Ricard Gimenez. UOCeko ordezkaria

«Ez gara unibertsitate tradizionalen konpetentzia»

Universitat Oberta de Catalunyak bulegoa ireki du Donostian. Gimenezek erakundeei eskatu die 'online' unibertsitateen egitasmoak bultzatzeko.

jokin sagarzazu
Donostia
2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
UOC Universitat Oberta de Catalunyak Hego Euskal Herrian duen ordezkaria da Ricard Gimenez (Bartzelona, 1960). Bulegoa ireki dute Donostiako Tabakaleran. Aurreko ostiralean egin zuten aurkezpen ekitaldia.

2016tik zaudete Bilbon. Zergatik Donostian ere?

Euskadiko ehun sozial eta ekonomikoarekin konektatu nahi dugu, eta garrantzitsua iruditzen zaigu Gipuzkoan ere egotea. Bizkaian, Unesco Etxearen bitartez sartu ginen, eta Gipuzkoan, Impact Hub kooperatibarekin. Bat gatoz erakunde horren ikusmoldearekin, eta uste dugu bide luzea egin dezakegula elkarrekin.

Euskal instituzioen aldetik zer-nolako babesa jaso duzue?

UOC sortu zenetik izan duguharremana haiekin, 1994tik: ordutik, hainbatetan hitz egin eta lan egin dugu Eusko Jaurlaritzarekin, [Gipuzkoako] diputazioarekin eta Donostiako Udalarekin, besteak beste. Modu naturalean sortu da aukera hau.

Euskal Herriko zenbat ikasle dituzue gaur egun?

Euskadin 1.000 ikasle inguru ditugu. Eta 1.500 bat graduatu, gurean ikasketak amaitu dituztenak. Azken bost urteetan %300 hazi dira Euskaditik UOCen izena eman duten ikasleak.

Zein da ikasle horien soslaia?

UOCeko ikasleen soslaiak eta unibertsitate tradizionaletan matrikulatzen direnenak ezberdinak dira. Adinez zaharragoak dira gurean: Euskadiko ikasleen erdiek inguruk 35 urte baino gehiago dituzte. Gehienek amaitu dituzte unibertsitate ikasketak, eta beste gradu bat edo master bat egiteko matrikulatzen dira. Euren egoera pertsonala —adinagatik, lanean ari direlako...— ikasketekin uztartzeko modua bilatzen dute, aurrez aurrekoak ez diren online eskolen bidez.

Alderik nabari duzue generoari edo sexuari dagokionez?

Euskadin, ikasle guztien %58 emakumeak dira. Haiek izaten dituzte arazo gehiago kontziliaziorako, eta online unibertsitateetan errazagoa da.

Zein dira zuenean gehien hautatzen dituzten ikasketak?

Psikologiakoak, informatika ingeniaritzakoak eta enpresa arlokoak.

Beste zer eskaintza duzue?

40 gradu inguru ditugu. Master ofizialetan Espainiako Estatuko unibertsitateen artean ikasle gehien ditugu. Lanbide Heziketako ikasketak ere baditugu, Jesuiten eskolen sareak duen eskaintza birtualizatuz. Eta ikerketa ere lantzen dugu.

Irakasle denak UOCekoak dira?

Baditugu batzuk esklusiboak; irakasle aritzeaz gain ikerketa taldeak osatzen dituzte. Haiekin batera, irakasle kolaboratzaileen sare bat dugu, beste unibertsitate batzuetakoekin edota euren lan arloetan adituak diren profesionalekin. 1.100 lagunek osatzen dugu irakasleen eta kudeaketa langileen taldea UOCen.

Unibertsitate ikasketak katalanez egiteko hutsuneari erantzun nahi izan zenioten sorreratik. Zein da egungo egoera?

Ikasketa ia denak katalanez eta gaztelaniaz egin daitezke UOCen. Ikasle gehienak Kataluniakoak dira, baina Espainiakoak ere asko, eta Amerikakoak ere bai: Kolonbian eta Mexikon bulegoak ditugu. Herrialde horietako unibertsitate ugarirekin ditugu hitzarmenak.

Zeintzuk izan ziren UOCen sorreraren gakoak?

Kataluniako hainbat sektoretan—gizartetik hasi eta instituzioetaraino—, beharrizan eta eskubide gisa planteatu zen unibertsitate ireki bat sortzea Katalunian eta katalanez. 1994an hasi ginen; Gabriel Ferrateren apustua izan zen. Orduan, Internet oso gutxi ezagutzen zen. Aitzindariak izan ginen mundu osoan.

Kataluniako Gobernuaren eta erakundeen babesa izan zuen egitasmoak?

Bai. Kataluniako unibertsitate sistema publikoaren parte izan gara, eta gara orain. Kataluniako unibertsitate ia denekin kolaboratzen dugu; sistema publikokoekin batera hainbat gradu ditugu.

Zeintzuk dira UOCen finantzaketa iturri nagusiak?

Aurrekontuaren %25 diru laguntza publikoekin osatzen dugu. Gainontzekoa, matrikulen bidez eta unibertsitateak egiten dituen beste jarduerekin.

UEU Udako Euskal Unibertsitateak ere badu asmoa euskarazko online unibertsitate bat sortzeko, eta erreferentetzat du zuena. Zeintzuk dira martxan jartzeko oinarrizko urratsak?

Hezkuntza eredua oso argi izan behar da: gurean, ikasleak daude erdigunean. Ikaslearen beharretara egokitzen ditugu ikasketak, eta bide horretan laguntzen diegu, irakasleen bidez eta beste ikasleen bidez, haiek denak saretuz. Oinarri horretatik joan gara eraikitzen plataforma teknologikoa, eta ez alderantziz. Ez da unibertsitate tradizional baten eboluzioa; hutsetik abiatu behar da.

Non nabari dituzue zailtasun handienak?

Unibertsitate tradizionalek ez lituzkete konpetentzia moduan ikusi behar online unibertsitateak. Soslai eta behar ezberdinak dituzten ikasleak ditugu haiek eta guk. Era berean, oso garrantzitsua da instituzio publikoen jarrera. Gizartean behar bat dago ikasketa hauen inguruan; euren unibertsitate sistemetan integratu beharko lituzkete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.