ENRIQUEGOÑI
Hain justu, lehen datu deigarria Nafarroako Kutxari lotutako soldataren bilakaera bera da. Enrique Goñi 2000. urtean sartu zen aurrezki kutxan, enpresa partaidetzen Korporazioko zuzendari gisa, eta, 2002an, CANeko zuzendari nagusi izendatu zuten. 2002an zuzendari baten ohiko soldata kobratu zuen: 216.000 euro. Geroztik, bi urteren buruan, soldata bikoiztu zioten. 2005ean pauso bat harago joan zen, eta Ricardo Marti Fluxa eta Jose Antonio Asiain kontseilari ohiek kontratua blindatu zioten. 2005ean 486.900 kobratu bazituen, 2009an 732.700 euro jaso zituen. Hots, izendatu zutenetik soldata laukoiztu zioten ia.Alta, 2010ean hori guztia txikigeratuko zen. Finantza krisiak eraginda, aurrezki kutxen arteko fusio hotzak etorri ziren, eta Nafarroako Kutxa eta beste bi aurrezki kutxekin Banca Civica bankua osatu zuen. Fusio hari esker, banku bateko presidente izatera heldu zen, eta soldata milioiduna zuen: 1,8 milioi eurokoa 2010ean, eta 1,2 milioi eurokoa 2011n.
Dena den, Goñik ez zuen bakarrik ohiko soldatatik dirua jasotzen. Gainera, CANek inbertitutako beste enpresetatik ere dirua jasotzen zuen. Deigarrienetako bat Auna Telecomunicaciones da. 1990eko hamarkada amaieran, Madrilen kablea jarri behar zuen enpresa horretan inbertitu zuen CANek, hiru urteren buruan eskubide osoko bazkide izateko konpromisoarekin. Epe horretan, Aunak uste baino balio handiagoa hartu zuen, eta beste bi akziodunek konpromiso hori ez zuten bete nahi izan. Harrigarriki, Goñiren agintaldi hasieran CANek uko egin zion auzitegietan borrokatzeari. UDEFen datuek aditzera ematen dutenez, Aunako kontseilari gisa Goñik 57.000 euro irabazi zituen lau urtean. Enpresa France Telecomi saldu ostean, beste 40.500 euro irabazi zituen.
Beste kasu deigarri bat Campo Noble da. Gamesako sortzaile ohiekin erlazionatutako enpresa horretan, 24 milioi euro inbertitu zituen CANek. Aukera handiko negozioa zela azaldu arren, enpresa zailtasunetan zegoen, eta 2004an zorra eten zuen. Bi urte horietan, 10.000 euro kobratu zituen Goñik.
Beste bi kasu aipagarri Aricam eta Isolux dira. Aricamen bi urtez inbertitu zuen CANek, eta korrika saldu zuen partaidetza Galipienzo auzia lehertu ostean. Urte horietan 23.500 euro jaso zituen. Isolux CANek egindako inbertsio handiena izan zen (80 milioi eurokoa). Hiru urtez 72.000 euro jaso zituen Isoluxeko kontseilari gisa.
2012an Caixabankek Banca Civica eta ondorioz Nafarroako Kutxa xurgatu ondotik, Enrique Goñik banku kataluniarrera egin zuen jauzi, eta ez zaio batere gaizki joan. Banca Civicako soldata milioidunik ez du, baina zero askoko ordaina du aurrezki kutxa bat hondamendira eraman zuen zuzendariak. Hasieran, zabaldu zen Caixabankek bota egingo zuela, baina, alderantziz, Criteria Holdingeko buru jarri zuen—2013an, 580.000 euroko soldatarekin—. Urtebete geroago, higiezin arloko partaidetzen arduradun jarri zuten—Servihabitat XXI-n 603.000 euroko soldata du—. Kargu horrek bere gaitasuna edo bere isiltasuna saritzen duen Caixabankeko arduradunek soilik dakite.
MIGUEL SANZ
Enrique Goñi lagunaren alboan, soldata eta sari apalagoak izan ditu, baina, datuek aditzera ematen dutenez, gobernuko ordaina adina edo gehiago jaso du CANi esker. 2002. eta 2011. urtean, gobernuko presidente gisa 56.000 eta 84.300 euro arteko soldata zuen Sanzek. Nafarroako Kutxako eta bere Korporazioko dieten bidez, 40.000 eta 73.000 euro artean jaso zituen urteko, eta CECA aurrezki kutxen konfederazioko partaide gisa, 8.000 eta 20.000 euro artean. 2010ean, CANeko presidente izateari utzi zion, eta 102.000 euro kobratu zituen.Nafarroako lehendakaritza utzi ostean, urteko 160.000 euro inguru kobratu ditu. Miguel Sanzek hainbat kontseilutan amaitu du, horietako batzuk CANekin zuzeneko edo zeharkako lotura duten bi. Batetik, CANek aspaldi erosi eta egun Caixabanken eskuetan den Bodegas Sarriako kontseilutik 26.000 euro jasotzen ditu urtean. Bestetik, Goñik ondo ezagutzen duen MGO taldeko aholkulari batzordean parte hartu zuen hiru urtez, Rodolfo Martin Villa, Carlos Mayor Oreja edo Ricardo Marti Fluxarekin batera. 25.200 euro jaso zituen.