Arantza Zuluetaren eta Jon Enparantzaren defentsa eraman du Alfonso Zenon abokatuak (Muskiz, Bizkaia, 1970) 13/13 auziko epaiketan. Azken auzi saioaren akaberan erantzun die BERRIAren galderei, Euskal Herrira itzuli aitzin.
13/13 epaiketaren ezaugarri nagusietako bat izan da irregulartasun eta eskubide urraketa anitz gertatu direla. Ohikoa da?
Hau berezia izan da, alegatu ditugun eskubide urraketen kopuruarengatik. Errugabetasun presuntzioaren urraketatik hasita: atxiloketen ostean Alfredo Perez Rubalcaba garai hartako Barne ministroa argi eta garbi atera zen telebistan esaten atxilotuak ETAkoak zirela, ustezkoak zirela esan gabe: «Harrapatu ditugu, ETAko abokatuak, fronte juridikoa»... Hori Europan arautua dago, eta argia da: errugabetasun presuntzioaren urraketa bat da.
Gero, prozeduran, hilabete askotan ez zizkiguten gauzak jakinarazten. Miaketak nola egin ziren ere salatu dugu. Bulegoak abokatuenak ziren, eta Europan esaten da kontuz ibili behar dela, ze ez da etxe arrunt bat: abokatuen lana dago, sekretu profesionala, beste bezeroen defentsa eskubidea urratu ahal da... Eta epaiketan argi geratu da dena eraman zutela: espediente juridikoak... Miaketak zelan egin ziren ere bai: bere garaian kolegioak bidalitako letraduek protesta egin zuten. Horrek zer edo zertarako balio beharko du; bestela, zergatik bidaltzen dute kolegiotik norbait?
Azkenik, eta batez bere, ez da ohikoa CNIk esku hartzea: oso grabea da. CNIk bere lana egin ahal du segurtasun nazionalerako, sekretupean; badago lege bat, baina ikerketa horiek inoiz ezin dira prozedura penal batean sartu: ezinezkoa da. Prozedura batean beste berme batzuk daude. Baina, auzi honetan, CNIren entzuketa batzuekin hasten da dena. Beste prozesuetan ez dut inoiz ikusi horren argi zerbitzu sekretuen parte hartzea.
Eta ez da lortu entzuketa horiek desklasifikatzea.
Instrukzio prozeduran eskatu genuen desklasifikazioa: hilabeteak pasatu ziren, eta azkenean gobernuak desklasifikatu zituen auto batzuk, [Espainiako Auzitegi] Gorenarenak, onartzen zituztenak entzuketa horiek, baina CNIren markoaren barruan.
Zer egin behar lukete, berez?
Normalean, prozedura batean entzuketak daudenean, instrukzio epaileak ematen du baimena, eta epaileari eta guztien defentsei eman behar zaizkie grabaketak. Ze hor egon ahal dira gauza txarrak beren bezeroentzat, edo gauza onak. Hemen ez da hori gertatu: entzuketak daude, argi eta garbi, hasieratik, baina ez dakigu noiztik, ezta zenbat urtetan... Eta, gainera, grabeagoa dena: abokatuei egin zaizkie. Ez da legezkoa, eta horren azken ondorioa da baliogabetu egin behar direla. Ezin dira kontuan hartu hortik ateratzen diren frogak, miaketak, atxiloketak eta deklarazioak.
Guardia zibilak saiatu dira behin eta berriro garrantzia kentzen CNIren lan horri, badakitelako hori ezinezkoa dela prozedura penal batean, baina guardia zibilek eurek esaten dute CNIk parte hartu zuela artxibo informatikoen desenkriptazioan. Hor dago, teniente koronel batek idatzita! Eta onartuta dago epaiketan.
CNIko kideek ez dute deklaratu testigu gisa, azkenean.
CNIk esaten du berak ez duela izenik ematen, sekretua dela, eta zegoen bide bakarra desklasifikazioa zen. Epaimahaiak ez du onartu, protesta egin dugu, eta helegite batean-edo ikusiko da.
Uste duzu kontuan hartuko dizuetela hori guztia salatu izana?
Jakinda [Espainiako] Auzitegi Nazionalean gaudela, zaila ikusten dugu: bermeak eta eskubideak normalean ez dira errespetatzen. Baina sententzian nolabait kontuan hartu beharko dituzte eskubide urraketa horiek guztiak.
Hainbeste irregulartasunekin, defentsarako zer aukera dago?
Salaketa egitea. Gero, beste kontu garrantzitsu bat da bidegabeko luzapenena. Atxiloketak 2010ean egin ziren, eta ez da normala hainbeste denbora pasatzea epaiketa egiteko. Adibide gisa jarri nuen Herrirako epaiketa [11/13]: 2013an egin ziren atxiloketak, eta epaiketa 2019an egin zen. Eta askoz folio gehiago zeuden; 47 akusatu ziren... Ez da ohikoa hainbeste tardatzea.
Zuluetarekin eta Enparantzarekin tema berezia erakutsi du fiskalak. Zergatik, zure ustez?
Instrukzio epaileak ez zuen ezer agindu, ez zuen frogarik egiteko eskatu... Instrukzioa, azkenean, Guardia Zibilak egin zuen, eta Guardia Zibilak hasieratik dauzka bi horiek begiz jota. Ez dakit mendeku moduan den-edo. Abokatuak izan dira: epaiketa askotan bertan behera bota dute Guardia Zibilak esan duena...
Fiskalak joan den astean erran zuen ETA ez dela «desagertu». Zergatik, zure ustez?
Fiskal batzuk beste garai batean daude. Espainiako ministro batek aste honetan esan du hamar urte direla ETAren biolentzia bukatu zela! Fiskalak hori esaten du epaiketa beste testuinguru batean jartzeko, neurrigabeko zigorrak eskatu ahal izateko.
Sententziaren zain gelditu zarete orain. Zer espero duzue?
Gogorra izango da denbora hau, batez ere akusatuentzat, Damoklesen ezpata dutelako gainean. Guk absoluzioa eskatu dugu, eta, absoluzioa ez bada, lekuz kanpo ez dagoen sententzia bat espero dugu, eta bat egiten duena gaur egun Euskal Herrian eta are Espainian dagoen giroarekin. Garaia da gatazkaren ondorioak konpontzeko, eta esperantza daukagu sententziak horretan lagunduko duela.
Alfonso Zenon. 13/13 auziko abokatua
«Ez dut inoiz horren argi ikusi zerbitzu sekretuen parte hartzea»
13/13 sumarioan gertatu diren eskubide urraketak ez dira «ohikoak», Alfonso Zenonen ustez: «Berezia izan da». Etortzear den epaiak «gatazkaren ondorioen konponbidean» laguntzea nahiko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu