Juan Luis Uria (Sestao, Bizkaia, 1952) da EAEko Ahal Dugu-ren ildo kritikoko hautagaia alderdiaren lehendakarigaia hautatzeko primarioetan; medikua eta antropologoa da. Osasun publikoaren alde egiten duen Osalde elkarteko burua da, eta beste hainbat talderekin aritzen da. Argi du bere hautagaitza ez doala Ahal Dugu-ren zuzendaritzaren aurka.
Harritu al zaitu zu lehendakarigai izateko proposatu izanak?
Bai, asko harritu ninduen. Mendian nengoen lagun batzuekin, Arabako sektore bateko, Bizkaiko eta Gipuzkoako 150 aktibistek nire hautagaitza erabaki zutenean. Ahal Dugu-k freskura eta berritasuna dakar, eta oso zirraragarria iruditzen zait parte hartzeko aukera izatea. Esker ona besterik ez dut nire izena proposatu eta onartu dutenentzat.
Nola izan da zu hautatzeko prozesua, eta zuzendaritzak nola hartu du?
Esan didatenez, Ahal Dugu-ko kideen bi herenek Eduardo Maura alderdiko idazkari politikoarekin hitz egin zuten, iruditzen zitzaielako beharrezkoa zela zehaztea alderdi osoa irudikatuko lukeen hautagaitza bat; hori, proposamen indartsu bat definitzeko, udazkeneko hauteskundeei begira. Maurak ezezkoa erantzun zien, erabaki hori kontseiluak hartu behar zuela argudiatuta. Orduan hasi ziren adostasunezko pertsona baten bila; eta horren harira proposatu zidaten hautagai izateko.
Madrilgo buruzagien babesa lortzen saiatu al zarete?
Hasieratik hautagaitzaren berri izan dute Pablo Iglesiasek eta haren taldeak, eta interes handia erakutsi dute EAEko primarioak neutralak izan daitezen ahalbidetzeko. Hala ere, iruditzen zait Iglesiasek irristaldi bat izan zuela nire adiskide Pili Zabalari buruzko iritzia eman zuenean, ostegunean. Alderdiaren organoak neutralak dira izatez, eta Iglesiasek neutrala izan beharra dauka lehendakarigaia zein den jakin arte.
Badaukazu primarioetako lehiarako aurkaria: Pili Zabala.
Hori da. Ez dut ezagutzen, baina bai haren anaiaren kasua, Lasaren arreba ezagutzen dudalako. Horregatik, Pilik eta biok elkarrekin hitz egiteko aukera planteatu dut. Ez dut konfrontaziorik nahi; nire helburua da bi hautagaiek gure iritziak helaraztea izena eman duten kideei eta zirkuluei. Hark irabazten baldin badu, berarekin lan egin nahiko nuke; eta nik irabazten baditut primarioak, berehala deituko diot nire lantaldeko partaide izan dadin. Piliri errespetu handia diot, pertsonala zein politikoa, baina baita solidaritatea ere. Bakegintzan eta adiskidetze eta elkarbizitza prozesuetan ibilbide luzea duen pertsona da; gainera, alderdi politiko guztiekin hitz egin du. Uste dut zeregin garrantzitsua izan dezakeela. Espero dut agurtzeko aukera izango dudala. Eztabaida politikoa sustatu nahi dut, primario aberats eta indartsuak eratzeko.
Zur ustez, zergatik aukeratu dute Pili Zabala?
Haren soslaia hartu dute kontuan, nire ustez: gizarte zibilekoa, emakumea, independentea, lidergoan ibilbide luzea eta adeitsua izatea. Podemoseko Osasun zirkuluan nago, eta dagoeneko kideek ezagutzen ninduten. Hura independentea da. Eduardo Mauraren eta kontseiluaren irizpideek pisua izan dute, eta, esan bezala, independentea eta gizarte zibilekoa izateak, dudarik gabe.
Zer desberdintasun ikusten duzu zure eta Zabalaren hautagaitzaren artean?
Egia esanda, ez dakit. Badakit hautagaitzak antolatzeko orduan badaudela desberdintasunak ni babesten nautenen eta Eduardoren hautagaitzaren kasuan. Zuzendaritzaren forma eta erabakiak nagusitu dira, alegia, erabakiak bertikalki hartzea eta gehiengoaren iritzia kontuan hartu gabe. Ni aktibistek osatutako biltzarretatik nator; kezkatuak zeuden, ez zegoelako hautagairik. Gure kasuan, proiektua horizontala da. Alderdiak joera desberdinak izateak aberasgarria dela iruditzen zait. Esan bezala, batzuek horizontalki planteatu dute, eta besteek, bertikalki. Baina nahastuta egon naiteke.
Zergatik ezin izan duzue zerrenda bakarra osatu?
Arestian esandakoaz gain, ez dakit ezer gehiago.
Zuen zerrenda zuzendaritza nagusiaren aurka al doa?
Ez. Ez dut interesik zuzendaritzaren edota Pili Zabaleren kontra egiteko. Ditudan proposamenak mahairatuko ditut hurrengo asteko bileretan. Hauteskundeak irabazteko aukera handia dugu; EAJ urduri dago, eta EH Bildu oraindik bere diskurtsoa definitzen ari da. Hirugarrenez, EAEn boto gehien lortuko dituen alderdia izan gaitezke. Eta ez bada hala, bigarrenak edo hirugarrenak izango gara, berdin dit.
Zein dira zure hautagaitzaren ardatzak?
Hiru, bereziki: normalizazio politikoa, presoak hurbiltzea eta sufrimendua bukatzea. Eta, bestalde, ehun soziala indartzea, ez baita normala munduko herri aberatsenetan zortzigarrena izanik, eta ekonomia hazten den bitartean, desberdintasunak areagotzea. Azkenik, autodeterminazioa, herritarren gehiengoak onartutua, behar den garaian; eta Euskadiko erakundeek duten rola berrikustea.
Norekin osatuko duzu taldea?
Lantalde oso profesionala dut, Euskadi osoko pertsonek osatua: pertsona gazte, emakume eta gizonez osatuta. Politika egiteko beste modu bat zehaztuko dugu; oraingoz, lan lerroak definitzen ari gara.
Zuzendaritzak behin baino gehiagotan esan du bere helburua dela hauteskundeak irabaztea eta EAJ boteretik kentzea. Hori al da zuen apustua?
Ez noa alderdiko gidaritzaren aurka. Alderdi bakoitzak duen onena eta egin duen onena bildu nahi dugu. Botereari buruzko hausnarketa sakona egin beharra dauka EAJk. Jeltzaleek ez dute ordezkatzen euskal gizarte osoa. Ustelkeriarekin eta klientelismoarekin kontuz ibili behar du. Baina Espainiako Estatuan abangoardia izan diren hainbat politika egin ditu EAJk, PSOErekin batera.
Ikusita Espainiako Gobernuari begira Podemosek ezin izan duela orain arte akordiorik lortu PSOErekin, nor izan dezakezue aliatu hauteskundeen ostean?
Denekin hitz egin behar dugu. Proposatuko digutena aztertu behar dugu, guk denak entzungo ditugu: Idoia Mendia, Arnaldo Otegi, EAJ... Espero dut hemen ez gertatzea Madrilen ezkerreko aliantzarekin gertatu dena. Orain, primarioetan gaude. Ziur aski, hauteskundeetara Equo eta Ezker Anitzarekin batera aurkeztuko gara. Gure hautagaitza guztiz ezberdina izango da, hemen orain arte egindako politikarekin konparatuz gero.
Esaten da osasun publikoaren aldeko sutsua zarela.
Oso harro nago osasun publikoaren alde egiten parte hartzeagatik. Ez dut arazorik esateko premia zuen edozein alderdirekin egin dudala lan alor horretan. Hautagai izango ez banintz, oraintxe Salonikako (Grezia) karabanan egongo nintzen. Horrez gain, garapen lankidetzan ere egin dut lan. Nikaraguan eta El Salvadorren izan naiz, uste dudalako denok izan behar ditugula osasun alorreko eskubideak.