Ez dute ezberdin izan nahi

Bereizketarik egin gabe, polizia indarkeriaren biktimen legeak biktima guztiak errespetatzea eta aitortzea eskatu dute Mikel Arregiren eta Angel Berruetaren senideek Nafarroako Parlamentuan

Mikel Arregiren eta Angel Berruetaren senideak, atzo, Nafarroako Parlamentuan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria.
Iruñea
2015eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Biktimen artean bereizketarik ez egitea; ezein ez baztertzea. Hori da Angel Berruetaren eta Mikel Arregiren senideek Nafarroako Parlamentuan eskatu dutena. Polizia indarkeriaren eta motibazio politikoko biktimen lege proposamenaren eztabaidan izan ziren atzo, haien lekukotzaren berri emateko. Ostiralean eztabaidatuko dute taldeek lege proposamena, eta Angel Berruetaren alaba Aitziber Berruetak ohartarazpen bat egin ziren parlamentariei: «Biktimaren bat baztertzea itxiko ez den zauria izango da, eta errespetuz bizitzea galaraziko digu». Biktima «ezberdinak» izan diren irudipena izan dutela argitu zuten, berriz, Mikel Arregiren sendiek. Ezintasuna dute bi familiek. Errespetua nahi dute.

Lehen aldiz hitz egin zuen, atzo, Txaro Arregik parlamentuan Mikel anaiari buruz: «Pertsona xaloa, umila, parte hartzailea eta ekintzailea zen». Sakana kooperatibako sortzaileetako bat zen Arregi, eta lehen udal hauteskundeetan HBrekin aurkeztu zen. 1979ko azaroaren 11ko gauean, beste lau lagunekin Ziorditik Lakuntzara itzultzen ari zela, guardia zibilek tirokatu zuten. Bertsio ofizialaren arabera, kontrol bati ihes egin zion. Baina ikerketa batzorde batek argi utzi zuen bertsio hura gezurra zela. Lekuko ugariren arabera, gainera, kontrola kendua zuten ordurako.

Ikerketa batzorde hartan parte hartu zuen Iosu Imazek. «Egia atera, eta auzibidea irekitzeko nahikoa froga biltzeko asmoz sortu genuen batzordea», azaldu zuen atzo. Lekukotasunak bildu ondoren 1981eko irailean egin zen epaiketa. «Asebete gintuen, ikerketa batzordeari arrazoi eman ziolako, baina gero zigorra etorri zen, eta, arduragabekeria arrunta egotzita, bi hilabeteko zigorra ezarri zieten. Edozein pertsona, bi minutuz gogoeta eginez gero, jabetu daiteke justizia zenbateraino den inpartziala».

Heriotzaren ondoren, egun «garratzak» izan zituen familiak. Txaro Arregik haren amaren heriotza gogoratu du: «Egun hartan hil zen, ez zuen gehiago bizi nahi, kolpe hura ez zuen gainditu». Greba orokorrera deitu zuten, eta Iruñean elkarretaratze bat eginUdaletxe plazan. «Kaleak itxi zituzten, eta han zirenak jo zituzten poliziek. Erantzuna handia izan zen oso, eta jazarpena ere etengabea», gogoratu zuen Imazek. «Urte luzez egin diote eraso haren memoriari».

Anaiaren memoria errespetatzeko eta aitortzeko eskatu die Txaro Agirrek parlamentariei: «Bizikidetza demokratikoa nahi badugu, beharrezkoa da Euskal Herrian dugun gatazka politikoaren beste aldeko biktimak ere aitortzea».

Urte luzez sufritzen

Mari Carmen Mañasek eman zuen atzo Angel Berruetaren hilketaren berri. Hunkituta hitz egin zuen senarrari buruz. 2004ko martxoaren 13an hil zuten Berrueta, Madrilgo atentatutik bi egunera. Eguerdian denda utzi zuen Mañasek, eta etxean zela ondoko denda bateko deia jaso zuen: «Berehala etortzeko esan zidan, tiro batzuk egon zirela. Lapurreta izan zela uste nuen, baina poliziak eta anbulantziak ikusi nituenean ikusi nuen zerbait gehiago zela». Ez zioten sartzen utzi, baina azkenean lortu zuen: «Han zen Angelen gorpua, medikuz inguratua. 'Zer gertatzen da?' galdetu nien, eta inork ez zidan ezer esaten».

Heriotzaren egunean hasi zen familiaren aurkako polizia jazarpena. Zenbait orduz, ondoko dendan «bahitu» zituztela oroitu du Mañasek: «Ez ziguten ateratzen utzi». Valeriano de la Peña Espainiako poliziak eta haren seme Miguel Jose de la Peñak hil zuten Berrueta, tiroz. Familiak ezin zuen sinetsi: «Hil digute». ETA ez zioen kartel bat jartzeari uko egiteagatik hil zuten.

Beilatokian ere une gogorrak bizi izan zituzten. «Jendearen babesa aho betezkoa izan zen, baina beilatokitik kanpo polizia gogor oldartu zitzaien han zirenei». Ikaragarria izan zen, Mañasen hitzetan: «Jende asko ezin izan zen etorri beldurrez». Babes asko jaso zutela gogoratu du, baina ez instituzioen aldetik. Eta sufrimendua oraindik bizi du: «Gauerdian telefono dei bat jaso nuen. Entzun daitezkeen hitzik itsusienak ziren. Gure familiaren atzetik joango zela esan zigun, eta banan-banan hilko gintuela». Polizia batek egin zuen deia. «Eskegi egin nuen; ezin nuen gehiago». Mehatxuak jasaten orain lau urtera arte jarraitu dute. Aitziber Berrueta alabak azaldu du, gainera, salaketak ageriko egin dituztela, eta Udaltzaingoari jakinarazi. «Guztiak atzera bota dira. Inor ez bada jabetu, nahi izan ez duelako da».

Epaiketa izan zen Berruetaren hiltzaileen aurka. «Justizia erdizka» jaso dute, baina, Mañasen ustez. Hilketaren bultzatzailea, Maria Pilar Rubio, ez zuten zigortu, eta haren senar poliziak zein semeak hogei eta hamabost urteko zigorrak jaso dituzte. «Horrelako hilketa batek erdizkako justizia izatea ez da bidezkoa». Guztien artean «egiaren oihal kolektiboa josteko», biktimen aitorpena eskatu die Aitziber Berrueta alabak parlamentariei. Baita errespetua ere. «Egin ezazue ahal duzuen guztia zauriak ixteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.