Juan Kruz Lakasta

«Ez dute nahi euskaldunak ahaldunduko dituen hedabiderik »

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun

Enrique Maia Iruñeko alkateak bidea itxi die euskal hedabideei iragarki instituzionalak jasotzeko. Juan Kruz Lakasta Euskalerria irratiko koordinatzaileak estrategia bat ikusten du horren atzean.

Publizitate instituzionalik gabe utzi du Iruñeko Udalak Euskalerria irratia. Espero zenuten halakorik?

Bai, esleipenaren baldintzak ikusi genituenetik. Baldintzetako bat guztiz susmagarria zen, eta oso agerikoa zen maniobra burokratiko euskarofobo bat zela euskarazko komunikabideak oro har eta bereziki Euskalerria irratia laguntzarik gabe uzteko.

Audientziaren %10 izatea ezarri du irizpidetzat Iruñeko Udalak.

Ez dute aintzat hartu Iruñean bi hizkuntza propio ditugula eta horietako bat gutxitua dela. Guztiontzako baldintza berak ezarri dituzte. Gaztelaniazko hedabide baten unibertsoa Iruñerrian 200.000 lagunekoa da, eta euskarazko batena, 20.000koa. Biak modu berean neurtu eta ponderaziorik egiten ez baduzu, de facto euskaldunak bazterrean uzten ari zara.

Zer erraten dute zenbakiek?

Zenbakiak oso gordinak dira, eta oso gordinki islatzen dute zer neurri hartu nahi izan duten. Audientziaren %10 eskatzen dizute zure hizkuntzan dihardutenak %10,5 izanda. Eskandaluzkoa da. Iragan legealdian publizitate instituzionala jasotzen hasi ginen, lizentzia eskuratu genuelako eta udalean aldaketa egon zelako. Jopuntuan gintuzten, eta, aginte makila hartu dutelarik, makila horrekin makilakatu gaituzte.

Zer dago erabakiaren atzean?

Euskalerria irratia zigortu nahi dute. Badakite euskararen etorkizuna Iruñerrian jokatzen dela hein ikaragarri handi batean. Hemen ez dute nahi euskaldunak ahaldunduko dituen hedabide bat.

Nolako eragina du neurriak?

Handia. 2019an 24.000 euro jaso genituen Iruñeko Udalarengandik, eta hori da gure langile baten urte osoko soldata. Asko da gurea bezalako irrati txiki batentzat. Ziur gara buelta emanen diogula, iraganean egin dugun bezala.

Zein da egungo egoera irratian?

Ezin zaigu atzendu Nafarroako eta Iruñerriko hedabideok zer-nolako baldintzatan ari garen lanean. Batzuek pentsatu dute iragan legealdian aldaketarekin gauzak ikaragarri hobetu zirela. Eta gauzak ez daude horrela. Euskal Autonomia Erkidegoan hitzartu dute euskarazko hedabideentzako finantzaketa sistema bermatzea, eta hedabideek aurrekontuen %30 jasotzen dute. Euskalerria irratiak %19 jaso zuen 2019an. Esan gabe doa euskararen inguruko adostasun soziala ez dela bera EAEn eta Nafarroan. Horrek zaildu egiten du publizitatea eta beste hainbat gauza lortzea.

Ebazpenari helegiterik aurkezteko aukera aztertu duzue?

Abokatuekin aztertzen ari gara. Aurkeztu nahi genuke, iruditzen zaigulako ez dela soilik urratzen ari Euskalerria irratiaren eskubidea. Euskarazko komunikabideetan iruindar guztiona den informazioa entzuteko eskubidea urratzen ari direla uste dugu.

Iruñeko Udala eraso antolatu bat egiten ari da euskararen aurka?

Ez dakit antolatua deitu, baina estrategia bat bai dakusat horren gibelean. Eskuina garai zail batean dago; Nafarroako Gobernutik at geratu dira iragan legealdian, eta, dirudienez, hau ere hortik at emanen dute. Agintean eta hegemoniko izatera ohituriko batentzat kolpe gogorra da. Iruditzen zait iparra nahikoa galduta dabiltzala, diskurtsoa berreraikitzeko zailtasunekin, eta, hori horrela, euskarafobia darabiltela euskarritzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.