Arnaldo Otegik, ezker abertzaleko bozeramaile ohiak, lau urte daramatza Logroñoko kartzelan (Espainia), ustez ETAren agindupean Batasuna berrantolatzeagatik. Joan den astean bisitatu zuen Andrej Hunkok, eta harekin hitz egin du BERRIAk.
Orain arte, ukatu egin zaie baimena parlamentari eta kazetariei. Nola lortu duzu Otegi bisitatzea?
2012ko udan eskatu nuen baimena Arnaldo Otegi eta Ines del Rio bisitatzeko. Europako Kontseiluko kide ere banaiz, eta gehiago jakin nahi nuen Otegiren kasuaz eta garai hartan Europako Giza Eskubideen Auzitegian eztabaidagai zen Parot doktrinari buruz. Madrilgo gobernuak eta kartzelako zuzendariek eskaerak saihestu zituzten, eta ez nuen emaitzarik lortu.
Beti bezala, orduan. Azkenean, ordea, nola lortu duzu?
Kexa bat bidali nion Espainiak Berlinen duen enbaxadoreari, esanez inoiz ez nuela halako jokabiderik ezagutu bisitak egiteko, ezta Turkiako eta Kazakhstango kartzeletan ere. Horrela lortu nuen baimena 2013ko maiatzean joateko, baina lan asko nuen, eta ezin izan nuen. Baimen horrek indarrean jarraitzen ote zuen galdetu genuen gero. Baietz erantzun zidaten kartzelatik, eta hegaldi bat erreserbatu nuen. Hurrengo egunean, ordea, bat-batean, ezezkoa jaso nuen. Enbaxadoreari deitu nion, eta egoera deserosoa zen harentzat. Ez zidan ezer agindu, baina handik gutxira iritsi zen baimena. Agian, ni Europako Kontseiluko kidea eta alemaniarra izatea izan da Espainiak iritziz aldatzeko arrazoia baimena lortzeko. Izan ere, Espainiak irudi txarra du Europako Kontseiluan, tortura salaketak, egunkarien itxierak… tarteko.
Sei urtera zigortu zuten Otegi etakide izatea egotzita, eta terroristatzat dute Espainian. Zergatik bisitatu zenuen?
Ezker abertzalean bake prozesua bultzatu zuten kideetakotzat dute. Hark lortu zuen ETAk su-etena ematea eta orain dela bi urte borroka armatua behin betiko uztea. Nazioarteko bitartekariek eta bake saridunek ere onartu dute lan hori. Gatazka armatuak konpontzeko esperientziek erakutsi dute ezin dela terrorismo kategoria maila bakarrekotzat hartu.
Auzitegi Nazionalarentzat, ETAko buruetako bat izan zen, eta orain kide arrunta bihurtu da, baina Auzitegi Konstituzionala ez dago ziur horretaz ere. Han, onartu egin dute Otegiren helegitea. Zergatik dago oraindik kartzelan?
Orain arteko zigorrak zalantzazkoak izan dira. Argi dagoena da lortu duela borroka armatua amaitzea. Horretarako, ETArekin harremanetan jarri behar zuen nolabait. Baina halako lege antiterroristekin, terrorista gisa zigortzen zaituzte harremanak izateagatik soilik. Ez baitira zigortzen eginkizun konkretuak. Otegik esaten du bera zigortu zuen estatu espainiarrak ez daukala inongo interesik indarkeria bukatzeko. Pentsatzen du Auzitegi Konstituzionalak absolbitu egingo duela, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez zuelako bertan behera utzi epai hori.
Sortu alderdia legeztatu zuen Auzitegi Konstituzionalak, eta Otegi aukeratu dute idazkari nagusi kargurako. Seinale bat da?
Kasu horretan ere aurreikusten zen bertan behera utziko zutela debekua Estrasburgon. Desiragarria litzake bide baketsu eta demokratiko bat garatzea, non debekuak ez diren oztopo izango. Hori da Sorturen oinarria.
Zeri buruz hitz egin duzu Otegirekin?
Lehenago esan nahi dut kartzela asko bisitatu ditudala, eta Turkian eta Kazakhstanen ere ez zait inoiz halako egoerarik egokitu. Ezin izan nuen Otegirekin aurrez aurre hitz egin, ezta eskua luzatu ere. Kristal lodi baten atzetik eta telefonoz hitz egin behar izan genuen. Ezin nuen eraman paperik eta boligraforik ere. Hitz egin genuen bere egoerari buruz eta bake prozesuaz. Otegik jakin nahi zuen nola doazen Alemanian gobernua osatzeko negoziazioak, zein leku duen Die Linke alderdiak, euro krisiari buruz… Oso ondo informatuta dago, eta asko irakurtzen du.
Nola ikusten du bake prozesua? Aieteko bake konferentziatik bi urtera, Espainiak eta Frantziak oraindik ez dute hitz egin nahi ETArekin desarmatzeari buruz.
Otegik hori kritikatzen du, baina argi eta garbi uzten du bide honek ez daukala atzera bueltarik. Espainiak amore eman beharko du. Horregatik da oso garrantzitsua nazioarteko presioa, eta horretarako oso baliagarriak dira bisitaldi hauek, arazo hauek agerian jartzen dituztelako.
Zein garrantzia ematen dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaz ateratako epaiari?
Oso garrantzizko epaia dela dio. Otegik pentsatzen du Gabonak aurretik ehun preso inguru askatu beharko dituztela. Hitz egin nuen Sortuko eta Ezker Anitzeko —gure pareko alderdia— kideekin, eta beraiek pentsatzen dute aurrerapauso garrantzitsua dela bake prozesurako.
Nola dago animoz?
Oso bizi, dinamiko eta animatuta dago. Oso baikorra da bera. Harrituta utzi ninduen. Itxaropentsu dago; prozesua aurrera doala dio. Ados ginen beharrezkoa izango dela Egiaren Batzorde bat, Hego Afrikan bezala, nazioarteko laguntza izango duena: iraganari buruzko hausnarketa egiteko eta biktimak guztiak gogoan izateko—ETArenak, segurtasun indarrenak eta talde faxistenak—. Baina badaude biktimen elkarte batzuk bake prozesuaren kontra.
Espainiako Gobernuan ba al dago mugimendurik? Lehenengo aldia da nazioarteko begirale bati bisita bat egiten utzi diona.
Gobernuko ordezkariek agerian utzi zuten nirekin hitz egitean: posible da prozesu bat, baina izugarrizko presioa dute eskuin muturraren aldetik. Prozesu bat errazteko garrantzitsua litzateke presoak hurbiltzea eta gaixorik daudenak kaleratzea. Legeak bete behar dira preso politikoen kasuan. Garrantzitsua da atentaturik eta errepresiorik gabe eztabaida politikoa izateaeta hartu beharreko erabakiak demokratikoki hartu ahal izatea.
Andrej Hunko. Die Linkeko parlamentaria
«Ez zait inoiz halako egoerarik egokitu, ezta Turkian ere»
Logroñoko kartzelan (Espainia) Otegi bisitatu duen nazioarteko lehen parlamentaria izan da Hunko. «Bizi» ikusi du: «Oso baikorra da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu