Itsasoari lotuta, itsasotik beti gertu bizi izan da Juan Luis Olaran. Lemoizko Armintzako portuan jaio zen, 1945ean, itsasoaren lehen lerroan, eta, halabeharrez, itsasoan lan egitera bultzatu zuten. Arrantzale lanetan hasi zen nerabe zela. Ondoren, merkantzia ontzietara egin zuen salto. 1984an Izarra euskal ontzia bahitu zuten Nigerian; tartean, Olaran bera han zela. Sei hilabete igaro zituzten portuan, ezin ez aurrera ez atzera egin. Itzultzean, oposizioak egin, eta lehorrean gelditzea erabaki zuen. Erretiroa hartu zuenean, Kazetaritza ikastea erabaki zuen, barruan zeukan arantza kentzeko. Ikasten ari zela, Egin egunkarian ere aritu zen kolaboratzaile, Uribe Kostako gertaerak idazten. Ondoren, hiru liburu argitaratu ditu: lehena, bahiketaren ingurukoa; bigarrena, Lemoiz herriari buruzkoa; eta, hirugarrena, herriko zentral nuklearraren afera kontatzen duena. Hain zuzen, zentralaren aurkako ekintzaile sutsua ere izan zen.
Kazetaria, arrantzalea, sukaldaria eta itsasgizona zara.
Denetarik pixka bat. Bizitzako fase guztietako oroitzapenak ditut. Baina marinelarekin identifikatzen naiz gehien. Urte askoan ibili nintzen nabigatzen. Lehorrean lana lortu nuenean, urrats garrantzitsua izan zen nire bizitzan. Ikasketak egin nahi izan nituen betidanik, baina etxean ez zegoen baliabiderik. 40 urteak igarota, Bizkaiko Foru Aldundian lan finkoa nuela, ezkonduta eta bi alabarekin, 25 urtetik gorakoentzako unibertsitaterako sarbidea atera, eta Kazetaritzan matrikulatu nintzen. Bizitza erabat aldatu zitzaidan.
Zergatik kazetaritza?
Garrantzitsua iruditzen zait kultura eskuratzea, eta, aldi berean, unibertsitateko ikasketak izatea. Nahiago nukeen txikitatik ikasi izan banu; egia esan, ikasle oso ona nintzen. Ikasketek bizitzan aurrera egiteko balio izan zidaten, oposizio bat ateratzeko. Kultura gehiago eskuratzen duzunean, errazagoa da lan bat lortzea.
Armintzako portua aukeratu duzu elkarrizketa egiteko. Toki berezia da zuretzat?
Armintzako portua ia dena da niretzat. Hemen hazi nintzen, eta nire bizitza itsasoarekin lotuta egon da: lehenengo, arrantzalea, eta, gero, itsasgizona. Ezkondu eta alabak izan ondoren, iruditzen zitzaidan urtearen zati handi batean etxetik kanpoan egotea ez zela familiarekin elkarbizitzeko modua.
Itsasora ateratzen zinen garaiaren falta sumatzen duzu?
Haren falta sumatuko nukeen barrualdean biziko banintz; Gasteizen, adibidez. Itsasoaren falta sumatzen dut, baina ez lanerako.
Haurra zinela hemen ibiltzen zinen?
Portu izeneko baserrian bizi nintzen, hemendik gertu; hondartzako lehen lerroan esan liteke. Egunero egoten ginen kalean, bainujantzian ateratzen ginen etxetik. Itsasoarekin izan nuen lehen harremana moluskuak harrapatzeko erabiltzen genituen putzuak izan ziren. Herri batean bizitzeak joko handia ematen du: sagarrak lapurtzera joateko, adibidez [barreak]. Bizimodu basati samarra zen.
Goiz hasi zinen lanean.
Ikasi gabe, geratzen zitzaidan irtenbide bakarra zen itsasora joatea, eta aukera horrek ez ninduen guztiz konbentzitzen. Hori zen zegoena, ez gustatzen zitzaidana.
Arrantzale zinela izan zenuen lehen kontaktua itsas zabalarekin.
Hori baino lehen, 13 urterekin, eskabetxera batean lan egin nuen. Gogoan dut, handik bi urtera-edo, udaberrian atera nintzela lehen aldiz arrantzan aritzera, antxoa arrantzatzera. Arrantzontzi handi samarra zen; hamalau ginen. Baina nik urtebete bakarrik egin nuen han beharrean, urteko hiru arrantzaldiak. Urte horren ondoren, nabigatzera joan nintzen, Bartzelonara, merkantzia ontzietara. 16 urte nituen, hori baitzen gutxieneko adina. Kartilla bat atera behar izan nuen merkataritza ontzidian ibiltzeko baimenerako; itsasoko nortasun agiria da. Pinillos izeneko ontzi enpresa batean hasi nintzen. Fruta zeraman, eta Cadizen [Andaluzia, Espainia] zeukan jatorria, baina gehienak hemengoak ginen, bitxia bada ere. Kasualitatez, gero Cadizera joan behar izan nuen soldaduska egitera. Kontatu zidatena baino samurragoa egin zitzaidan. Soldaduskaren aurretik, Kanarietako Ter merkantzia ontzian eta Pielagos petroliontzian ontziratu nintzen. Pielagos-en sartu nintzen nire lehengusu Amador han zegoelako, eta urte asko egin nituen han. Ontzi askok zuten Espainiako ibairen baten izena. Soldaduskaren ostean, Sardinero, Pablo Garnica eta Charopando ontzietan ere egin nituen sukaldari laguntzaile, zerbitzari edota sukaldari buru lanak.
Izarra petroliontzi ezagunean ere aritu zinen sukaldari lanetan. Nolatan hasi zinen han?
Aurrez nirekin nabigatu zuen lagun batek bazekien orduan nengoen itsasontzian ez nengoela konforme. Bera pozik zegoen Izarra-n. Hala, sukaldari bat behar izan zutenean, nire izena eman zuen. Eskifaiakoek ohartarazi ninduten pirata ontzia zela hura. Ontzian zeuden berrogei pertsonari baino gehiagori eman behar nien jaten. 20.000 tonako ontzia zen. Las Palmasen [Kanariak, Espainia] ontziratu nintzen, han utzi baitzuen petrolioa, eta gero Tenerifetik gasolina eraman genuen Monroviara [Liberia].
Auma zuen izena ontziak hasieran. Izarra baltza. Historia de un barco pirata liburuan idatzi zenuen kronikan diozunez, kontu beltzak zeuden atzean.
Nigeria oso herrialde ustela da. Ustelkeria politikoaz ari naiz. Kontrabandoko petrolioarekin ibiltzen ziren estraperloan. Hasieran, Izarra-k Auma zuen izena. Ni ontziratu nintzenean, hilabete batzuk zeramatzan ontziak martxan. Baina zantzu arraroak zeuden. Itsasontzia portu batera iritsi eta gaua etorri arte ainguratzen zuten; gauaren babesean sartu, kargatu, eta irten egiten zen.
1984a zen. Kanarietatik Nigeriara joan zineten. Zer gertatu zen bidaia hartan?
Kanarietatik Nigeriara joan ginen, Bonnyko portura. Hara heldu ginenean, erregistro liburuan ez zen ageri Izarra. Niretzat lehen bidaia zen, baina beste tripulazio-kide batzuentzat ez, eta susmoa hartuta zeuden. Nigeriako agintariek susmoak zituzten, eta kontrol sakonagoa egitea erabaki zuten. Bete-betean harrapatu gintuzten arte.
Petrolio trafikoan aritzea leporatuta, sei hilabetez bahituta egon zineten Nigerian.
Gogoratzen dut nahiko ondo portatu ginela; beldurra zegoen, noski. Sei hilabete horietan lan egin zuen bakarra ni izan nintzen, ontziko sukaldaria nintzelako. Kideei jaten ematen jarraitu behar nuen. Horregatik, [Espainiako] enbaxadan, sakrifizioagatik eta egindako guztiagatik aintzakotzat hartu ninduten. Kantzilerrak nire emaztearekin hitz egin zuen, eta moralez ondo nengoela esan zion. Telefonoz ere hitz egin ahal izan genuen noizbait. Espainia Europan dago, ez du zerikusirik Afrikarekin, eta nigeriarrek bazekiten europar bat ukitzea garestia izan zitekeela. Horregatik, nahiko errespetuzkoak izan ziren.
Zer egiten zenuten bahituta zineten bitartean?
Ihes egiten saiatu ginen. Baina Nigerian ezin zara inorekin fidatu. Ihes egitea erraztuko zigunak traizio egin zigun; Poliziarekin elkartuta zegoen. Lehorreratzean Polizia soilik genuen zain. Deklaratzera eraman gintuzten, eta ondorioztatu zuten normalena zela guk alde egin nahi izatea. Beldur ginen, baina ez genuen inolako errepresaliarik izan. Bihurrikeria batean geratu zen; alta, ondasunik gabe gelditu ginen, gainean genuenarekin.
Bien bitartean, arduradun nagusia, etxean zegoen, ezta?
Bai, Santanderren [Espainia]. Jose Maria Lopez Tapia, Letasa ontzi enpresaren jabea. Krisian zegoen sektorea orduan. Enpresa guztiak desagertu ziren; horregatik sartu zen negozio lohietan.
Nola bukatu zen hura?
Askatu egin gintuzten. Baina kapitaina espetxeratu egin zuten: 25 hilabete egin zituen kartzelan. Eskifaiak ez zuen erantzukizunik. Hala ere, kapitainarekin eta lehen ofizialarekin deklaratzera deitu ninduten; inoiz ez nintzen hain garrantzitsu sentitu. Ingelesa banekien, eta deklaratzeko moldatu ahal izan nintzen.
Lehorretik, nola ikusten duzu itsasoaren etorkizuna?
Arrantza gutxiagora doa. Lan oso gogorra da, eta gazteriak ez du jarraitu nahi. Horrela jarraituz gero, antxoak eta hegaluzea angulekin parekatuko dira prezioan. Arrantzalearena bokaziozko ofizioa da oso-osoan.
Historiaren inguruko zaletasunari jarraiki, Lemoizko historia ere bildu zenuen Lemoizko kontakizunak. Iraganari begirada bat liburuan. Zer dauka berezi Lemoizko historiak?
Lemoizi dagokionez, zentral nuklear bat egiteko egon zen proiektua da azpimarragarriena. Lemoiz herri bitxi eta polita zen, baina, zoritxarrez, mapetan zentral nuklearraren gaiarekin egin zen ezagun. Lehen, otarrainengatik zuen ospea. Arrantza zen herritar gehienen bizimodua.
Iaz bete ziren 50 urte Lemoizko zentrala eraikitzen hasi zirenetik. Zentralaren nondik norakoak kontatu zenituen El contubernio nuclear liburuan. Horrez gain, nuklearraren aurka ere aritu izan zara denbora luzez. Zein zen egoera herrian?
Izugarria izan zen: herriko trafikoa asko handitu zen, errepideak kamioiz bete ziren, eta istripu larriak ere izan ziren. Hasiera-hasieratik aritu ginen borrokan. Ez geunden prest etxe atarian zentral nuklear bat genuela bizitzeko. Asko mobilizatu ginen. Euskal kostaldea ez nuklearra izeneko erakundea sortu zen, baina gure aldetik herrian gestora bat osatu genuen. Asko borrokatu ginen alde horretatik.
Herria banatuta zegoen; zentrala eraikitzearen aldekoak ere bazeuden, ezta?
Leku guztietan bezala, bi bando zeuden. Iritziak herri guztietan bezala banatzen ziren, baina gure arteko gatazka ez zen oso larria izan. Ia denek nuklearraren kontrakotzat zeukaten beren burua. Uste genuen herri honek ez zuela horrelakorik merezi. Lehen ondorio ekonomikoa zen ordura arte etxe batek zentral nuklear gabe hamar balio bazituen, ez zizkiotela hiru ere emango zentrala eraikitakoan. Herria hiltzera zihoan. Teodoro Ouro demokrazia garaiko lehen alkatea, adibidez, nuklearraren aurkakoa zen. Baina baziren aurrera egiteko aukera gisa ikusten zuten herritarrak ere; horrek aberastasuna, enplegua eta gainerakoak emango zituela uste zuten horiek.
Nola lortu zenuten gelditzea?
Ziur nago egiten ari ginen presio sozialaren ondorioz egin zutela atzera. ETA ere tartean zegoen. Egoera ez zen egokia, eta erruaren edo eskertzaren zati handi bat ETAk izan zuela uste dut. Une gorenean zegoen erakunde armatua; tiroengatik eta bonbengatik ez balitz, zentrala egingo zatekeela uste dut. Agintariek ez dute argudio hori erosi nahi, ez zaielako interesatzen.