Jose Luis Elkoro. Bergarako alkate ohia

«Ez gara gai izan elkartuta egoteko eta indar ahaltsu bat izateko»

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
1976ko uztailaren 21ean sortu zen Hego Euskal Herriko alkateen mugimendua, Bergaran, eta funtsezko pieza izan zen Jose Luis Elkoro (Elgeta, 1935), Bergarako orduko alkatea. Mugimendu hura frankismoa amaitu zenean sortu zen, foruen deuseztapenaren mendeurrena bete zenean. Udal ordezkariek hainbat aldarrikapen bildu zituzten: Nafarroaren parte hartzea, euskararen ofizialtasuna, foruak, amnistia eta Estatutuaren aldarrikapena. Garai haiek oroitu ditu Elkorok, eta elkartasunerako deia egin du.

Nola gogoratzen dituzu garai haiek?

Aukera bat izan zen, aukera ederra. Berpizte bat izan zen. Herria oso motel zegoen, frankismo garaian ezin zelako ezer egin; jendeaisilduta zegoen, geldirik, behartuta. Eta ekitaldiarekin aukera bat sortu zen berpizteko, jendeari arnasa emateko 40 urteren ondoren. Eta halaxe izan zen: arnasa. Jende asko etorri zen. Eragin handia izan zuen, arrakasta handia. Alkate taldeok ordezkaritza bat hartu genuen, eta garai hartan, denbora batean, guk eraman genuen herriaren ordezkaritza. Uste dut ondo joan zela. Abantaila handi bat genuen: ez ginen alderdi politiko bat, eta guztien laguntza eta babesa genuen. Horrek indarra eman zigun, eta etekin garrantzitsuak lortu genituen. Baina handiagoak atera behar genituen; ez ziren aurrera joan. Aukerak egon ziren, eta hor bukatu zen.

Etekin gehiago atera zitekeen, beraz?

Bai, aukera bat galdu zen. Jarraitu bagenu, esate baterako, alderdien gainetik... Alkateak pertsona garrantzitsuak dira, oso inportanteak. Horiek ordezkatzen dute ondoen herria. Denok elkartuta egon izan bagina, uste dut agian gaur egun beste egoera batean egongo ginatekeela. Baina orduan etorri ziren alderdi politikoen legeztatzeak, eta bakoitzak bere aldera egin zuen. Ez zen egon indar bateratu bat, aukerak edukiko zituena etekin hobeak ateratzeko. Jarraitu izan bagenu, eta alkateen mugimenduak alderdien gainetik segitu izan balu, etekinak askoz aberatsagoak izango ziratekeen.

Historian horrelakoak asko gertatu dira. Ez gara gai izan elkartuta egoteko eta elkartasunarekin indar ahaltsu bat izateko. Zoritxarrez, gaur ere ez.

Garai hartako aldarrikapenak indarrean daude oraindik?

Bai, bakoitza bere aldetik dabil, baina tira, horiek denak ondo daude. Kolektiboek helburu bat jartzen dute, eta horri bultzada ematen diote. Baina horren gainetik indar batek egon behar zuen, nola edo hala hori dena bilatuko zuen indar bat, komentatu eta premisak bateratzeko. Bakoitza bere aldetik dabil, eta ondo doaz, baina hori baino erakunde askoz potenteagoa behar dugu, horren gainetik egongo dena.

Aldarrikapenak badaude, baina oso mugatuta, beren ahalmena ere murriztuta dagoelako. Baina interesa eta borroka badago.

Nola ikusten duzu orduko egoera egungo ikuspegitik?

Oso interesgarria izan zen, oso. Uste dut horren arrazoi nagusia elkartasuna dela; elkartuta geunden erakunde bat ginen, eta herria gurekin zegoen, eta hor zegoen aberastasuna. Harrezkero ez dugu horrelakorik sortu.

Eta egungo egoera?

Egiteko. Badakigu garai batean zer egin genuen, noraino iritsi ginen. Eta gaurko egoera haren jarraipen bat izan daiteke; ea gai garen hori aurrera eramateko.

Zerk kezkatzen zaitu gehien?

Zatiketak. Jakin behar dugu gure artean elkartu eta konpondu egin behar dela. Hartu eta eman egin behar da, eta hori egin behar dugu. Badakigu hemengo helburuak zeintzuk diren, oso garbi ditugu, eta horren bila joan behar dugu, baina elkartuta. Batasuna behar da. Nortasuna eta eskubideak dira helburu garrantzitsuak Euskal Herrian. Eta euskara ere bai. Baina, azken finean, euskara helburu horren zati bat da. Helburu nagusia Euskal Herriaren nortasuna da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.