Unibertsitatea

«Ezagutzaren alde, jakin-mina pizteko» izango da Uda Ikastaroen 42. ekitaldia

Gizarteak dituen desafioei erantzuteko asmoz, askotariko gaiak izango dituzte hizpide Uda Ikastaroetan: ekonomia sozial eraldatzailea, giza eskubideak, hezkuntza, hizkuntzaren etorkizuna, kultura, artea, gazteen egungo erronkak, bizi kalitatea, iraunkortasuna, digitalizazioa eta adimen artifiziala.

EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreorde Gorka Moreno, BBVA Fundazioaren zuzendariorde Laura Poderoso eta IUda Ikastaroen zuzendari akademiko tziar Alkorta, gaur. EHU
xabier martin
2023ko apirilaren 20a
12:42
Entzun

Uda Ikastaroen zuzendari akademiko Itziar Alkortak, EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreorde Gorka Morenok eta BBVA fundazioaren zuzendariorde Laura Poderosok Uda Ikastaroen 42. ekitaldia aurkeztu dute, Bilbon. «Ezagutzaren alde jakin-mina piztu asmoz» dator aurtegoa. Gizarteko arlo guztietako eragileen «topagune» dira Uda Ikastaroak, azaldu dutenez, eta gazteentzat propio antolaturiko ikastaro andana izango da, «prezio eskaintza bereziarekin».

Alkortak eta Morenok esplikatu dute «gizarteak dituen desafioei erantzun asmoz askotariko gaiak» izango direla hizpide: ekonomia sozial eraldatzailea, giza eskubideak, hezkuntza, hizkuntzaren etorkizuna, kultura, artea, gazteen egungo erronkak, bizi kalitatea, iraunkortasuna, digitalizazioa eta adimen artifiziala. «Ezagutzaren zabalkundean eredu parte hartzailea eta esperientziala oinarri duten geroz eta ikastaro gehiago egongo dira».

Guztira,152 ikastaro antolatu dituzte. Aurrez aurreko ikastaro gehienak Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo dira, eta aurten ere «presentzia» izango du ekitaldiak «Nafarroan eta Akitania Berrian». Aurrez aurreko ikastaro gehienetan online zuzenean ere parte hartzeko aukera izango da eta. Edonola ere, askotariko gaiak izango dira hizpide ikastaroetan, akademikoekin, zientzialariekin, enpresariekin, langile profesionalekin, administrazioko ordezkariekin eta abarrekin.

Ekonomia sozial eraldatzailea

2023an, Gizarte Ekonomiaren Hiriburu izango da Donostia, eta, horri loturik, Ekonomia sozial eraldatzailea oinarri izango duen ikastaro eskaintza prestatu dute. «Pertsonak erdigunean jarriko dituen eta haien garapen profesionala eta ongizatea bultzatuko dituen eredu ekonomikoak aurkeztuko dira», arduradunek esan dutenez. Besteak beste, kontabilitate soziala, langileen partaidetza duten enpresei buruzko esperientziak eta kultura berrirako gakoak aztertuko dira.

Gazteak hizpide
Aurten, arreta berezia jarriko dute gazteengan. «Itsasoan murgildu ahal izango dute Saltillo eskola-ontzian zenbait egunetako zeharkaldia eginez ozeanoaren iraunkortasunaz eta nabigazioaz aritzeko»; surfaren onurei buruz nahiz futbolak gizartearen eraldaketa tresna gisa duen garrantziaz ere aritu ahalko dira, baita sexologiari eta musikak gizartean duen eraginari buruz ere. 25 urte arteko gazteek erraztasunak izango dituzte izena ematerakoan, maiatzaren 31 baino lehen matrikulatuz gero.

Giza eskubideak ortzi mugan
2022ko Uda Ikastaroetan Ukraniako gerra izan zen hizpide, «eta oraindik gerraren gordintasuna nozitzen da», gogoratu dute aurkezpen ekitaldian. Bada, giza eskubideen urraketak «lehen lerroan» izango dira 2023ko ekitaldian ere. «Europako Batasunaren egungo erronkei eta mendebaldeko demokraziek bizi duten garaiari buruz Eurobasque Euskopako Mugimenduaren Euskal Kontseiluak, Europar Batasuneko Auzitegi Nagusiko legelariek eta Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuak zuzenduriko hiru ikastaro izango dira».

Horiez gain, emakumeen aurkako indarkeria, etxebizitza eskubidea, desgaitasuna duten pertsonen bizi mugak, terrorismoaren legitimazioa, gizarte inklusiorako bideak eta beste gai batzuen eskaintza zabala ere izango dira.

Hezkuntzaren eta hizkuntzaren etorkizuna
Hezkuntzaren etorkizuna eta prestakuntza helburu duten hainbat ikastaro izango dira: garapen iraunkorrerako hezkuntzaren eta kulturaren garapena, programazio didaktiko praktikoa lehen hezkuntzan, eta eskoletan antzerkia lantzeko tresnak, besteak beste.
Hezkuntzaren barruan, «hizkuntzen etorkizunak duen garrantzia» azpimarratuko du ekitaldiak: haur elebidunen hizkuntza garapena, hizkuntza gutxituak globalizazioaren garaian…

Bizi kalitatea oinarri
Pandemiaren okerrenak agerian utzi du bizi kalitatearen garrantzia, Uda Ikastaroen antolatzaileen ustez; baita hau ere: «lehentasunak berrikusteko beharra, eta pauso bat aurrera egin eta erantzukizunez gure osasunarekiko eta zaintzarekiko kontzientzia aldaketa bat beharrezkoa» dela. Horregatik, zaintzarako alternatiba egokienak hautatu ahal izateko dauden aukerei buruz hitz egingo dute ikastaroetan. Bizi kalitatea oinarri izenburupean egingo dituzte elikadurari, osasun mentalari, zahartzaroari eta beste gai batzuei buruzko saioak.

Kultura eta artea
Era berean, euskal artisten obra izango dute hizpide; esaterako, Benito Barrueta, Eduardo Txiillida, Anjel Lertxundi eta Ruper Ordorikarena, eta arte diziplinei buruz ariko dira: musika, zinema, literatura, antzerkia... Bereziki, Igor Yebra eta Lucia Lakarrak, eta Jon Maiak eskainiko dituzten ikastaroak nabarmendu dituzte.

Euskaraz idatzitako testu zaharrenaren aurkikuntzak ere isla izango du: Irulegiko Eskuari buruzko ikastaro bat antolatu dute. «Eskuaren sekretuak ezagutzeko eta aditu baten laguntzarekin indusketa bisitatzeko aukera izango da».

Iraunkortasuna
Iraunkortasunari hainbat ertzetatik helduko diote Uda Ikastaroetan. Garapen Iraunkorrerako 2030erako Agenda «lehen lerrora» ekarriko dute: «Nazioartean izaten ari diren esperientziak alderatuko ditugu, eta krisi energetiko eta klimatikoari aurre egiteko trantsizioaz eta herritarren aktibazioaz aritzeko hezkuntza eskola izango dugu».

Atal horren barruan, digitalizazioak eta adimen artifizialak berezko lekua izango dute. «Gizartearen arlo guztietan lehiakortasunaren eragile nagusietako bat da. Testuinguru horretan, adimen artifiziala gero eta interes handiagoa duen eztabaidagai bihurtu da, eta, adituen laguntzaz, horretan sakontzeko aukera izango dugu, sortu diren azken polemikak jorratuz».

Uda Ikastaroen 2023ko matrikulazioaren epea apirilaren 20an hasiko da, ikastaro bakoitza hasi arte. Izena emateko, www.uik.eus atari elektronikora jo behar da, eta hantxe bertan aurkitu ahalko da ikastaroei buruzko informazio guztia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.