkorrak izan ditzaketelako: «Eta izan daitezke betiko. Birusaren aurrean zaurtezinak direla uste duten gazte asko, ez dira». Horrez gain, esplikatu du birusa, hain hanpatuta, txertoaren «erresistentziaren» aurrean irauteko ahalegin etengabeetan ari dela. Eta arriskutsua da hori: «Gero eta birus gehiago ibili zirkulazioan, handiagoa da aldaeren arriskua, eta errazagoa da ondorio gaiztoren bat izatea horrek». Horiek horrela, eta birusa mundu guztian nola hedatu den, iragarpen baikorregirik ez du Bengoak: «Luzerako dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.