Ez zuen argi gorririk ikusi

Barcinak CANen ikerketa batzordean azaldu du erabaki nagusiak hartu ziren garaian ez zuela ardurarik. Caixabank «portu ona» dela iritzi dio: «Akaso, arduradunak txalotu behar genituzke»

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakari ohia, atzo, CANen ikerketa batzordean, azalpenak ematen. VILLAR LOPEZ / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Ia lau urteren ostean, parlamentura itzuli da. CAN Nafarroako Kutxaren ikerketa batzordean izan zen atzo Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakari ohia. Aurrezki kutxan ikusi zuenaz galdetzea zuten helburu parlamentariek. Alta, boxeolarien tankeran, galdetzailea bere onetik ateratzeko taktikak erabili zituen Barcinak, itaun bakoitzean trabatuz, izkin eginez, eztabaida bilatuz, galderen asmoak interpretatuz eta, funtsean, batzordearen beraren helburua auzitan jarriz. «Kalean galdetu didate ea zertara nentorren hona, ea parlamentua ez al dagoen herritarren arazoak konpontzeko». Arreta desbideratzen saiatzeaz gain, erantzukizun oro saihestu zuen Barcinak: 2004tik 2010era, CANeko kontrol batzordeko presidente gisa, ez zuen argi gorririk ikusi; 2010etik 2012ra, ez zuen erabakirik hartu. «Ez zen nire eskumena; ez nuen ardurarik».

Kazetarien artean, ikusmina piztu zuen agerraldiak, eta oso presente izan zuen hori Barcinak. Adibidez, finantza datuak aztertzeko gaitasunaz galdetuta, baiezkoa eman zuen. «Alkate edo gobernuko presidente gisa neure burua gai ikusten nuen bezala. Orain politikatik kanpo nago, eta harritzen nau nolatan parlamentu batek duela hamabost urte gertatutako zerbait aztertu nahi duen». Era berean, «ulertezina» deritzo iragana ikertzeari: «Ez dut irudikatzen unibertsitateko errektore bat duela hamar urteko errektore batek egindakoa aztertzen».Une batean, aipatu zuen ere «iragan mendeko kontuak» interesgarri ez direla.

KONTROL BATZORDEA

Hain zuzen, iragan mendean sartu zen Yolanda Barcina aurrezki kutxan, 1999an zehazki. Iruñeko alkate gisa CANen eta udal kutxaren fusioa izenpetu zuen. Erakunde haren egituraren barruan, Enrique Goñi CANeko arduradun nagusi izateko erabakietan aldeko botoa eman zuen, eta, horri buruz galdetuta, Barcinak ahanzturaren botoia sakatu zuen: «Ez dut gogoan. Aktek esango dute han izan nintzen». Argi utzi nahi izan zuen,erabakiak «aho batez» hartu zituztela, modu bateratuan.

2004an, CANek gobernu eredu berria ezarri zuen. Bertan, aulki kopurua nabarmen handitzeaz gain, diru sariak laukoiztu egin ziren. Igoera horren alde bozkatu bazuen ere, ez zela bere erabakia aipatu zuen: «Mahai gainera ekarri diguten proposamen orori baiezkoa eman diot».

Egitura aldaketa horretan sortu zen kontrol batzordea, eta CANen kudeaketa gainbegiratzea zegokion. Bertako presidente gisa, nola funtzionatzen zuen azaldu zuen: «Aholkularitza juridikoaren eta barne zein kanpo ikuskaritzaren txostenak jasotzen genituen, eta haiek argi gorriak pizten dituztenean, orduan dagokigu erabakiak hartzea». Alta, haren ustez,«inoiz ez zen alarmarik piztu». Erabakiren batek inoiz kezkatuta utzi al zuen galdetuta, CANeko ardura postua kargu publikoekin nahastu nahi izan zuen: «Hainbeste arazo izan ditut nire jarduera publikoan... Gauza onekin geratzen ahalegintzen naiz».

NAVARRA BUILDING

Finantza krisia piztu zenean, CANek, beste neurrien artean, eraikin nagusiak saldu zituen eta alokairuan hartu. Operazio hori errenta handiko bezeroei eskaini zien, finantza produktu bidez. Haietako bat zen Navarra Building, eta han inbertitu zuen Yolanda Barcinak. CANeko goi kargudun gisa, lehen eskuko informazioaz baliatu al zen galdetu zion Geroa Baiko Koldo Martinezek. Berehala, kontraerasora jo zuen Barcinak, eta auzitegiek arrazoi eman ziotela zehaztu. «Interes gatazkarik ez zela izan ebatzi zuten. Hori leporatzen badidazu, nire izen ona zikintzen ari zara. Ez nazazu epaitu, ez esan kalumniarik».

EH Bilduko Arantza Izurdiagak gogorarazi zion Espainiako Bankuak auzitan jarri zuela negozio hori. Hain ohar larriaren aurrean kontrol batzordeak zer egin zuen galdetuta, Barcinak erantzun zuen Goñiren azalpenak entzun eta ikuskatzaileari datuak eskatu zizkiotela. Ez zuen argi utzi, ordea, ikuskaritzaren azterketa noiz jaso zuten eta egiazki, soilik, Goñiren azalpenekin konformatu ziren.

BANCA CIVICA

Banca Civica proiektua hasi zenean, Barcinak kontrol batzordea utzi zuen, eta Erakunde Sortzaileen Batzordeko kide egin zen: aholkuak ematera mugatzen zen organoa, baina kideek diru sari oparoak jaso zituzten. Batzorde horrek «erabaki loteslerik» ez zuela eta Banca Civicako neurriekin zerikusirik ez zuela izan erantzun zuen. Martinezek etengabe itaundu zuen Cajasolen arrisku larriaz, baina Barcinak eskuak garbitu zituen: «Ez zen nire ardura».

Haren ustez, Caixabank «portu ona» izan zen aurrezki kutxarentzat. «Akaso, txalotu egin behar genituzke arduradunak». Gogora ekarri zuenez, «tsunami ekonomiko izugarri batek» jo zuen finantza sistema, baina kutxaren kasuan «ez zen hildakorik edo zauriturik izan, bezeroek ez baitzuten galdu. Horregatik ez dut ulertzen orain hondartza nola geratu den eztabaidatu nahi izatea». Haren ustez, CANen galera «mingarria» gerta daiteke, baina ekonomikoki ez da hain garrantzitsua.

Urte horietan jasotako sarien etika auzitan jartzean, EH Bilduri erantzun zion «ETAren xantaiak» ez dituela hainbeste kezkatu. Galderei erantzuteko eskatuta, onartu zuen hainbat bileratan azalpen gutxi jaso zituztela. Ez zuen argitu nork erabaki zuen egun berean bilera bikoitzak eta hirukoitzak egitea, diru sariak kobratuz. Izurdiagak gogorarazi zion kutxaren barruan askok ez zutela bileren berri: «Egoitza nagusian egiten genituen, egun argitan. Ez batzoki batean, gauez. Ogasunari ordaintzen genion, eta auzia epaituta dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.