Joseba Merino. Pasaiako segadako lekukoa

«Ez genuen espero, identifikazio saioa egitea beti ukatu baitigute»

Merinok ez zuen espero, 40 urte pasatuta, segadan parte hartu zuten poliziak identifikatzeko saio batera deituko zutenik. Fisikoki aldatu arren, Merino ziur dago aurpegiez: «Haien eskuetatik pasatu garenok badakigu».

JON URBE / FOKU.
xabier martin
2023ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Joseba Merino kideekin zegoen 1984ko martxoan, Pasaian (Gipuzkoa), segada egin zietenean. Bideo eta argazki batzuetan ikusi eta ezagutu zituen parte hartu zuten poliziak.

Harritu zaitu identifikazio saio batera deitzeak?

Urteak daramatzagu honekin. Duela urte batzuk, artxibatu egin zuten, baina guk segadan parte hartu zuten polizia batzuen bideoak eta argazkiak genituen. Abokatuarekin hitz egin nuen, eta erabaki genuen horiek epaitegian aurkeztea, identifikatu zitzaten.

Ezagutu egin zenituen.

ETAk [Rafael Garrido] gobernadore militarra hil zuenean, 1986ko urrian, garai hartan, poliziek aurpegia estali gabe zeramaten. Baina, Linaza auzian [1986], Elisabeth Huerta epaileak 30 guardia zibil deitu zituen deklaratzera Tomas Linazaren torturengatik. Uste dut hortik aurrera hasi zirela Guardia Zibila eta Polizia euren eta atxilotuen aurpegiak estaltzen. 1986ko urrian, prentsan argazkiak eta bideoak argitaratu zituzten, eta identifikatu nituen Pasaiako segadan eta fusilamenduetan parte hartu zutenetako batzuk.

Gauez izan arren?

Bai, bai; bederatzi egunez eduki ninduten. Bost lagun gindoazen; bi hil zituzten, eta hiru bizirik irten ginen. Behin identifikatuta, ni baztertu ninduten. Kideek eskuak buruan zeuzkaten, eta poliziek, metro bat baino gertuago zituztela, esan zieten hiltzera zihoazela. Eta tiro egin zuten. Ni bizirik nahi ninduten; informazioa nahi zuten ea ETAk parte hartzerik izan zuen Enrique Casasen aurkako ekintzan. Ekintza hura hauteskundeak baino hiru egun lehenago egin zuten, lurrikara politiko bat gertatu zen, urduritasun handiagoa zegoen eta PSOEk jakin nahi zuen ETA atzean ote zegoen.

Itxaropena duzu saioan polizia horiek, bertan badaude, identifikatuko dituzula?

Ez genuen espero saio hori egingo zenik ere, hori beti ukatu baitigute. Lehenik, harritu gintuen epaitegiak poliziak identifikatu izanak; guk informazio bat bidali genuen, eskaera bat, bideoetako eta argazkietako pertsona jakin batzuk identifikatzeko. Jende asko ageri da, baina ez daude poliziaz jantzita. Guk badakigu poliziak direla; haien eskuetatik pasatu garenok badakigu. 39 urtean fisikoki asko aldatuko ziren, baina argazkietakoak baldin badoaz saiora...

Zuk ezagututakoak dira exekuzioetan parte hartu zutenak?

Segadakoak, guztiak. Fusilatzeetan hiruk hartu zuten parte, eta eskopeta zuena identifikatu dut.

Saioak bide emango balu norbait auzipetzeko edo zigortzeko, pentsatzekoa da zuretzat garrantzitsua litzatekeela. 40 urteren ondoren.

Nik ez dut sekula itxaropenik izan justizian, kutsatuta edo baldintzatuta baitago. Hau sorpresa bat izan da niretzat. Zigorrik balego, agian beste batzuk ere eramango lituzke; hala gertatu zen GALekin. Batek daki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.