Ulia auzo elkarteko presidentea

Felix Soto: «Ez dut proiektuaren alde dagoen auzokiderik ezagutzen»

Basque Culinary Center egoitza berri bat eraikitzen hasi da Donostiako Gros auzoan: Gastronomy Open Ecosystem. Ulia auzo elkartea kontra dauden eragileetako bat da.

Felix Soto Ulia auzo elkarteko presidentea da.
Felix Soto. JON URBE / FOKU
nerea intxausti
Donostia
2024ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun

Obrak hasi dira Groseko Okendo kultur etxearen eta Zubiri Manteo ikastetxearen arteko lursailean. Ikusi eta entzun egin daiteke: ikusi, Nafarroa hiribideko espaloiko zuhaitzak moztu egin dituztelako; entzun, garabiak zuhaitzak jasotzen ari direlako. Tristuraz eta etsipenez begiratu die Felix Sotok (Bilbo, 1937), Ulia auzo elkarteko presidenteak. Basque Culinary Centerren bigarren egoitzaren obrak dira, Gros auzoan: Gastronomy Open Ecosystem. Proiektuaren kontra dago Ulia auzo elkartea eta administrazioa egiten ari den kudeaketa salatu du.  

Ez dakienarentzat, zein da proiektuaren neurria?

9.200 metro koadroko lursail bat hartuko duen eraikin bat. Orain hilabete hasi ziren, gutxi gorabehera. Bederatzi solairu izango ditu, horietatik lau lur azpian. Ulia auzo elkarteak ez du nahi Basque Culinary Centerren bigarren egoitza hau diru publikoarekin eraiki dadin. Alkateak [Eneko Goia, Donostiakoa] esan du udalak ez duela proiektua diruz lagundu, baina lursaila eman die, eta horrek bakarrik 60 milioi euroko balioa du, proiektuak berak baino gehiago. Diru asko da, eta haiek badute nahikoa diru halakoak ordaintzeko eta eraikitzeko.

Azkar hasi dira. Zuhaitzak jada bota dituzte.

Azkar doaz oso, urte amaierarako egitura bukatuta izan nahi dute. Astelehenean moztu zituzten lehen hamasei zuhaitzak, eta lotsarik gabe diote kendutakoak berriro ere jarriko dituztela. Donostiako PSE-EEkoek dute udaleko Ingurumen Saila, eta esan izan dute zuhaitzak mantentzea garestia dela. Hortaz, urbanizazio bat egiten duten bakoitzean, gunea urbanizatzen dute, eta zuhaitzak kentzen dituzte; eta jartzen badituzte, hamar metroan behin jartzen dute bat. Karkizano kalean eta Peña y Goñi kalean hori egin zuten. Ulia-Ategorrieta auzoan dagoen berdegune bakarra kendu nahi dute. Okendo kultur etxea ere estali egingo dute; desagertu egingo da. 

Auzokoak errespetatzen ari dira?

Auzoko giroa txarra da, eta eraikin honekin izango dugun bizikidetza ere halakoa izango da. Auzoari ez dio mesederik egingo, kalte egingo dio gehiago. Auzoa ez da aberats egingo Culinary eraikiko dutelako. Aldi berean entzun ditzakezu lanen soinuak, eta txorien txorrotxioak; gutxinaka joan egingo dira guztiak. Zubiri Manteo ikastetxearen ondoan ari dira lanean, eta soinuek ikasketa jarduna oztopatzen dute. Kexatu dira, baina inork ez die kargu hartu. Ekologista taldeak ere kontra daude: Haritzalde naturzaleen elkartea, Eguzki, eta abar. Ez dut alde dagoen auzokiderik ezagutzen. 

Erreferendum bat egin genuen iazko urte amaieran, udalak ez baitzuen egin nahi izan. Udalak soilik irabaziak dituen erreferendumak egiten ditu. Manteo-Zemoria parkearen etorkizuna erabakitzeko asmoz, 6.948 pertsonak eman zuten botoa, eta %96,53k proiektuaren kontra bozkatu zuten. 

Lursail hori kutsatuta dago?

Lursail hauetan Gipuzkoako Probintzia Ospitalea egin zuten mende hasieran, eta han izan zen 1950eko hamarkadan Zorroagara lekualdatu zuten arte. Nire aita ospitale honetan hil zen, tuberkulosiaz. 1961ean bota zuten ospitalea, eta lurra abandonatuta geratu zen: bertan pilatu ziren ospitalearen hondakinak, San Frantzisko kalea oinezkoentzat bihurtzearen hondakinak, eta Galtzara Nagusia kalearen eta Nafarroa hiribidearen artean zegoen metalurgia enpresen industrialdeko hondakinak ere.

Amiantoa egon daiteke bertan?

Aukera asko dago, garai hartan estalki gehienak uralitazkoak zirelako [uralita zementuz eta zuntzez egindako eraikuntza materiala da, eta batez ere estalkietan eta teilatuetan erabiltzen zen]. Lehen, ez zen dokumentazio askorik eskatzen eraikinak eraisteko momentuan, baina ikusi izan dut uralita aipatzen duen txostenik. 

Lurra mugitzen hasi dira jada, nahiz eta ez duten egin legeak behartzen duen lurren azterketa; uko egiten diote azterketa egiteari, badakitelako kutsatuta dagoela. 

Basque Culinary Centerren webgunearen arabera, Gastronomy Open Ecosystem proiektua «jasangarritasunaren eredu» izango da.

Lotsagabeak dira. Izena ingelesez jarri diote, gainera. Guk parke publikoa eta berdea izaten jarraitzea nahi dugu, orain den bezala. Esan izan dute bizikletaz etorriko direla hona; adarra jotzen ari dira. Gainera, hondartzatik 150 metrora eraikiko dute. 

Nolakoa da elkarteak udalarekin duen harremana?

Gure parte hartzea hutsaren hurrengoa izan da, eta ez digute ezer egiten utzi. Marisol Garmendia [Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotzia] ez da inorekin bildu. Eneko Goiarekin behin bildu ginen, baina ezertarako ez zen izan: galdetu genion zergatik ez zuten Mariaren Bihotza ikastetxea erosi, eta erantzun zigun eraikinak balkoirik ez zeukalako ez dutela erosi. Hori izan zen arrazoi bakarra. 

Proiektuaren alternatiba bat aurkeztu genuen: gazteentzako zein nagusientzako ekipamenduak jartzea proposatu genuen Zemorian, orain aparkalekuak dauden tokian. Lurrazpian bi solairuko aparkalekua ere gehitu genuen planean. Antza, ez dago dirurik. Unibertsitate publikoko ikertzaileak greban egon ziren iaz, haientzat ere ez zen dirurik. Bitartean, hauek, Arrautza Frijituaren Nobel sariaren bila arituko dira.   

Udala ez da gardena izaten ari. Ez da demokraziarik. Politikariek nahi dutena egiten dute eta, ondoren, auzitegietara joan zaitezke. Baina arduradunek badakite justiziak hemendik urte eta erdira ala bi urtera ekingo diola gaiari. 

Baztertuta sentitzen zarete?

Bederatzi mila metroko lursaila dute lanerako, baina Rodil kaleko aparkaleku publikoaren erdia haienganatu dute makinak uzteko. Antza denez, badira halakoen aurrean amen egiten duten alderdi politikoak. Batzuek diote Amenabar EAJrena dela; besteek, EAJ dela Amenabarrena. Batzuetan zentzua hartzen diot. Guztien ongizatearen alde lan egin behar duten pertsonak dira, nola engaina gaitzakete? Eraikitzen badute ere, ahal dudan guztia egingo dut funtziona ez dezan. Udaleko oposizioari ere eskatzen diogu guk egiten duguna egitea, haiek ere kontra daudela esaten baitute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.