Paula Lopez. Nafarroako aztarnarien, koordinatzailea

«Ez geunden prest gaur egun daukagun hazkundeari aurre egiteko»

Auto gidari bat. J. URBE /FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Nafarroan ere COVID-19ak hartu duen bidea kezkagarria da. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia 765 kasukoa da, eta atzo beste 608 jakinarazi zituzten. Paula Lopez Nafarroako aztarnarien koordinatzailea da, eta haien egoera azaldu du.

Zer egoeratan zaudete oraintxe bertan? Gainezka zaudete?

Ez geunden prest gaur egun daukagun kasu hazkundeari aurre egiteko, eta egia da gainezka gaudela. Duela bi aste hogei kasutik gertu geunden, eta igoera esponentziala eta oso azkarra izan da. Pandemia honetan ez genuen inoiz hain gauza azkarrik ikusi. Berrasmatu egin behar izan dugu.

Zer jarrera hartu du jendeak? Kontaktuen izenak ematen dituzte, berrogeialdiak betetzen dituzte, trabak jartzen dituzte?

Orain askoz zailagoa da. Lehenik eta behin, orain, murrizketak kendu dituztenean, askoz gehiago pentsatzen dute kontaktuak emateko orduan, eta ez dute ulertzen pandemiaren funtzionamendua eta gure lanaren helburua. Gainera, egin diren ekitaldi batzuk ez dira guztiz onargarriak, eta eragozpenak dituzte kontatzeko orduan.

Aldaketa asko nabaritu dituzu jendearen jarreran pandemiaren hasieratik orain arte?

Aldaketak sumatu ditut, noski. Orain, kasu berrien %70 15-30 adin tartean dira; orain arte ez gara adin tarte horretan mugitu.

Nor jotzen duzue orain kontaktu estutzat? Zer galdera egiten dizkiezue positiboei?

Orain arteko protokolo bera da. 48 ordu lehenago eta hamabost minutuz babesik gabe bi metro baino gutxiagora egon direnak. 72 ordura ere luzatu izan dugu, baina kasuak ugaritzearekin batera 48 ordutan ezarri dugu. Galdetegi txiki bat egiten dugu. Non uste duten kutsatu direla, izan diren ekitaldietan kasu asko egon daitezkeen, bizikideak nor diren, non egiten duten lan... Hortik ateratzen ditugu harreman estuak.

Lesakan baheketa egiten ari dira. Nola daramazue?

Oraintxe bertan Lesakan daukaten intzidentzia handiarekin, esango nuke gehienak kasu positiboak edo positiboen kontaktu estuak direla. Nire gomendioa da autokonfinamendu bat egitea. Jendea emaitzen zain dago, edo proben zain. Beste batzuk jada positibotzat jotzen dute beren burua, sintomak dituztelako, eta ez dira probetara agertu ere egiten. Nik hamar edo hamabost eguneko autokonfinamendua gomendatzen diet. Maite dituztenak babesteko modu bat da hori.

Nola bideratu dituzue ikasturte amaierako bidaietan izan diren positiboak? Erraza izan da kontaktu estuak zein diren ongi zehaztea agerraldi horietan?

Begiratzeko tokiak zentratuago zeuden horietan, bagenekielako non egon diren eta norekin bizi izan ziren egun horietan. Gurasoen bizikide izatetik kuadrillakoen bizikide izatera igaro dira. Askoz ere zailagoa da toki horietan kontaktu guztiak hartzea, gazteek erreparo handiagoa baitute izenak ematean; ez da gurasoen ohiko etxebizitzan kontaktuak ematea bezain erraza. Horrek lana zaildu digu.

Zer da zailena aztarnari baten lanean?

Okerrena da ikustea ez dutela ulertzen pandemiaren funtzionamendua eta gure lanaren helburua. Askok ez dute aztarnarien lana ulertzen; uste dute gure helburua haiek bakartzea eta oporrik gabe uztea dela, etxean sartuta. Ez dute ulertzen benetako helburua haiek eta senideak babestea dela, eta baita biziak salbatzea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.