Periko Solabarria

Ez zen zerbitzatua izatera etorri

Ezker abertzaleko militante historikoa eta injustizia guztien aurkako militante nekaezina atzo zendu zen, 85 urte zituela. Haren itzalak esparru politiko jakin baten mugak gainditzen ditu: askoren ustez, «ikur» bilakatu da.

Periko Solabarria, iazko apirilean, Bilbon, Cabacas auziko manifestazio batean. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Zapatak behartsuei eman zizkielako oinutsik ibiltzen zen apaiz xumea. Gerora goi mailako politikari bihurtu ziren asko frankismoaren garaian bere etxean gordetzen zituen konspiratzaile nekaezina. 1980ko hamarkadaren hasieran Euskal Herrian kargu politiko gehien zituen pertsona izanagatik —Espainiako parlamentari, Gasteizko legebiltzarkide, Bizkaiko batzarkide eta Barakaldoko zinegotzi izateko aukeratu zuten, zinegotzi baino aritu ez bazen ere—, eraikuntzan lan egiten zuen behargina. Kaleratzeen kontrako mobilizazioetan hutsik egiten ez zuen agure maitagarria. Haiek guztiak, eta gehiago, izan zen Periko Solabarria Bilbao (Portugalete, 1930 - Bilbo, 2015). Atzo hil zen, 85 urte zituela.

Joan den igandean, Barakaldoko San Eloy ospitalera eraman behar izan zuten, pneumoniak jota. Handik Bilboko Santa Marina erietxera bidali zuten. Han egon da atzora arte. Herenegun, gogotsu ibili zen; bisita batzuk izan zituen, eta prentsa ere eskatu zuen, munduan zer gertatzen zen jakin nahi zuelako. Arrats partean,baina, makalaldi bat izan zuen, eta atzo goizean hil zen Solabarria, hamaikak aldera.

Barakaldon lagun talde batek sarea antolatua zuen Solabarriari eguneroko bizimodurako sostengua emateko. Sare horretako kide zen Ildefonso Montero herrikidea: «Sarri aipatu genion gizartelaguntzaile bat hartzeko aukera, baina hark uko egiten zion horri. 'Ni ez nago hemen zerbitzatua izateko', esan ohi zuen».

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak dioenez, Solabarriaren jarrera horrek kezkatuakzituen auzokide, lagun eta burkideak: «Besteei emana bizi zen, eta bere buruaz ez zen batere arduratzen. Otorduak-eta ez zituen batere zaintzen. Seguru asko, horrek urte batzuk lapurtu dizkio, baina bere hautua izan da. Horrela bizitzea aukeratu zuen, eta horri eutsi dio bukaera arte».

Apaiz langilea

Apaiz langileen mugimenduko aitzindaria izan zen Solabarria frankismoaren garaian. Barakaldoko Bagatza auzoan zuen sotoa frankismoaren kontrako borrokan aritzen ziren guztientzako aterpe eta batzarleku izan zen. Horrek espetxera eraman zuen lehenengo aldiz, Zamoran (Espainia), 1969an.

Ez zen azkeneko aldia izango. Franco hildakoan, ezker abertzalearen ikur bilakatu zen Solabarria, Euskadiko Ezkerran lehen eta Herri Batasunean geroago. HBko Mahai Nazionaleko kide izan zen, eta langile borrokari fermuki atxikia jarraitu zuen: eraikuntza sektoreko greba antolatzeaz akusatuta beste bolada bat eman zuen Basauriko kartzelan, trantsizioaren garaian.

Casanovaren ustez, bi aro egon dira Solabarriaren proiekzio publikoan: «Lehenago ere mito baten modukoa zen, baina frankismoaren garaiko klandestinitatea amaitu zenean, Solabarriak bereganatu egin zuen erresistentziaren mitologia hori guztia, eta ikono bilakatu zen». EH Bildukoaren iritzian, garai horretako unerik gorena Arrondegiko zubian (Bizkaia) lanean hasi zenean iritsi zen: jende askori ulergaitza egiten zitzaion hain ardura politiko garrantzitsuak zituen pertsonak behargin lanari eustea.

Orduan ezagutu zuen Casanovak hura, hamalau urte zituela, Europako Legebiltzarrerako 1987ko hauteskundeetako mitin batean. «Beharbada, poliziaren bat egongo da hor, esaten duguna idazten. Tinta agortzen bazaio, hemen du nire boligrafoa», esan zuen Solabarriak mitin hartan.

Denboraren poderioz, lehenlerroko ardura politikoak utzi egin zituen. Ez, ordea, behartsuenen alde paratzeko grina. Beti izan zituen lotura estuak Barakaldoko Langabeen Batzarrarekin eta Berri Otxoak pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako plataformarekin, baina lotura haiek indartu egin zituen 2008tik aurrera, krisi ekonomikoa gogor kolpatzen hasi zenean.

Hor hasi zen, Casanovaren ustez, Solabarriaren bigarren aroa, irudi publikoari dagokionez: «Periko beti izan da ezker abertzalearen ikonoa, baina azken urteotako militantzia nekaezinak eman dio beste dimentsio bat, irekiagoa. Nik esango nuke bigarren mitifikazio prozesu bat izan duela, eta aukera politiko zehatz baten gainetik bilakatu dela borroka eta zapaldu guztien ikur. Ikusi besterik ez dago nola leku guztietatik iristen ari diren dolumin mezuak. Dagoeneko, Periko herriaren ikur bihurtu da».

Bere bizitzaren azken urteetan ere jazarpena pairatu behar izan zuen Solabarriak. Espainiako Auzitegi Nazionalak «terrorismoa goratzea» leporatu zion , Ernaiko zenbait kiderekin eta Topatu.info agerkariko kazetari batekin batera, 2013an Gazte Danbada jaialdian parte hartzeagatik. Azkenean, epaiketatik kanpo gelditu zen, osasun arrazoiak zirela eta. «Periko epaiketaren harira ezagutu nuen, batez ere. Izaera gazte, aktibo eta managaitzeko pertsona zen, oso gertukoa», dio Garazi Mugertza auzipetuak. «Adinean oso sartuta zegoen ezagutu genuenean, eta, hala ere, oso espiritu gazte eta borrokalaria zuen. Amesten jarraitu behar genuela esaten zigun. Oso aberasgarria izan da militante politiko gisa harekin izan genuen harremana».

Tasio Erkizia HBko mahaikide izanak askoz lehenago ezagutu zuen, Etxebarriko (Bizkaia) Bandas lantegiko greba entzutetsua piztu zenean, 1967an. Barakaldoko soto ospetsu hartan egiten zituzten bilerak grebalariek, Erkizia bera tarteko. «Han ez zegoen oherik, maindire eta manta huts bat baino ez. 'Periko, zuk non egiten duzu lo?', galdetu nion. Eta esan zidan zoruan egiten zuela, koltxoia behar handiagoa zuen kide bati eman ziolako, baina lasai egoteko, beste bateskuratuko zuela». «Eredugarria», «eskuzabala» eta antzeko berbak erabiltzen ditu hura definitzeko. «Beretzat ez zuen inoiz ondasunik edo denborarik hartu. Beti besteen alde eta gizartea aldatzearen alde aritu da».

Solabarria «injustizia guztien zigorra» ere izan dela nabarmendu du Erkiziak: «Berdin zion zer injustizia mota zen, politikoa, soziala edo generokoa. Zerbait injustua ikusten zuenean, han zegoen». Erkizia izan da Solabarria bisitatzen azkenetakoa: asteartean harekin egon zen ospitalean.

Eragile ugarik adierazi dute atsekabea heriotzagatik. Sortuk, Alternatibak eta Independentistak sareak prentsa oharrak plazaratu dituzte. Berdin egin dute LABek —sortzaileetako bat izan zen Solabarria-, ELAk eta CNTk ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.