Batzuek diotenez, judizialki eta epai irmo baten bidez gertakariak frogatu ditzakeen pertsona da torturatua». Paco Etxeberria auzi medikuarenak dira hitzak; «irain bat», haren ustez. Edonola, baieztapen horri aurre egin behar izaten diote torturaren egitatea frogatu eta ikertzeko lanean dihardutenek. Horietako hiru dira Etxeberria bera, Lorea Bilbao TAT Torturaren Aurkako Taldeko abokatua eta Jorge del Cura CPDT Torturaren Prebentzio eta Salaketarako Koordinakundeko eleduna. Haien jarduna azaleratu eta torturari aurre egiteko neurriak aztertu zituzten atzo Iruñean, 04/2014 auzian epaituak izango diren bost herritarrek sustatutako Aztnugal kanpainaren barruan. Iker Moreno auzipetuak aurkeztu zuen saioa, eta «gatazkaren kontakizun poligonalean torturak bere lekua izatea» eskatu zuen.
Kontakizun horri ekarpena egin nahian, 1960tik gaur egun arte Euskal Herrian izandako tortura kasuak ikertzen dihardu Etxeberriak zuzendutako talde batek, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz. Orain arte, 5.000 tortura kasuren berri jaso dute, eta horietako 45 ikertu dituzte sakonean. Ekainerako, edonola, beste berrehun ikertzeko asmoa azaldu zuen atzo Etxeberriak.
«Frogekin beti arazoak» izaten direla kontuan hartuta, frogak jasotzea da, hain justu, Etxeberriak zuzendutako taldearen zeregina. Froga dokumentalak, testigantzak eta peritu frogak biltzen ari dira horretarako; besteak beste, tortura marken argazkiak, Eva Foresten artxiboak, auzi medikuen txostenak edota zintetan grabatutako testigantzak.
Edonola, tortura frogatzeko lana «oso zaila» dela adierazi zuen auzi medikuak, eta, horren aurrean, torturatuen testigantzetan jarri zuen balioa: «Beti egonen da sinistu nahi ez duen jendea, baina dakiguna da 5.000 pertsonak eskua altxatu eta 'ni torturatua izan naiz' esan dutela». Era berean, pertsona horien egia, justizia eta erreparaziorako eskubideak aldarrikatu zituen Etxeberriak. Hain zuzen ere, egia jakiteko bidean kokatu zuen bere taldearen lana: «Informazioa jasotzea dagokigu, egiari ekarpena egiteko». Azkenik, aurrerantzean ikerketa EAEtik Nafarroara zabaltzeko asmoa azaldu zuen, eta egitasmoaren garrantzia nabarmendu zuen: «Ziurrenik lehen aldia da halako informazioa instituzioen esku uzten dela. Ez dakigu zer pasatuko den gero, baina hortik behera ez da jaitsiko».
Torturaren kategorian zein kasu sartzen diren erabakitzea izaten da zailtasun handienetako bat. CPDT Torturaren Prebentziorako eta Salaketarako Koordinakundeak «ez du bereizketarik egiten» tratu txar eta torturen artean, Jorge del Cura eledunak atzo esan zuenez:«Zaplazteko bat tortura da, eta hiru egunez pertsona bati lo egiten ez uztea tortura da».
Del Curaren ustez, gizarte zibilari dagokio auziari aurre egitea, «estatuak ez baitio amaierarik emango». Horren harira, Espainian auzia konpontzeko «borondate politikorik ez» dela salatu zuen, eta nabarmendu Madrilek torturaren prebentzio eta ikerketarako nazioarteko gomendioak urratzen dituela: «Espainiak hitzarmen eta protokolo guztiak sinatzen ditu, baina ez ditu gomendioak betetzen».
Jarrera horrek, edonola, zigorrak ere ekarri dizkio Espainiako Estatuari. Lorea Bilbaok azaldu zuenez, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak bederatzi aldiz zigortu du estatua, baina horietako bakar batean —Mikel Iribarren kasuan— epaitu da tortura praktika bera. Gainerakoetan, salaketak ez ikertzea izan da zigortutakoa. Abokatuak azaldu zuenez, azken epaietan torturaren prebentziorako gomendioak bete ez izana aurpegiratu dio Estrasburgok Madrili. Horren harira, eta ikerketa faltaz mintzo diren «nahikoa txosten» dagoela iritzita, Estrasbugoren adierazpen «irmoa» espero du Bilbaok, «Espainiak hitzarmenak sistematikoki urratzen dituela esateko».
TATeko kideak, gainera, aurki izango den epaiketa baten berri eman zuen: azaldu zuenez, lau guardia zibil epaituko dituzte aurten, 2010ean Ekinen aurka egindako operazioan Sandra Barrenetxea torturatu izana leporatuta. Abokatuak «lorpen handitzat» jo zuen epaiketa.
Torturaren aurkako eguna
Orain 35 urte hil zen, atzoko egunez, Joxe Arregi, torturak eragindako zaurien ondorioz. Ordutik, torturaren aurkako eguna izaten da Euskal Herrian otsailaren 13a. Efemeridearen harira, hainbat mobilizazio izan ziren atzo udalerri askotan. Sortuk «legedi antiterrorista eta inkomunikazioa amaitzeko beharra» azaleratu zuen. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, bestalde, hiru elkarretaratze egin zituen: Tolosan, Gasteizen eta Bilbon.
Ezabatu nahi ez den gaitz hori
Torturari aurre egiteko neurriak aztertu dituzte Iruñean, solasaldi batean. Auzia konpontzeko Espainiak duen ardura eta borondate falta salatu dute partaideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu