Aztiker ikerguneko Amaia Elizagaratek (Andoain, 1972) eta Iñaki Iurrebasok zuzendu dute Euskal Herria datuen talaiatik 2006 egin duen lan taldea. Lan «luzea eta neketsua» izan den arren, jarraitu ahal izatea espero dute.
Zein da lan honen helburua?
Alde batetik, Euskal Herriko estatistikak eskaintzeko lanean aurrerapauso bat ematea, eguneratua eta aurrekoa baino osatuagoa; bestetik, Euskal Herriaren argazkia atera eta edozeinek ulertzeko moduan aurkeztea. Ez gaude ohituta Euskal Herria osorik ikustera.
Zenbatekoa da Euskal Herriari buruzko informazio estatistikoaren hutsunea?
Duela bost edo sei urte ez zegoen ia ezer. Bost edo sei urte daramatzagu lanean, hainbat eragilerekin elkarlanean, eta urratsak egin ditugu: Euskal Herria datuen talaiatik 2002, Euskararen Datu Basea, Datuen Talaia webgunea... Corpusa sortzen ari gara. Bide honetan aurrera egitea espero dugu, herri guztien eskubidea baita beren burua ezagutzea.
Aurreko azterketa nagusia 2002ko abenduan kaleratu zenuten. Zer-nolako harrera izan zuen?
Ona. Lana eskertu digute ikertzaileek, hedabideek eta baita eskola liburuak egiten dituztenek ere. Euscal Curriculuma egiteko erabiltzen ari dira. Hala ere, informazioa berritzeko premia zegoen.
Euskal Herria datuen talaiatik 2002 egitea aurrerapauso askoz ere handiagoa izan zen, ez baitzegoen ezer. Orain, ordea, bagenituen orduan egindako lana, metodologia eta lan prozedura.
Zer-nolako zailtasunak eragin dituzte Euskal Herriaren banaketa administratiboak eta horrek dakarren zatiketa estatistikoak?
Euskal Herria bost administraziotan banatuta dago: EAE, Nafarroako Gobernua eta Pirinio Atlantikoak dira hiru administrazio nagusiak, baina Arabako Trebiñu Burgosko (Espainia) administrazioaren menpe dago eta Bizkaiko Villaverde Turtzioz Kantabriakoaren (Espainia) esku.
Estatu bakoitzak estatistikak biltzeko bere prozedurak eta irizpideak ditu, eta sarritan ezin dira elkarrekin bateratu. Puzzle bat egin behar izan dugu: estatistikak hartu, bateragarriak diren ikusi, eta bateragarriak badira, bateratu. Arabako kasuan Trebiñu gehitu behar izan dugu; Bizkaikoan Villaverde Turtzioz; eta Ipar Euskal Herrian Pirinio Atlantikoetako udalerri guztiei buruzko informazioa jaso eta Ipar Euskal Herrikoak bereizi behar izan ditugu.
Euskal Herria Europarekin eta munduarekin konparatu duzue. Ez al gaude ohituegiak horrelakoetan geure burua Espainiaren edo Frantziaren barruan ikustera?
Bai. Horregatik, Euskal Herria Europako Batasunean eta munduan kokatu nahi izan dugu. Antzekotasunak eta ezberdintasunak bildu ditugu. Horrez gain, barne ezberdintasunak ere antzeman ditugu, Euskal Herriaren barruan leku batetik bestera dauden aldeak.
Liburuan onartu duzue gabezia nabarmena dagoela immigrazioa neurtzeko. Zergatik?
Bereziki zaila da. Estatistikak estatuen ikuspegitik egiten dira:esaterako, Frantziarentzat atzerritarra da Irundik (Gipuzkoa) Hendaiara (Lapurdi) bizitzera joaten den herritarra; aldiz, barne immigrazioa da Biarnotik (Frantzia) Hendaiara joatea. Hori guztia bereiztea oso zaila da,immigrazioari buruzko informazioa oso garrantzitsua eta interesgarria den arren. Azkenean, beste prozedura bat erabili behar izan dugu.
Liburuan jasotako ze ondorio nabarmenduko zenituzke?
Euskal Herria Europako herrialderik zaharrena da, hemengo jaiotze tasa oso apala baita; hala ere, jaiotze tasa igotzen ari da apurka-apurka, eta jada ez da Europako Batasuneko apalena.
Immigrazioaren joera aldatu egin da: biztanleria asko irabaztetik galtzera pasa ginen, eta orain berriro biztanleak irabazten ari gara.Ekonomian, zerbitzu sektorearen garrantzia gero eta handiagoa da, industria oraindik garrantzitsua den arren. Zerbitzuetan lan egiten dute emakume gehienek.Euskarari dagokionez, ezagutzak gora egin du, nabarmen, baina azkenaldian bilakaera moteltzen ari da.
Familiaren atalean ondorio nagusi bat atera duzue: familia eredua oso azkar aldatzen ari da.
Eredu pila bat sortzen ari da. Aldaketa erakusten duten hiru fenomeno daude: gero eta gehiago dira bakarrik bizi direnak, gehienak emakumeak eta edadetuak; gero eta gehiago dira guraso bakarreko familiak, gehienetan emakumeen ardurapean; eta bikoteen ia erdiek ez dute 24 urte arteko seme-alabarik etxean.
Estatistiketan etxeko lanak ez dira ageri oraindik.
Langileei buruzko estatistiketan ez dira langiletzat hartzen. Ondorioz, inkestetan ez da errealitate hori jasotzen; errealitatearen zati bat bakarrik erakusten dute.
«Ez gaude ohituta Euskal Herria osorik ikustera»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu