«Ez zaude bakarrik; milaka gara»

Euskal Herriko Torturatuen Sareak torturak pairatutakoen errolda osatu nahi du, aitortza eskuratzeko mekanismoak martxan jartzeko. Horretarako, inkesta bat banatu dute.

Inkesta banatzeko erabili duten karpetetako bat. MAILEN ANDRES / FOKU
Inkesta banatzeko erabili dituzten karpetetako bat. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko otsailaren 15a
16:45
Entzun

Kriminologiaren Euskal Institutuak Eusko Jaurlaritzarentzat egin zuen ikerketaren inguruko dokumentalari Karpeta urdinak izena jarri zion Ander Iriarte zinemagileak, kolore hura baitute erakundeak torturaren biktima bakoitzaren inguruan egindako txostena gordetzen duten karpetek. Orain, Euskal Herriko Torturatuen Sareak kolore bereko paper zorroa baliatu du torturatuei inkesta bat helarazteko, haien errolda egiteko xedez. «Karpeta hau eskuan baduzu, zuk ere, beste milaka euskal herritarrok bezala, tortura pairatu duzu. Ez zaude bakarrik, milaka gara, eta, hasteko, besarkadarik beroena helarazi nahi dizugu».

«Errolda ahalik eta osatuena» egin nahi dute, isilean dagoena azaleratu, eta aitortzarako bidean zer urrats egin daitezkeen aztertu. Izan ere, gogoratu dute gaur egun badirela mekanismoak aitortzan eta erreparazioan aurrera egiteko, eta horiek baliatu nahi dituzte. Batetik, Kriminologiaren Euskal Institutuaren ikerketa aipatu dute. Erakunde hark hiru ikerketa nagusi egin ditu orain arte: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tortura kasuen gainekoa —2017an argitaratua—; Nafarroan 1960tik 1978ra bitarte gertatutako kasuen ingurukoa —2019an argitaratua—; eta Nafarroakoaren bigarren zatia, 1979tik aurrerakoa —2023an argitaratua—. Halere, kasuak aztertzen jarraitu du gerora ere, eta gutxienez 5.379 erregistratu ditu dagoeneko.

Bestetik, EAEko 12/2016 legea eta Nafarroako 16/2019 foru legea izan dituzte hizpide. Motibazio politikoko biktimei aitortza eta erreparazioa emateko eratutako legeak dira, eta balorazio batzorde bana lanean ari da aurkeztutako eskaerak aztertzen; denera, 279 biktima aitortu dituzte, eta haien artean dira ehun torturatu baino gehiago.

Hain zuzen, inkestako galderen artean dago ea horietakoren batean parte hartu ote duten, eta erantzuna ezezkoa bada, ea prest egongo liratekeen parte hartzeko. «Ikerketa osatzen lagundu eta legeetan uholdea sortzea lortu nahi dugu, bide hori urratu nahi duten kideak lagunduz, eta gaiari dimentsio publikoa emanez», azaldu dute. Izan ere, prozesuak indibidualak diren arren, sareko kideek uste dute aitortza ofizialen baturak «balio handiko erradiografia» bat eman dezakeela azken hirurogei urteetan jazotakoaren inguruan.

Iraganeko mamuak

Sareak biktimei eskatutako ariketa ez da «samurra», aitortu dutenez: kolpeak, ukapen edo gabeziak, norbera indargabetzea, tortura sexuala, mehatxuak eta abar oroitzea dakar. Baita horiek eragindako ondorio fisiko eta psikologikoak gogoratzea ere. «Badakigu prozesu hori zabalduz gero iraganeko mamuak berpiztu daitezkeela, zauriak berriro irekitzen ahal zaizkigula».

Horregatik, elkar zaintzearen garrantzian egin dute azpimarra: «Kanpotik begiratuta lotura hori antzematen ez bada ere, sufrimenduaren hariak lotzen gaitu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.