Martxoan, Daniel Innerarity Geroa Baiko zerrendaburuak ez du ulertzen zergatik ez den osatu Espainian gobernu alternatibo bat (Bilbo, 1959). Martxoan, Catanian (Sizilia, Italia), errefuxiatuei buruzko kongresu batean italiar batek galdetu zion zergatik ez zen errefuxiatuak onartuko zituen gobernurik osatu. «Azaldu behar izan nion aldaketa ahalbidetu zezaketen indarren artean bat [PSOE] beldurrak jota zegoela eta bestea [Podemos] aukera hobe baten bila zebilela». Horregatik, Geroa Baiko jendeak animatuta, hautagai izateko abenturari baiezkoa eman zion.
Azken sei hilabeteko jokoak politikaren krisia areagotuko du?
Alderdi zaharrek huts egin dute, eta berriak merkealdiko promesekin etorri dira. Susmoa dut alderdi berriak etsipen iturri izango direla: Ahal Dugu-k eta Ciudadanosek atzean merkadoteknia handia dute, baina gobernu ardura txikia. Oso epe motzera jokatzen dute. Kontsumo ikuspegiarekin eta berehalako eraginaren bila. Horregatik dute itxurak egiteko hainbeste zaletasun eta horregatik daude hain kezkatuak keinu zein irudiekin. Estatuak ez ditu oihu eta keinuak behar, gobernuak baizik.
Ez dirudi zuentzat baldintza egokienak direnik.
Desabantaila argi batetik abiatu dugu kanpaina: abenduko aurrekontuaren erdia dugu, eta sistemara iritsi berriak diren batzuk, aniztasunaz mintzo diren arren, baztertu egin gaituzte modu txarrez telebistako eztabaidaren batetik. Gainera, estatuari begira planteatzen dira hauteskundeak, eta ematen du ez dugula pisurik. Hala ere, azken inkestek adierazten dute abertzaletasun periferikoak,estatuko %10 hori, erabakigarriak izan gaitezkeela gehiengoak osatzeko orduan. Aldi berean, ez gara mareen, estrategien edo estatu interesen menpeko. Oso inportantea da hori.
Zergatik da garrantzitsua?
Hasteko, hainbat mehatxu daude Nafarroaren gain. Batzuk oso zuzenak dira: C's edo PSOEko baroi batzuk.
Eta PP?
PPri, agian, ez zaio interesatzen gauzak ukitzea, erlategiari ostikada ematea bezala delako, baina egin beharreko aliantzek baldintzatu dezakete. Goizago edo geroago legealdi konstituziogile batera joango gara, eta ez dakit honako honetan edo hurrengoan. Garrantzitsua da Nafarroako interesak argudioekin defendituko duen norbait egotea.
Zer diferentzia ikusten duzu gaurko eta abenduko egoera politikoen artean?
Abenduan ez genekien zer gaizki kudeatuko zuten gobernua osatzeko prozesua. Pentsatzen genuen batzuk eta besteak gai izango zirela, eta aukerak zeudela gobernu alternatiboa osatzeko. Abenduan, Geroa Bai Madrilen aldaketarako indar gisa identifikatu ez zuen jendeak aproposago ikusten zituen beste batzuk. Azaldu nahi diet kanpainan gu gai izan ginela hemen aldaketa egiteko.
Gakoa al da desmobilizazioak nori eragingo dion?
Nire ustez, hiru inkognita daude. Lehenik, ez dakigu nola eragingo dien hautesleei hauteskundeak berriz egiteak. Bigarrenik, ez dakigu nola eragingo duen desmobilizazioak, eta, hirugarrenik, ez dakigu nola aldatuko diren gobernua egiteko moduak, denbora igaro ostean.
Erabateko blokeo politikoaren aurrean, irtenbide bakar gisa ager daiteke alderdi sozialistak eskuineko gobernu bat ahalbidetzea abstentzio bidez.
Bi protagonista daude: PSOE eta Podemos. PSOEk izua dio, are gehiago sorpasso delakoa badago, ezkerreko irtenbide irudimentsu bat lortzeari. Ezkerraren hegemonia lehiak kezkatzen du, eta egungo lidergoarekin ezin du arriskurik hartu. Alderdi sozialistari botoa ematea errusiar erruleta bat da: boto-emaileak ez daki zer egingo duen. Bestalde, iduri du Podemos erosoago dagoela oposizioan: indarrak bildu eta PSOE higatu dezagun. Noizbait 177 diputatu lortzeko itxaropenez? Gehiengo osora jokatzen ari da, baina ez du inoiz lortuko. Gustatu edo ez, Espainian ez da ezkerreko gobernurik egongo PSOErik gabe; ezta alderantziz ere.
Espainia nafartu daiteke?
Bi motatako nafartze daude: ona eta txarra. PSNk izan zuen beldur bera kutsa dakioke PSOEri, Espainian 2007ko abuztu edo 2014ko martxo sonatu haietan bezala. Bestalde, badago nafartze on bat. Harrotasunik gabe, hemen posible izan zen gobernua osatzea. Foru hauteskundeen osteko parlamentua ez zen Madrilen ekainean atera daitekeena baino errazagoa.
Urte luzez, UPNren kapital politiko nagusia Nafarroaren defentsan oinarritu da. Hori auzitan dago orain?
Nabarrismoaren postua hutsik geratu da. Ez naiz ari eslogan batez. Besteak beste, arerioak aldatu egin zaizkio. ETAk hiltzen zuenean eta abertzaletasunak EAErekin bat egitea planteatzen zuenean, oso eroso zegoen. Indarkeria geratu denean eta indar abertzaleak hasi garenean planteatzen pertsonen borondate askean egituratu behar dela, arerio gabe geratu dira, eta hori oso larria da politikan.
Epe luzera PPrekin aliantza kaltegarria da UPNrentzat
Bai, zalantzarik gabe. UPNko ahots batzuek ituna kritikatu dute. Zenbaiti ez die poz handirik eragin horrek, eta hautesleen zati batean eragina izan dezake. UPNren barruan, zati bat oso espainiarzalea da; baina beste bat, nabarrista. Kontraesan horrek azaltzen du haren gainbehera motela. 100.00 bototik behera gera daitezke.
Legealdi konstituziogilea aipatu duzu. Aukera ala arriskua?
Madrilen osatzen diren gehiengoen araberakoa izango da. Osatzen den gehiengoak nazio aniztasuna ulertuz gero, konponbide demokratiko bat ematen badio aukera bat da. Ez dut esan nahi guk egokitzat jotzen dugun konponbidea onartzea, baizik eta erabaki prozesu baten ostean jendearen eskuetan uztea estatuaren birdefinizioa eta nolako harreman egitura nahi duten. Jokaleku horretan eserleku bakar batekin posizio erabakigarria bete dezake Geroa Baik.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Daniel Innerarity. Geroa Baiko zerrendaburua
«Ez gara mareen estrategien eta estatu interesen menpeko»
PSOEk eta Podemosek Espainian gobernu alternatiboa osatzeko huts egin dutela deritzo. Geroa Baik kanpainari desabantaila handiarekin ekin diola pentsatu arren, garrantzitsutzat jo du diputatua lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu