Brian Currini zaila egiten zaio ulertzea Espainiako Gobernuaren jarrera —argi dauka Frantziakoak Espainiak hartutako bideari jarraituko diola—. Ez du ulertzen ETAk armak utzita PPren gobernuak uko egitea erakunde armatuarekin desarmeari, presoei eta gatazkaren gainerako ondorioei buruz hitz egiteari. Azaldu duenez, esaten da halako negoziazioak isilean egiten direla, eta, beraz, pentsatu nahi du ETA eta gobernua hizketan ari direla. «Guk ezer ez jakitea izan daiteke hori gertatzen ari den froga». Aieteko Adierazpena kokatzeko atzo goizean egindako mahai inguruanegin zituen hitzok, baina esan arren, ez zuen hori sinesten duela erakusteko seinalerik eman.
Hala ere, itxaropena baduela esan, eta mezu argi bat eman zuen: «Ez zaitezte Espainiako eta Frantziako gobernuak noiz mugituko zain egon». Hori gertatu gabe ere egiteko asko dagoela dio, eta ekiteko deia egin du. Gizarteak aktibo izan behar duela uste du: «Adoretu zaitezte, lan egin ezazue, eta iritsiko da une bat Espainiako eta Frantziako gobernuek trenera igo beste erremediorik izango ez dutena». Argi dauka gizarteak lanean jarraitzen badu bi estatuek derrigorrean parte hartuko beharko dutela.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearekin, Paul Rios Lokarriko koordinatzailearekin, Kotte Ezenarro Departamenduko Kontseilu Nagusiko presidenteordea eta Jean-Rene Etxegarai Baionako alkateordearekin batera hartu zuen parte mahai inguruan Currinek. Etxegaraik azpimarratu zuen borroka armatuaren azpian dagoen arazoa arazo politikoa dela eta konponbideak ere politikoa izan behar duela, beraien egitekoa dela, politikariena, eta bera bere alea jartzeko prest dagoela, eta horretan ari dela.
Baionako Bake Foroa
«Ez zaitezte gobernuak noiz mugituko zain egon»
Jean-Rene Etxegaraik esan du barreneko arazoa politikoa dela eta konponbideak ere hala behar duela izan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu