«Azalpenik jaso gabe», Mexikoko agintariek ukatu egin diete herrialde hartara sartzea Sorturen Iratzar Fundazioko presidente Floren Aoizi eta alderdi horrenAmeriketarako ordezkari Asier Altunari. Hego Amerika eta Karibeko mugimendu politiko eta sozial eraldatzaileen topagunea den Sao Paulo XXI Foroan parte hartu behar zuten biek, Mexikon. Horrez gain, euskal presoen egoerari buruzko beste ekitaldi bat zuten prestatuta: Free Otegi. Free them all kanpainaren barruan Fundacion Democraciak antolaturikoa, hain zuzen ere. «Kontuan eduki beharra dago Enrique Peña Nietoren gobernuaren jarrera zein den eta zer nolako lotura estuak dituen Mariano Rajoyrekin eta PPren politika errepresiboarekin», salatu du Amaia Izko Sorturen bozeramaileak Aoizekin eta Altunarekin batera Iruñean eginiko agerraldian.
Astelehenean kanporatu zituzten Sortuko bi kideak. Mexiko DFko aireportura iristean geldiarazi zituen Poliziak. «Inolako azalpenik eman gabe, Madrilera bueltan bidali zituzten bi hegaldi desberdinetan», azaldu du Izkok. Atzo goizean iritsi zen Aoiz Euskal Herrira, eta herenegun Altuna.
Izkok azaldu duenez, foroko antolatzaileek Sorturi jakinarazi diote euskal ordezkariei ez ezik beste herrialde batzuetako zenbaiti ere ukatu dietela herrialdean sartzea. Horiek hala, alderdiak Mexikoko enbaxadara joko du azalpen eske.
Sortuk gogorarazi duenez, Sao Paulo Foroak 2012an dei egin zien Aieteko Adierazpenak interpelaturiko gobernu eta eragile politikoei gatazkaren arrazoi zein ondorioak gainditzeko politikei ekin ziezaieten. Era berean, 2013ko urrian, Amerika osoko hamabi presidente eta gobernuburu ohik Aieteko bide orriaren aldeko adierazpen bat izenpetu zuten Mexikon. «Argi utzi nahi dugu nazioartean ditugun harremanak elikatzen jarraituko dugula», azpimarratu du Izkok.
Ez dute azalpenik jaso Mexikotik kanporatutako Sortuko bi kideek
Sao Pauloko Foroan eta Otegiren aldeko ekitaldi batean parte hartu behar zuten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu