Torturaren aurkako foroa. Elkarrizketa. Tamara Muruetagoiena. Esteban Muruetagoienaren alaba

«Ez dut nahi nire aitari egin ziotenagatik min gehiago sortzerik»

Guardia Zibilek bederatzi egunez torturatuta hil zen Esteban Muruetagoiena, 1982an. Zortzi urte baino ez zituen orduan alabak.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
«Ezin zidan ilusio handiagorik egin». Iruñean atzo antolatu zen torturaren aurkako foroak Esteban Muruetagoienaren izena hartzeak bereziki poztu du Tamara Muruetagoiena (Oiartzun, 1974), Esteban Muruetagoienaren alaba. Esteban Mururetagoiena ondarroarra Oiartzungo medikua zen. 1979an, ETAkide batzuek Guardia Zibilaren kuartel bati eraso egin ostean, haietako bat larri zela-eta sendatzeko eskatu zioten Muruetagoienari. Hamazazpi egun eman zituzten etxean, ETAkoa osatu zen arte. Handik gutxira atxilotu zuten Muruetagoiena, eta gero aske utzi zuten. 1982ko martxoan berriro atxilotu zuen Guardia Zibilak, «arrazoi jakinik gabe». Bederatzi egun inkomunikatuta eduki zuten, eta torturatu egin zuten psikologikoki eta fisikoki. Polizia etxetik irten zenean «lur jota zegoen». Handik bi egunera hil zen.

Zortzi urte zenituen orduan. Zer oroitzapen duzu?

Oso txarra. Gurasoak banandu berriak zeuden, eta ama Madrilen bizi zen. Ni, une hartan, Madrilen nintzen. Aita atxilotu zutenean, inkomunikazio aldian, Donostiara eraman zuten, eta gero Madrilera. Gau batez, gure etxera etorri ziren, eta ama eraman zuten guardia zibilek. Bakarrik geunden, eta ondo gogoan dut une hura, nahiko dramatikoa izan zelako. Bakarrik utzi ninduten. Ama ziega batean sartu zuten, aita torturatzen zuten bitartean haren oihuak entzun zitzan. Hil ostean, hasiera batean sendiak ez zidan dena esan, baina handik urte batzuetara jabetu nintzen: bat-batean harritzar bat gainera eroriko balitzaizu bezala da, uste baino okerragoa izan zela haren heriotza.

Aita torturaren eraginez hil izanakzertanbaldintzatu du zure bizitza?

Garai hartan Euskal Herritik Madrilera joan nintzen bizitzera, eta geroago, Estatu Batuetara. Beti bizi izan naiz kanpoan. Nik uste dut, inkontzienteki, beste toki batean egoteko nahia nuela. Han, nortasun berri bat asmatu nuen. Aita hila nuen, baina bihotzekoak jota zela esaten nuen, azalpen handirik eman behar izan gabe.Hala ere, 25 urterekin erabaki nuen nire istorioa kontatzea. Banekien ez nuela inoiz justizia formalik jasoko, baina uste nuen bazirela beste justizia batzuk: horietako bat da ahalik eta jende gehienari jakinaraztea eta nire energia guztia jartzea halakorik berriro ere ez gertatzeko, indarkeriaren makina hori geldiarazteko. Euskal Herriko indarkeria zurrunbilo horren biktima izan naiz —hitz hori gorroto dudan arren—, eta pentsatzen dut indarkeriaren kate hori geldiarazteko beste pertsona batzuek baino ardura handiagoa dudala.

Hain justu, The Doctor dokumentala egin duzu. Zer lortu nahi izan duzu?

Nire aitaren istorioa kontatu nahi nuen, besterik ez. Hala ere, subkontzienteak lan egin du, eta azken emaitza hasieran pentsatutakoaren diferentea da. Aitarekin izandako solasaldi bat bihurtu da, omenaldi pertsonal bat. Ez nuen aitarekin hitz egiteko aukerarik izan. Polizia etxetik atera zenean, ez zidan betarik eman harekin egoteko, eta berak galdetu zuen lehenengo gauza izan zen: «Non dago Tamara?». Besteak beste, torturatu zutenean umezurtz etxe batera eraman eta bortxatu nindutela esan ziotelako. Ez nuen agur esateko aukerarik izan, eta dokumentala berarekin hitz egiteko erabili nuen.

Ia 30 urte iragan dira, baina torturaren errealitateak hor segitzen du.

Denok ahalegin bat egin behar dugu. Foro hau plataforma bat izan daiteke presio politikoa egiteko erakunde orotan, eta lege antiterrorista aldatzeko. Inkomunikazioa eta horrek dakarren guztia indargabetu behar da. Politikarien gain presioa egin behar da, gaitz hau amai dadin. Azkenean, ez dira torturatzaile izan nahi duten lau polizia. Irizpideak goitik datoz. Praktika hori ondo aztertuta dago, eta sistematikoa da.

Zer esango zenioke torturaren aurrean beste aldera begiratzen edo onartu egiten duenari?

Erruaren zati bat hezkuntzarena da. Guk, gizarte moduan, geure buruari ezarri diogu ez dugula inorentzat torturarik onartzen. Legeetan ezarri dugu eta praktikan ere ezin dugu onartu. Edonor dela ere. Berdin dio errugabea den edo ez, gizaki gisa tratatu behar da gizaki oro. Sumindu egiten nau gizarte espainiarraren hipokrisiak: Guantanamoz eta George Bushez kexatzen dira, baina hemen sistematikoki torturatzen da, eta ez da ezer gertatzen.

Tortura amai daiteke?

Bai, politikariek dute ardura handiena, baina jendeak egin ditzake gauzak. Niri atzo galdetu zidaten ea inoiz joango nintzatekeen ETAren biktima baten aldeko omenaldira; baietz esan nuen. Joango nintzateke baita ETAk hildako guardia zibil baten omenaldira ere. Ez dut nahi nire aitari egin ziotenagatik min gehiago sortzea. Minak gelditu egin behar du. Horregatik, biktimen gaiak beldurra ematen dit. Askok mendekua baino ez dute buruan. Begia begi truk, hortza hortz truk dute buruan. Lan pertsonala egin behar duzu ezetz esateko. Giza sufrimendua ez dago inoiz justifikatuta, datorren tokitik datorrela. Are okerragoa da erakundeetatik datorrenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.