Javier Galparsoro. EAEko CEAR-eko presidentea

«Ez litzaidake gustatuko beste 25 urte ospatu behar izatea»

EAEko CEAR-ek 25 urte bete ditu aurten munduko errefuxiatuekin lanean. 40.000 pertsona ingururi lagundu diete. Atzo egin zuten elkartasun gala Bilbon, ospatzeko.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
1996an sortu zuten EAEko CEAR, eta sortu zutenen artean zegoenJavier Galparsoro abokatua (Valladolid, Espainia, 1956). Liberia,Angola eta Jugoslaviatik zetozen orduan errefuxiatuak. Orain, jatorria aldatu da, baina arazoa handitu, Galparsororentzat.

Zer ospatzen duzue?

Aditz interesgarria erabili duzu. Ospatzekoa da errefuxiatuekin lan egiten duen erakunde batek 25 urte betetzea? Alde batetik, bai, egonkortasuna eta esperientzia daukagula ospatzen ari garelako. Baina ezin dugu ospatu gero eta errefuxiatu gehiago egotea, jazarpena gero eta handiagoa izatea, mugak gero eta itxiagoak egotea eta errefuxiatuak hartzea zailagoa izatea. Ez litzaidake gustatuko beste 25 urte ospatu behar izatea. Zoragarria izango litzateke erakundea desegitea, erakutsiko lukeelako ez dagoela jazarritako pertsonarik munduan.

Errefuxiatuak olatuz olatu etortzen ziren lehen, eta etengabe etortzen dira orain?

Begira, munduan 82 milioi errefuxiatu daude, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren (UNHCR) arabera. Kontua da denak ezin direla irten. Herrialde batzuetako exodoa izugarria izan da. Siriak 21 milioi biztanle zeuzkan, eta 6 milioi baino gehiago irten dira. Arazoa da zaila dela ateratzea. Ateratzeko agiriak izan behar dituzu: pasaportea, bisa... Errefuxiatuek ezin dute bisa lortu, eta herrialde batzuek zarratuta dauzkate enbaxadak, eta ezinezkoa da bisa lortzea. Horregatik saiatzen da jendea beste modu triste hauetan sartzen: patera bidez, hesien gainetik, itsasontzietan polizoi moduan...Zergatik jartzen du jende honek bizitza arriskuan? Arrazoiren bat izan behar dute beren buruak arriskuan jartzeko.

Jazarpena jasaten duten askori ez zaie onartzen errefuxiatu kategoria.

Jakina, gehienei, %95i. Europa bihozgabe honetan, errefuxiatuei bete ezinak diren baldintzak exijitzen ari gatzaizkie. Errefuxiatu batek esaten badu bere herrialdeko erregimenaren aurka aritu dela oposizioa egiten, zigorraren frogak eskatzen dizkiote. Zigortu zaituzte? Bai. Bada orduan, ekarri epaia, baina itzulita ekarri behar duzu, konpultsatuta, eta legeztatuta. Eta egunkarietako berriak ekarri behar dituzu, eta torturen argazkiak. Eta, bestela, ez dizut sinistuko, nahiz eta Libiatik, Hego Sudanetik, Ruandatik edo Palestinatik etorri.

Klima aldaketak eragindako etorkinak errefuxiatuak dira?

Gaur egun, ezin da eskatu babesa klima arrazoiengatik, baina CEAR-ek eta beste erakunde batzuek eskatu dugu pertsona horiei ere kategoria hori onartzea. Baina Europak ez du nahi kategoriak zabaltzea, konpromisoak gehitzea dakarrelako. Ez du ardurarik nahi, eta horren froga da 2015ekoa. Konpromisoa geneukan heltzen ari ziren errefuxiatuen zati txiki bat hartzeko, eta Europak eta Espainiak ez zuten bete. Eta ez da ezer gertatu! Esfortzu handiagoa egiten dugu trabak eta zailtasunak ipintzen. Hipokrisia handia dago.

Batzuek esaten dute haien herrialdeetan laguntzea merkeagoa dela hemen egitea baino.

Ebidentea da. Jendea mugitzen da ez daukalako ezer ez. Guk laguntzen badiegu baldintzak sortzen haiek mugi ez daitezen, era geurekoi batean bada ere, ez genuke errefuxiaturik hartu beharko.

Geurekoikeriagatik eta ez elkartasunagatik?

Bai horixe. Min egiten dit esateak, izugarria delako. Baina geurekoikeriagatik bada ere, egin beharko genuke, diaspora hau ez sortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.