Peio Jorajuria. Seaskako lehendakaria

«Ez gaituzte besteak bezala tratatzen ahal»

Ipar Euskal Herriko ikastolen lehendakari gisa lehen ikasturtea izango du Jorajuriak. Azken urteetako hazkunde bidean jarraitzea izango du xedea. Bigarren mailan jarri du erronka: ikasleen gorakada han hasiko da orain.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Ikasturte berria, lehendakari berria. Peio Jorajuriak (Azkaine, Lapurdi, 1979) hartu du Paxkal Indoren segida Seaskako lehendakari gisa. Aurpegi berria, estilo desberdina, baina helburu bera: kolektibo baten ordezkari izatea. Ahetze-Arbonako (Lapurdi) ikastolaren aurkezpena egin zuen atzo, azken urteetan ikastolak izaten ari diren garapena goratuz.

Nola hartu duzu izendapena?

Ohore handia da, misio biziki-biziki polita baita. Kargua handia da, ardurak ere bai: tresna biziki potolo bat kudeatzeko, arazo pisutsuak... Erantzukizun handiko ardura. Konfiantzaz hartu dut. Barnean izaki, badakit badela talde lan bat gibelean: guraso andana, langile fidagarriak... Badakit tresna martxan dela, eta lagundua izanen naizela karguan.

Zer asmo duzu? Zer nahiko zenuke egin edo lortu?

Proiektuak beti taldean eramaten ditugu. Gure lehentasunetan da garapenarekin segitzea, bereziki bigarren mailetan. Erronka nagusiak bigarren mailetan ditugu: bai egoitzetan —nahiz eta berriki ireki dugun Baionako kolegioa—, bai postuen negoziazioan. Iazkoa biziki gatazkatsua izan zen, baina ate batzuk ireki ditu. EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin eta tokiko hautetsiekin lan egin dugu, Parisi erakusteko ez garela eskola arrunta, ez garela hor hezkuntzarako bakarrik, baizik baita hizkuntza politika bat eramateko ere. Mezu hori pasatu da, eta sartu da, iaz ukan dugun laguntzari esker. Beraz, espero dugu aurten horretan oinarritzen ahalko garela negoziazioak sendotzeko, eta lortzeko ondoko urterako oraindik eskas zaizkigun postuak.

Garapena aipatu duzu; hain justu ere, 4.000 ikasleko langa gainditu duzue aurten.

Azken urteetan, demografia aldetik sortze tasa apaldu da Iparraldean. Haur gutiago bada, baina guk, hala ere, ikasle gero eta gehiago biltzen ditugu. Lehen mailan, aitzineko urte batzuei konparatuta garapenaren erritmoa pixka bat mantsotu da, baina, hala ere, baditugu ikasle gehiago ikastola guzietan, eta ikastola gehiagoren beharra ere bada. Ahetze-Arbonako ikastola ireki dugu orain, baina duela guti Bokalekoa ere ireki genuen, pentsatuz Baionako Oihana ikastola arinduko genuela; aurten ikusi dugu Bokalen kopuruak bikoiztu ditugula, eta Oihana ikastolan ere 11 ikasle gehiago dituzte. Garapenak baditugu alde guzietan.

Bigarren mailan erronka handiagoa dugu. Duela bost urte, bultzada handia izan genuen, eta, orain, bigarren mailetara iristen ari dira ikasle horiek. Kopuruak biziki handitu zaizkigu. Hirugarren urtea dugu Baionako kolegioan; Ziburukoa bete-betea da. Lapurdi hegoaldean beste kolegio bat beharko dugu, bestela ez baititugu hartzen ahalko gaur egun lehen mailan diren ikasle guziak.

Postuen auzian akordioa lortu zenuten azkenean. Ikasturtea lasaiago hasi duzue horrekin?

Iazko urtarrilean bi postu baizik ez zizkiguten eskaintzen; martxo-apiriletan, bost. Zenbaki horiekin ezin genuen ezer egin. Udan lortu genuen 19,5 postura igotzea. Lasaitu ditu bazterrak, eta sartzea egin ahal izan dugu baldintza onetan. Baina ez da ahantzi behar: nahiz eta Hezkuntza Ministerioak 19,5 postu ezarri, Seaskak 11 postu diruztatu beharko ditu bere eredua ziurtatzeko. Horrez gain, baditugu oraindik eskas batzuk. Bigarren mailetan baditugu hiru ikasgela 30 ikasleko kopurua gaindituko dutenak. Horiek gure diruztapenari esker denbora erdiz bikoiztuko ditugu lana arintzeko —teorian, osoki bikoiztu beharko genituzke—. Hor ditugu dokumentalisten kasuak ere, eta, oro har, ikasle aitzinean ez diren irakasleen arazoak. Adibidez, Baionako kolegioan aurten ez dute dokumentalistarik; Larzabalen, 224 ikasle izanik ere, lanaldi erdi batekin egin beharko dute. Afera guziak ez dira konponduak. Hala ere, orokorki, iazko urtean lortu dugu gure mezua Pariseraino iristea, eta han kontuan hartu dute gure berezitasuna —ez bakarrik Seaskarena: lurraldearen berezitasuna, hizkuntza politika—. Badugu hitzarmen berri bat ere, uztailean izenpetu duguna; elkarrizketa baten koadroa ematen digu. Badugu tresna, badugu hemengo erakunde publiko eta hautetsien sostengua; orain eskas da Parisen belarria.

Orain hitzarmena bete behar da. Zertan dira harremanak?

Hiru mailatan jokatu behar da Hezkuntza Ministerioarekin. Bai Pauen, ikuskaritzan; bai Bordelen, errektoretzan; bai Parisen, ministerioan. Pauen eta Bordelen solaskide berriak izanen ditugu aurten. Ez dakigu nola pasatuko den. Espero dut barne trantsizioa ongi egin dutela, baina esperientziaz badakigu solaskide berri horiek denbora pixka bat beharko dutela ikasteko nor garen, nola funtzionatzen dugun eta zer den hizkuntza politika: zergatik gu ez gaituzten besteak bezala tratatzen ahal. Solaskide horiek ulertzen badute aski fite, lan sendoa egiten ahalko dugu. Gero, Parisen, ikusiko da. Jarrera biziki ezkorra izan dute azken urteetan hizkuntza gutxituei buruz, bai eskualde guzietan, bai eredu guzietan —publiko zein pribatu—. Urte bukaeran jarrera aldatu zuten guri postuak emanez eta eskola publikoetan murgiltze ereduaren esperimentazioa baimenduz. Aurten ildo horretatik jarraitzen badute, ongi pasa daiteke.

Irailaren 28rako ekitaldi bat iragarri duzue.

Baliatuko dugu egun hori ekitaldi hirukoitz bat egiteko. Alde batetik, Euskal Herri osoko ikastolen sartze ekitaldia eginen dugu egun horretan. Ondotik, estreinatuko dugu berriro gure lizeo berria; duela bi urte estreinatu genuen, baina, geroztik, handitu behar izan dugu, lanbide heziketaren arrakastaren ondorioz bereziki. Azkenik, 50 urteak direla eta, ekitalditxo bat eginen dugu. Gero bazkaritxo bat eginen dugu gomitatuz azken 50 urteetan izan diren, kide, guraso, irakasle guziak. Beste bi ekitaldi nagusi ere izanen ditugu irail honetan: Gliss Eguna irailaren 15ean Angelun, eta Gure Zirkua Kanbon, irailaren 19tik 22ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.