Bergaran jaio, Azpeitian hazi, Gasteizen bizi. Nafarroa Beherera eta Zuberoara joan izan da sarri-sarri. Hango eta hemengo iturrietatik edan du Alex Artzelusek (Bergara, Gipuzkoa, 1992), eta, ziur aski, hortik etorriko da haren pasioa: euskara eta, bereziki, dialektologia interesatzen zaizkio. Ez interesatu bakarrik: Euskal Filologia ikasi zuen, eta Garaziko hizkeraren inguruko doktore tesia egin du. Bazkalostean, trikitia jotzen ari zela harrapatu du Urola Kostako Hitza-k.
Garaziko hizkera ikertu duzu, Irulegiko Irratian kolaboratzen duzu… Gipuzkoarra izanda, nondik datorkizu Ipar Euskal Herriarekiko halako atxikimendua?
Betidanik asko gustatu izan zaizkit Zuberoa eta Nafarroa Beherea, gurasoekin joaten nintzelako. Lapurdirekin beti izan dut lotura gutxiago: izan ere, oso laua da, eta herriak dezente handiak dira. Horregatik, gehiago gustatu izan zaizkit Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Nik 13 bat urte neuzkala hasi ginen leku horietara joaten, eta ikusten nuen gure inguruan galdu diren gauza asko gordetzen zituztela: lehengo basoak, baserria ere askoz biziago dago han… Amak kontatzen zizkidan ipuinak bizirik ikusten nituen han, eta horregatik hasi zitzaidan asko gustatzen. Gainera, hara joatean, konturatzen zara zer den benetan euskalduna izatea: hau da, zer datorkizun zuri Espainiako Estatuak inposatu dizulako, eta zer ez. Hara joaten zarenean, Espainiatik edan duzun hori dena albo batera utzi behar duzu, bestela ez baituzu ezer ulertuko: ez erreferentziak, ez hizkuntza… Hori oso ariketa interesgarria iruditzen zitzaidan.
Iparraldera egindako joan-etorri horietan, Garaziko euskarak interes berezia piztu zizun.
Luzaideko errealitateak piztu zidan arreta. Luzaide berez Nafarroa Garaian dago, baina hango kultura, etxeen arkitektura eta euskara Garaziko berak dira. 23 urte nituela, lan txiki bat egin nuen Luzaideko euskararen inguruan, eta hango amandre batengana joan nintzen: Garaziko euskararen berdin-berdina hitz egiten zuen, baina ez zekien frantsesez. Garazin, bestalde, ez dakite gaztelaniaz. Muga bat erdian egonda, euskara modu berean hitz egiten zuten bi aldeetan, eta horrek harrituta utzi ninduen. Zaharren artean ez da nabaritzen muga hori apenas, baina gazteagoen artean bai: haien artean, frantsesak eta espainierak sekulako eragina daukate. Muga politiko bat muga naturala gainditzeko gai izan da, eta horrek euskara desberdintzea eragin du.
Irakurri elkarrizketa, osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.