Ima Garrastatxu. Durangoko alkatea

«Ez gaude ohituta galdeketak egitera; oso datu onak dira»

PERI1 proiektu urbanistikoa etetearen aldeko botoa eman dute Durangoko galdeketan. Emaitzarekin eta prozesuarekin pozik dago Garrastatxu: «Gobernatzeko era ezberdin bat da».

ARITZ LOIOLA / FOKU.
jon olano
2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Igandean eginiko galdeketa «historikotzat» dauka Ima Garrastatxu Durangoko alkateak (Trapagaran, Bizkaia, 1963), udalak aurrenekoz egin duelako herri galdeketa bat.

Zer moduzkoak dira emaitzak?

Oso pozik gaude; lehenik, posible egin dugulako. Erabaki elkartea hasi zen galdeketa egiteko eskatzen; 4.000 sinadura bildu zituzten, eta atzo egin genuen posible udalak antolatutako lehen herri galdeketa egitea. Bestetik, emaitzengatik: ez genuen espero hainbesteko parte hartzea; pandemiagatik, eta ez gaudelako ohituta horrelako galdeketak egitera. Guretzat, oso datu onak dira.

Oposizioak —EAJk eta PSE-EEk— abstentzioa eskatu du. Zer iruditzen zaizu?

Eusko Legebiltzarreko azken hauteskundeei begiratzen badiegu, Iñigo Urkulluk %26ko babesarekin gobernatzen du. Nork uste du ez duela zilegitasunik? Guk atzo babes handiagoa lortu genuen. Zergatik gure baietzak ez du zilegitasunik? Oposizioko alderdiei eskatuko nieke seriotasunez hartzeko 7.000 herritar baino gehiago joan direla iritzia ematera.

Zer dator orain? Jaurlaritzarekin negoziatu behar du udalak.

Jabeak bi administrazioak gara; batez ere, Jaurlaritza. Ez dago interes pribatu bat; bi publiko baizik, interes orokorra. Beraz, sen ona izan behar dugu; mahaian eseri behar dugu, eta berba egiten hasi. Baina kontuan hartu behar dugu denok garela Jaurlaritza, edo udala. Herritarrak gara administrazioa. Gu kudeatzeko gaude.

Jarri zarete harremanetan?

Galdeketa baino lehen, kontaktuan egon ginen, ez soilik gai honetaz, eta esan genuen galdeketaren ondoren hitz egingo genuela. Gaur edo bihar [atzo edo gaur] Jarriko gara kontaktuan eta hasiko gara bileraren bat jartzen.

Nabarmendu izan duzu herritarren parte hartzea sustatzen duen gobernantza eredu bat jarri duzuela martxan, eta jarraitzeko asmoa duzuela.

Batetik, sinesten dugu gobernantza parte hartzailean. Ez da lehen prozesua; udal gobernura heldu ginenean, aurrekontu parte hartzaileak jarri genituen martxan; Durangon inoiz ez ziren horrelako galdeketak egin aurrekontuak diseinatzeko. Gobernatzeko era ezberdin bat da. Hori ekarri dugu, eta espero dugu gelditzea; etorriko dira beste batzuk, baina guretzat inportantea da gobernatzeko beste era bat uztea. Gainera, guk ez dugu galdeketa egin guk nahi genuelako, 4.000 herritarren sinadurak bilduta eskatu dutelako baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.