Araba Garoñarik Gabe plataformak Burgosko (Espainia) zentral nuklearra behin betiko ixteko eskatuko du bihar, Andra Mari Zuriaren plazan, 19:00etan, manifestazio batean. Fukushimako (Japonia) zentral batean jazotako istripu handiaren hirugarren urteurrenaren harira egingo dute protesta, Espainiako Gobernuak Garoñako zentralaren «neurrira» egindako azken legea onartu eta hiru astera. Alberto Frias plataformako eledunak azken asteotan gaiaren inguruan jazotako berri guztiak hartu ditu hizpide.
Gaur-gaurkoz Garoña itxita egon arren zalaparta handia dago horren inguruan, eta Rajoy Espainiako presidenteak asteazkenean esandakoek ez dakit lagundu duten...
Zentralari buruzko erabakiak politikoa izan beharrean teknikoa izan behar duela esatean ez zaio arrazoirik falta. Teknikoa da. Eta, irizpide teknikoen arabera, erabakia argia da. Ezin dute Garoña martxan jarri. Arazoa da CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluari dagokiola erabaki teknikoa hartzea, baina erakunde hori guztiz politikoa da.
Garoña gerarazteko motiboa ekonomikoa izan zela esan zuten, baina «irizpide teknikoak» aipatzean segurtasun irizpideak dituzte hizpide?
Segurtasun irizpideak dira, ezinbestean, mahai gainean jarri behar direnak Garoñaren kasuan. Martxan jarri zutenetik 43 urte igaro dira. Azken urtea geldirik eman du. Horren aurrean bi galdera sortzen dira, ezinbestean.
Zeintzuk?
Lehenik eta behin, zentrala irekitzeko eskatu ahal izateko CSNk aginduko dizkion segurtasun hobekuntzen balio ekonomikoa. Hau da, ze inbertsio egin beharko du Nuclenorrek eskaera soila egiteko? Bestetik, neurri horiek adabakiak izango direla jakinda —erreaktorea ezin baita aldatu— merezi al du? Merezi al du, Fukushiman frogatu zen bezala, segurtasuna bermatuko ez duten neurriak abiaraztea?
Fukushimako ezbeharraren ondorioz eskatutako hobekuntzetarako soilik 150 milioi euroko inbertsioa egin behar zuen Nuclenorrek, ezta?
Inbertsioaren zenbatekoa baino, gehiago egin beharreko lanen garrantzia da kezkagarriena. Are gehiago kontuan hartuta 2009tik ez dutela hobekuntza bakar bat ere egin; CSNko presidente ohiak berak esan zuen hori. Hori bai, aitortu zuen kargua utzi zuen egunean. Ez aurretik.
Berriki esan izan da Nuclenorri pilatu zaizkion segurtasun lan horiek arintzeko lege bat egitea pentsatzen ari dela Espainiako Gobernua...
Pentsa, Garoñako segurtasun egoerari buruz gehien dakiten bi pertsonak kargutik kendu dituztela —Inmaculada Cordoba Garoñako zerbitzuburua eta Alfredo Mozas CSNko inspektore egoiliarra—. Pentsa araudia Garoñaren neurrira aldatzen ari direla inolako eztabaidarik gabe. Gauzak gertatzen ari diren modua ikusita, ezbaian dago Garoñako segurtasuna bermatu beharko dituzten irizpideen zorroztasuna.
Europako Batasunak ez al du nahiko berme ematen?
Ezarri beharreko segurtasun neurriak proposatu zituen, baina estatuei dagokie horiek betetzen direla egiaztatzea, estatuetako segurtasun nuklearreko arduradunei. Hau da, Espainiako kasuan CSNri dagokio lanak egiten dituztela egiaztatzea. Horregatik, Europako Batasunak goi ikuskaritza bat abiarazi dezala eskatzen dugu.
Zentrala ixteko arrazoi teknikoen artean, besteak beste, erabilitako erregaia gordetzeko ur andela aipatu duzue prentsaren aurrean eginiko agerraldian. Zein da horren egoera?
Gaur-gaurkoz, 2012aren bukaeran erreaktoretik atera zituzten hondakinak bertan sartu ondoren, %96an beteta dago. Behin- behineko biltegi banan-banako bat egiteko baimena eskatuko du Nuclenorrek, baina dena ziztu bizian eginez gero ere 2016rako egongo litzateke prest.
Erabilitako erregaia gordetzeko lekurik gabe zentrala martxan jartzeko arriskua dago, beraz?
Atera dituzten azken hondakin horiek berrerabiltzea proposatu dute, behin-behineko irteera gisa. Horren bitartez ur andeletan lekua utziko lukete.
Erabilitako erregaia berrerabiltzea bideragarria al da?
Teknikoki bai, material horren aktibitatea milaka urtez mantentzen delako. Baina segurtasun aldetik arrisku handia ekar dezake. Gainera, iruzur erraldoi bat litzateke hori. Gogorarazi behar da hondakin horiek erreaktoretik 2012an aterata gordetzeagatik ordaindu beharko lituzkeen zergak aurreztu dituela, 100 milioi euro inguru. Diru hori herritarrok jarri dugu, Nuclenorrek jarri beharrean.
Herritarrak ahotan, haiek ezinegona adierazteko bide berri bat abiaraziko duzue bihartik, ezta?
Gure asmoa da kontsumitzaile gisara ahalduntzea. Erabakien bidez adieraz dezatela ez datozela bat Iberdrola eta Endesaren neurriekin —Nuclenor osatzen duten bi enpresak—. Horiekin kontratua dutenek Garoña irekitzen badute, argindar hornitzailea aldatzea proposatuko dugu. Hori egiteko prest dauden pertsonen sinadurak biltzen hasiko gara biharko manifestazioan bertan.
Alberto Frias. Araba Garoñarik Gabeko eleduna
«Ezbaian dago segurtasuna bermatu beharko duten irizpideen zorroztasuna»
Garoñako zentrala irekitzen bada, Endesarekin eta Iberdrolarekin argindar hornikuntza zerbitzuak etetearen alde sinadurak bilduko ditu plataformak; herritarrak «ahalduntzeko» neurri bat dela diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu