2008ko urtarrilean, Nazioen Mundua egitasmoa aurkeztu zuten Idiazabalgo pilotalekuan (Gipuzkoa); herri kirolak ardatz hartuta, erabakitzeko eskubidearen inguruan sentsibilitate politiko ezberdinetako jendea biltzeko xedea zuen dinamika bat. Inor gutxik espero zuen hark egin zuen jauzia; eskualdera aurrena, Euskal Herrira gero. 11 urteotan, Angel Oiarbide (Beasain, Gipuzkoa, 1974) egon da lehen lerroan; Nazioen Munduan aurrena, eta, 2013tik, Gure Esku Dago-n. Zelai Nikolasekin batera aritu da bozeramaile sei urtez, eta biek utziko dute kargua martxoaren 31n, herri mugimenduak ziklo berri bat abiatuko duela-eta. Gaur, azken solasaldi publikoa edukiko dute biek Bilboko Kafe Antzokian, 19:00etan. Azken urteetan erabakitzeko eskubidearen alde 200.000 herritarren baino gehiagoren botoak bildutako herri dinamika ernatu zen lekuan hartu du Oiarbidek BERRIA.
11 urte Nazioen Mundua hemen aurkeztu zenetik. Atzera begiratuta, zer sentitzen duzu?
11 urte pasatu dira, eta bi Euskal Herri ezberdinetan bizi gara. Ez dute zerikusirik duela 11 urteko Euskal Herriak eta euskal gizarteak, eta oraingoak. 2007an hasi ginen mugimenduarekin; porrot egindako bake prozesu baten ondorenean geunden; herritarrak nora ezean geunden, galduta, etsita, eta okerrena: zain, hiru, lau edo sei ordezkari noiz bilduko ez dakit zein monasteriotan, adosteko guretzat onuragarria zen etorkizun bat. Zain, eta nor bere babeslekuan. Zer aldatu da? Herritarrak ez gaudela zain; ikusle izateari utzita, protagonista izateko jauzia ematen hasi garela. 2013an Gure Esku Dago sortzean, esan genuen ez zela lelo bat, jarrera bat baizik; ez da fede kontua: ezinbestekoa da norberak pausoak ematea, sentitzea zer gaitasun daukagun gure etorkizunean eragiteko. Bost urte igaro dira, eta ikusi dugu jabetzen ari garela zenbaterainoko eragin gaitasuna izan dezakegun. Garai batean ez genekien nola bideratu eztabaida hau; ikasi dugu gai honen inguruan haserretu gabe eztabaidatzen eta erabakitzen.
Zelai Nikolasek eta zuk bozeramaile izateari utziko diozue. Pauso bat atzera? Aldamenera?
Pausoak aurrera ematen ari gara, baina oso naturala da fresko dagoen jendeak pauso bat aurreraxeago ematea. GEDentzat sanoa eta ona da errelebo hau. Baina erreleboak ildo ezberdinetan egin izan dira GEDen. Kontua da orain mugimenduaren aurpegian izan dela. Hori da GEDen aberastasuna: harrobi bat sortu duela, ez duela mugimendua pertsonalizatu. Bozeramailea bezain garrantzitsua da Eibarren, Getxon edo Tolosan buru-belarri aritu den kidea. Zelaik eta nik ardura bat hartu genuen, eta guretzat ohorea izan da ahotsa jartzea, bainaGEDen ardura asko daude.
Nekerik?
GED ez da husten zaituen zulo beltz bat, gero eta emankorragoa den ur iturri bat baizik. GEDen asko eman dugu bertan gabiltzan kide guztiok, herri, eskualde nahiz nazio mailan, baina asko betetzen gaitu, ikusten dugulako elkarrekin zenbateko gaitasuna daukagun. Adiktiboa da. Eboluzio pertsonal bat kolektibo bihurtzen ari gara, eta kolektibo gisa ere eboluzionatzen ari gara; ikusten dugu, pausoak eman ahala, eremu batzuk konkistatzen ari garela. Hori, hustu ez, baizik bete egiten duen prozesu bat da.
Izan duzu basamortuan predikatzen duenaren sentipena?
GED sortu zenean, egokitu zitzaigun herri askotan hitzaldiak ematea. Jendeak bi gauza esaten zizkidan, egun grazia egiten didatenak. Bat: «Angel, ematen du sinetsi egiten duzula». Eta nik erantzun: «Nola ez dut, ba, sinetsiko? Nola zabalduko nuke mezu bat sinetsiko ez banu?». Bestea: jendea indartuta irteten zela hitzaldietatik, eta nik hustuta amaitzen nuela. Ni, ordea, indartuta ateratzen nintzen: kontrakoa da, niri honek bete egiten nau, ikusteak sintonia bat konpartitzen duzula.
Zein izan da urteotako unerik gozoena?
Momentu hori iristeko dago. 2008an Eskoziara joan ginen, etorri ginen, eta esaten ziguten: «Kito. Zer gehiago egin daiteke?». Hurrengo urtean, Kataluniara joan ginen, eta Eskoziara. Esaten ziguten: «Espero zenuten honaino iristea?». Gero hasi ginen eskualdean ekitaldiak egiten, dokumental bat egin genuen. Ondoren, GED sortu zen, giza katea egin... Horregatik diot onena iristeko dagoela, GED ez baitzen sortu aldarrikatzen ibiltzeko. Pauso gehiago ezinbestekoak izango dira, baina GEDek zentzua izango du herri honek libreki erabaki arte bere etorkizuna.
Igaro da unerik gaziena?
Ez nuke esango gazirik egon denik; egon dira zailak, korapilatsuak. Baina emandako pauso guztiak ezinbestekoak izan dira honaino iristeko.
Une zailen adibide bat?
Eskozia-Euskal Herria jaialdia. Apustu bat izan zen Eskozia zati bat ekartzea: dantzariak, musika taldeak, politikariak... 240.000 euroko jaialdia zen, eta egun bakarra genuen. Zaparrada bota izan balu, gu oraindik lokatzetan geundeke. Sentipena zen inor ez genuela izango laguntzeko. Jarrera bat zegoen: «Zer uste zenuten, inor baino bizkorragoak zinetela?». Zirimiria egin zuen, ez zaparradarik, eta buelta eman genion. Halakoetan konturatzen zara oraindik ere asko zabaldu eta kohesionatu behar dela mugimendu bat. Ondo irteten denean bakarrik baloratzen da, baina anbizioarekin aritzea bera positiboa da, emaitza ez dugulako guk kontrolatzen, baina bidea, gogoa eta aspirazioa guk jartzen ditugu.
Arantzarik?
Ez. Arantzarik, ez.
Zer, orduan?
Politikan ez nenbilenean, nire irudipena zen, nahiz eta guk ez ikusi, Euskal Herriko eragileak hitz egiten ariko zirela, sintonia bat egongo zela. Nire sorpresa izan zen ez dagoela kultura hori jorratuta. Herdoildu egin gara interes komunak ikusteko garaian. Ez gara kapaz interes komunak irudikatzeko, eta hor arazo larri bat daukagu; ez bagara gai herri gisa interes komunak irudikatzeko, ez dugu ezer eredugarririk egingo. Herri honek eredu bat sortzeko aspirazioa badauka, elkarlan baten bidez izango da ezinbestean. Nire tristura da oraindik elkarlanerako kultura hori asko olioztatu behar dela.
Zer ikasi duzu bidean, politikan eragile izanik?
Askotan urrun ikusten ditugu alderdiak, politikariak eta instituzioak. Iruditzen zait zubigintza hori egin behar dela; herritarrok ordezkariak behar ditugu, baina ordezkariek herritarrak ere bai, eta, talde horrek funtzionatu dezan, elkarrekin eman behar ditugu pauso asko; alderdiak ez dira herritarren azpikontrata bat; ardura herritarrona da. Sinesten dut herri honen gaitasunean, prozesu bat ikusi dudalako, eta horrek, ase beharrean, gose handiagoa sortzen dit. Ez dugu imajinatu ere egiten zer egiteko gai garen.
Inozentzia galdu duzu bidean?
Atzera begiratzen dut, eta gauzatxo bat ikusten dut pena ematen didana, nahiz eta berreskuratuko dudan: inozentzia galdu izana. Hau guztia ezinezkoa zatekeen naturaltasunik, logikarik eta inozentziarik gabe. Sartzen zarenean politikan eragitera, inozentzia hori galtzera eramaten zaituzten korronteak daude. Hori pena bat da. Politikan, ezer behar bada, inozentzia, zintzotasuna eta naturaltasuna behar dira. Kalean, herrian, kuadrillan, lantokietan funtzionatzen dugun bezala funtzionatzea politikan ere. Politika humanizatzea falta zaigu. Oso artifizial bihurtu da.
Nolako tratua dute alderdiek herri mugimenduekin eta, zehazki, GEDekin? Aintzat hartzen zaituztela sentitu duzue, edo kontrakoa?
Trantsizio batean gaude, eta GED trantsizio horren zubi bat da. Duela sei urte sortu zenean, erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida mahai batean zegoen, alderdiek kudeatuta. 2013an, GED eseri zen mahaian, eta esan gaia landu nahi zuela. Horrek errezeloak sortu zituen guztientzat. Urteotan, GEDi buruz jende askok hitz egin du; baloratzen, epaitzen, kritikatzen... onerako eta txarrerako. GEDek ez du inori buruz hitz egin publikoki. Ez da kasualitatea. Mugimendu honen fokua ez zegoen kanpora begira; guk zer egin dezakegu? Ateak ireki dizkiguten eragile guztiekin egon gara, ematera gindoazen pausoak azaltzeko... Elkarlan kultura bat jorratzen aritu gara.
Gainditu dira errezelo horiek?
Gainditzen ari dira. Gaur, alderdiek beste modu batera ikusten dute. Errespetuz ikusten dute, eta ondo baloratzen. Herritarrek ikusten dute Euskal Herrian badagoela anbizioarekin dabilen herri dinamika bat. GEDek jarri dituen erronkak ez dira izan bere egiturarekin soilik lor zitezkeenak; nahi eta nahi ez elkarlan bat eskatzen zuten proiektuak izan dira, interes komuna zutela iruditu zaizkigunak eta lanketa baten ondoren eginikoak. Anbizioa, GEDek ez duelako galtzeko beldurrik; ez du ezer galtzeko, ez du ezer jokoan lau urtean behin. Luzera begirako perspektiba dauka, eta ematen duen pauso bakoitza konkista bat da. GEDek ez du pausorik atzera egin.
Ficoban [2013ko ekainaren 8an], esan zenuen oihal handiak behar zirela haizea aprobetxatu eta itsasoan aurrera egiteko. Zer moduzko sarea osatu da urteotan? Mugak erakutsi ditu?
Saretzeko dago. 2013an, esaten genuen iparraldetik haize demokratikoak zetozela, Eskoziatik. Oinarritik gizartea saretu, josi, ehundu behar zen, ahalik eta zabalen eta sendoen, zetozkion haizeak aprobetxatu eta espazio hobe batera eramateko. Falta da, baina saretzen hasi gara, eta saretu dugulako gaude gauden lekuan. Ficoban bertan esan genuen martxan zela erabakitzeko eskubidearen eta autodeterminazioaren tren bat, eta iritsiko zela Eskoziara eta Kataluniara. Baina, Ficoban, oso urrun ikusten genuen Euskal Herritik igarotzeko aukera. Baina eztabaida hemen dago jada. Gehiago saretu beharra dago, ordea.
Haizeak aldeko zirudien 2013an. Orain?
Eskoziakoa pasatu zen, baina bigarren haize bolada etorriko da, eta prest egon behar dugu. Katalunian ez da bukatu: posible da orain hastea. Eta gai izan beharko genuke gure oihal propioak sortzeko. Baina guztiak ez dira demokraziaren aldeko haizeak; badira beste batzuk, kontrakoak. Ondo kudeatu beharko dugu, baina, haien aurrean, ezinbestekoa da gizarte gisa prestatzea, indartzea eta, kikildu beharrean, aurre egitea.
Ziklo berri bat zabalduko duGEDek. Nondik joko du?
Sei urteotan, GEDek saio bat egin du; existitzen ez zen espazio bat sortu du. Jarrera bat barneratuz joan gara, eta pausoak eman ditugu. Herri honetan gero eta gehiago gara ikusle izateari utzita protagonista izaterako jauzia eman dugunok; konplizitate espazio bat sortu dugu, eztabaida bat sostengatzeko gai izan gara eta 2.019 arrazoi bildu ditugu erabakitzeko. Zein da etapa berria? Orain hasten da GED martxan. Sei urteok ezinbestekoak izan dira GED sortzeko. Zein da erronka? Elkarrekin erabakitzeko tresna demokratikoak gureganatzea eta legeztatzea.
Ziklo berri bat hasteak esan nahi du nolabait agortu dela aurrekoa. Bere burua berrasmatu beharra zuen GEDek?
Lehenbiziko urtetik berrasmatzen aritu da. Giza katea egin eta gero, orri zuri bat jarri genuen; dena zegoen egiteko. Hurrena, galdeketen tresna erabili genuen, baina baita mobilizazioena, Kataluniakoa... Etorkizunean ere berrasmatu beharko dugu. Baina garrantzitsuena da argi edukitzea zein den iparrorratza.
Ipar hori erreferendum bat da?
GEDen iparra zera da, herri honetan libre eta demokratikoki gure etorkizuna erabakitzea, erreferendum bitartez. Erreferendumaren edo erreferendumen bidez.
Jokaleku horretatik gertuago gaude? Posible ikusten duzu erdiko epean, epe laburrean?
Gertuago gaude. Eztabaida badago, eta egongo da. Batzuek uste dute bolada antidemokratiko bat etorrita zutabe horiek eraitsiko direla. Kontrakoa da: sendotu behar ditugu. Zutabe horien gainean eraikiko da etorkizuna. Gauza bat daukat garbi: euskal herritarrak gehiengoz borondatea eta determinazioa daukagunean gure etorkizunaren jabe izateko, egun horretan erabakiko dugu. Eragile garrantzitsuenak ez daude guregandik kanpo; gure etorkizunaren jabe izateko faktore garrantzitsuena gure borondatea eta determinazioa dira.
Orain, zuk zeuk zer?
Eraikuntzaren arlokoa naiz, eta lanbidean hainbat sektore erabiltzen ditugu; guztietan inportanteena pertsonak dira; arkitektoak, igeltseroak, iturginak... Aliatuak behar dira proiektu bat aurrera ateratzeko, eta oso garrantzitsua da bakoitzaren inplikazioa. Hortik nator, eta sei urtean eraikuntza sozialean aritu naiz. Ezinbestekoa da jendearen inplikazioa; irudikatzea proiektu hori. Bozeramaile ibilbidea hemen amaituko da; nire ofiziora itzuliko naiz, baina GEDen idazkaritzan eta kalean egongo naiz.
Angel Oiarbide. Gure Esku Dago-ko bozeramailea
«Ez gara kapaz interes komunak irudikatzeko; hor arazo bat dugu»
Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikari ahotsa eta aurpegia jarri dizkio Oiarbidek azken urteetan, eta ardura hori uztear da. «Penaz» ikusten du bidean «inozentzia» galdu izana: «Politika humanizatu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu