Genero indarkeria

"Ez gara inorenak"

Apirileko datuen arabera, iaz, mila emakume baino gehiago artatu zituzten genero indarkeriagatik Gipuzkoan. Euren azalean jasan eta salatu dutenetako biren sentimenduak eta bizitzari berrekiteko gogoa bildu ditu 'Gipuzkoako Hitza'-k.

Genero indarkeriaren biktima izan diren bi emakume elkarrizketatuak, bizkarrez. J. C. RUIZ, ARP
Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2014ko maiatzaren 9a
08:32
Entzun

Gogorra da esatea, baina ohitu egiten zara hala bizitzera ere. Ingurukoek salatu egin behar duzula esaten badizute ere, ezin duzu; ezin duzu pertsona hori utzi". Amandak hitz horiekin azaldu du bikotekideak tratu txarrak ematean sentitzen zuena, Anak ere buruaz baietz dio.

Eusko Jaurlaritzak apiril amaieran kaleratutako datuen arabera, genero indarkeria da biktimen arreta zerbitzura jotzeko arrazoi nagusia. Gipuzkoako kasuan, 1.138 pertsonari eman zieten arreta iaz arrazoi horrengatik. Genero indarkeriaren biktima izan eta arreta jaso duten bi emakume prest agertu dira beren esperientzia Gipuzkoako Hitza-ri kontatzeko, aurpegia eman gabe eta euren egiazko izenak isilean gordetzeko baldintzapean.

Anak hamalau urte igaro ditu senarrarekin, eta orain bananduta daude. Eztabaidekin hasi ziren: "Eztabaidatzen genuen aldiro mehatxatzen ninduen bere buruaz beste egingo zuela esanez. Semea jaio zenean, mehatxuari eutsi, eta haurraren aurrean labana zainen parean jartzera ere iritsi zen". Alaba jaio zenean, berriz, mehatxuak Anaren aurkakoak izatera igaro ziren: "'Uzten banauzu, hil egingo zaitut', esaten zidan; beretzat ez banintzen ez zuen nahi beste inorentzat izaterik". Hala ere, ez zuen jotzen, iletik tira edo bultza egiten zion: "Beti esaten zidan ez ninduela joko, ez zidala aurpegian markarik utziko; ez dira inozoak".

Amandaren bikote harremanak bost urte iraun du, eta denbora guztian jasan ditu tratu txarrak: "Elkarrekin asko irteten ginen, eta hori zen berak nahi zuena; irtetekotan, elkarrekin irtetea. Nire ahizpekin irten nahi banuen, ez zidan uzten; bakarrik irteten banintzen eta berak esandako denbora tartea baino gehiago egoten banintzen kalean, haserretu egiten zen". Batzuetan pentsatzen zuen gauzak ezin zirela horrela izan, eta kasurik egin gabe irteten zen kalera bere kasa: "Halakoetan, oso erasokor eta urduri jartzen zen, eta ni ere urduritu egiten ninduen. Eskuetatik heltzen zidan, eta bihurritu egiten zizkidan; jo eta bultzatu egiten ninduen".

Salatzeko beldurra

Gertatzen zitzaiena ulertu ezinak eta beldurrak eragotzi egiten zien egoerari aurre egitea. Tratu txarren osteko damuak eragina du, Amandaren hitzetan: "Nik beldurra nuen, ez nekien zer egiteko gai izango zen. Egiten zuena maite ninduelako egiten zuela zioen, maite ninduelako jotzen zidala". Ana ere oroitzen da halakoez: "Konfiantzazko lehengusu batekin hitz egin nuen, eta hark salaketa jartzeko esan zidan. Baina niri horrek beldur handiagoa ematen zidan, ez bainekien zer egingo zidan salatuz gero. Gainera, beti esaten zidan ez zela berriz gertatuko, barkatzeko, asko maite ninduela".

Anak, azkenean, ertzainengana joatea erabaki zuen, eta esan zien ez zuela senarra salatu nahi, baina egoeraren berri eman nahi ziela. "Haiek esan zidaten salaketa jartzea beharrezkoa zela, eta zerbait gertatuz gero deitzeko telefono zenbaki bat eman zidaten". Senarra salatu, eta epaiketa azkarra izan zuten. Anari ez zitzaion gustatu nola tratatu zuten, baina egoera aldatzeko balio izan zuen, behintzat: "'Hau berehala amaituko da', zioen epaileak; haren hitzetan, bikote arteko liskarrak baino ez ziren. Hala ere, etxera etorri gabe egon zen bi egunetan, eta itzuli zenean bakoitzak bere bizitza egiten genuen".

Amandak gorabehera gehiago izan zituen salaketekin. "Eztabaidak izaten genituen, eta erasokor egoten zen nirekin; nire familiarekin ere asko sartzen zen. Asko pasatu zen batean, nire ahizpak esan zidan nik egiten ez banuen berak salatuko zuela, bestela hil egingo ninduela". Ahizpak salaketa jarri zuen, baina beldurragatik Amandak berak kendu zuen. "Zergatik ez nuen uzten? Ba asko maite nuelako. Esan daiteke ohitu egiten zarela horrela bizitzera. Egoerara egokitzen zara; berea zarela sinesten duzu".

Hurrengo aldian, ez zuen bi aldiz pentsatu, eta salatu egin zuen: "Duela urtebete pasatxo, etxera etorri zen, eta galdetu zidan ea telefonoa nik erabili nuen. Baietz esan nionean, lepotik gogor heldu zidan, asko estutuz. Sukaldera labana bila ere joan zen; tirabiran ari ginela, labana lurrera erori zitzaion, eta etxean zegoen beste lagun batek labana hartu eta ea zertan ari zen galdetu zion. Eskerrak horri, bestela kontatu ere ez nuen egingo". Salaketaren osteko epaiketa azkarra izan zuen Amandak ere, eta orain hurrengo epaiketaren zain dago.

Anak, aldiz, epaiketa gehiago izan ditu, eta orain ez du senar ohiaren berririk. Duela bi urte, haurren arropa motxila batean sartzen hasi zen, eta eraman egingo zituela esan zion. Nora zeramatzan galdetu, eta "ez zaizu inporta", erantzun zion: "Oldartzen hasi zen, eta ertzainei deitzea erabaki nuen, eta deitzen hasi orduko ihes egin zuen etxetik. Ordurako abokatua banuen, eta epaiketa izan genuen". Epaiketan, Anaren bikotekideak esan zuen etxetik joan nahi zuela, eta ordutik ez du haren aldetik mehatxurik izan. "Berak haurrak ikus zitzan geratzen ginenean, anaiarekin etortzen zen, eta ni ere ahizparekin joaten nintzen. Geroztik, epaiketa gehiago izan ditugu, eta ordutik ez dut haren berririk".

Jasotako arretarekin pozik

Biek ertzainetara jo zuten, eta handik bideratu zituzten tratamendu psikologikora. Pozik daude jaso duten arretarekin. Anaren hitzetan, "oso lagungarria" izan da, bai ertzainen aldetik jasotako laguntza, baita psikologoak eman diona ere. Amandaren kasuan, orain ari da tratamendu terapeutikoa jasotzen, eta "askorako" balio dio: "Guztia gertatu zenean, kalera irteteko ere beldurra nuen, lotsatu egiten nintzen; iruditzen zitzaidan jende guztiak bazekiela zer gertatu zitzaidan eta begiratu egiten ninduela. Asko ikasi dut; lehen baloratzen ez nituen gauzak ikusten ditut orain".

Euren bikotekideek gutxietsi egiten zituztela diote, ez zutela ezertarako balio esaten zietela; "Nora zoaz? Ikasketarik ere ez duzu eta", esaten ziola oroitzen da Amanda. Horri buelta emateko balio izan dio terapiak Anari: "Lanbideko ikastaro bat egin nuen adinekoak zaintzeko, eta Matia fundazioan praktikak ere egin nituen. Horri esker, neure buruari esaten nion 'hara, zerbaitetarako balio dut'".

Hein batean, sufrimendua gainditu eta bizitzari berrekin diote Anak eta Amandak. Azken horrek tratu txarren biktima den edonori "egoera errotik mozteko" aholkatuko lioke: "Baita maite badu ere; maitemina sendatzen da. Ni neu, banandu ginenean, oso maiteminduta nengoen oraindik, eta asko sufritu nuen, baina orain merezi zuela pentsatzen dut. Nire bizitza ez da perfektua, baina pozik sentitzen naiz neure buruarekin, egin nezakeen hoberena dela uste dut. Hasieran min egiten du, geure buruagan baino gehiago tratu txarrak ematen dizkigun horrengan pentsatzen dugulako oraindik".

Anak ere orain oso argi du berarentzat eta gainerako emakumeentzat zer nahi duen: "Buka dadila hau guztia behingoz; ez gara inorenak, eta ezin gaituzte horrela tratatu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.