Izan ankerra edo goxoa, urrian beti dago pasadizo berezi bat bere bizitzan, aparteko gertakari bat, bere zeharkaldi partikularra erabat markatzen duena. Urrian jaiotakoa da —igandean egingo ditu urteak—. Urriarekin atxilotu eta torturatu zuten lehen aldiz. Urria zen duintasunaren kanpalekuan aurrenekoz libre sentitu zenean, Gdeim Iziken. Eta urrian erbesteratu zen. Lastailean etorri zen Euskal Herrira. Urria zen, halaber, tren batean zihoala atxilotu zutenean. Burgosen. Iaz. Eta urrian etorri da, bost urteko «borroka amaigabearen» ostean, espero zuen sententzia, babes politikoa. Hassanna Aalia (Aaiun, Mendebaldeko Sahara, 1988) ekintzaile sahararrak ahoan irribarrea duela dio urria bere hilabetea dela: «Saharako independentzia ere urrian etorriko da». Bere bizitzaren pasarte berezi horien errepasoa egin du BERRIArekin.
Urriaren 3an jakinarazi zizuten errefuxiatu politiko estatusa aitortu dizutela. Nolakoa izan zen une hori?
Abokatuak pozarren deitu ninduen, eta une ederra izan zen.Poza sentitu nuen, baina ez erabatekoa. Galdera asko egiten dizkiozu zeure buruari. Ni libre nago, baina nire adiskideak kartzelan, batzuk bizi guztiko kartzela zigorrarekin. Garaipen bat izan bada ere, garaipen kolektiboa, saharar guztiena, baita preso politikoena ere, ezin dut ospatu.
Espainiako Auzitegi Nazionalera jo behar izan duzu, dena den, eskubide hori aitor diezazuten.
Aitortu behar dut ez nuela espero. Auzitegi Nazionalaren ostean gora jo beharko nuela pentsatzen nuen, Gorenera, Estrasburgora... Espainiak, dena den, azaroaren 9ra arteko epea dauka helegitea jartzeko, eta ordura arte ez naiz erabat lasai egongo. Inoiz ez dakizu, baina, helegitea aurkeztuko balu, are nabarmenago geratuko litzateke interes politikoak daudela tartean. Espainiako Gobernuak babes politikoa ukatu zidanean agerian geratu zen zer-nolako harremana duen Marokorekin. Nire babes eskaera onartzeak zuzenean zekarren egiatzat jotzea salatu ditudan torturak, tratu txarrak, desagerpenak, eta abar...
Sententzia, baina, oso zorrotza da, ezta?
Bai. Batetik, identitate sahararra aitortzen duelako, eta hori garaipen bat da bere horretan, eta, bestetik, torturatua izan nintzela eta epaiketa militarra bidegabea izan zela esaten duelako. Istanbulgo protokoloa ezarri zidaten, eta hori ere txostenean jaso da.
Zer dakar estatus berriak?
Bidaiatzeko eskubidea izango dut aurrerantzean. Mauritaniara joan ahal izango dut, adibidez, eta han nire familiarekin elkartu: gurasoekin, anai-arrebekin, eta iloba txikiekin... Sendia berrelkartzea dakar. Bost urte dira ez ditudala ikusten, eta, azkenean, beraiekin elkartu ahal izango dut. Hemen egon naizen urteotan amona hil da, baita izeba bat ere, eta ezin izan ditut agurtu; bi iloba jaio dira, eta ezin izan ditut ezagutu. Gogo handia daukat beraiek ikusteko. Eta baita bidaiatzeko ere. Espainiako Estatuko herrietan ez ezik, nazioartean ere aukera izango dut orain nire herriaren borroka ezagutzera emateko. Azaroan Norvegia eta Suediara noa. Eta Europako Legebiltzarrera eta Genevara joatekoa naiz ere.
2011ko urriaren 1ean iritsi zinen Euskal Herrira. Nolakoak izan dira bost urte hauek?
Elkartasuna sekulakoa izan da, baina, era berean, gogorra izan da. Kartzela batean bezala sentitzen zara, txartel gorri batekin, non jartzen duen ezin dituzula mugak zeharkatu. Itxaroten egotea ez da erraza, ez baitakizu zer gerta dakizukeen, edozein unetan estraditatzen ahal zaituzte, atxilotu... Interesak beste ezeren gainetik daude, eta, azken batean, pertsona batek ez du asko balio gobernu batentzat. Espainiak herri oso bat abandonatu zuen desertuan, milaka eta milaka saharar, eta bera da okupazioaren erantzule nagusia. Okupazioaren aurretik ere baditu erantzukizunak; izan ere, kolonia zeneko garaian ere giza eskubideak urratuzituen; Brahim Basiri buruzagia, esaterako, garai horretan desagertu zen, 1970ean. Torturatuak eta kartzelatuak ere izan ziren garai horretan.
2010eko urriaren 10ean zutitu zenuten Gdeim Izik. Erresistentzia ekintza horregatik bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zizuten. Duela sei urte, garai honetan, han zinen. Nola gogoratzen dituzu egun horiek?
Gdeim Izik zoragarria izan zen sahararrontzat, beti okupaziopean bizi izan gara, eta, beti esaten dudan moduan, kanpalekuan lehenengo aldiz aske sentitu nintzen, saharar guztiak elkarrekin, adin guztietakoak, pozik, haimetan, askatasunean. Nire bizitzako une gogoangarrienak bizi izan nituen han. 28 egun iraun zuen.
Marokoko indar armatuak sartu eta kanpalekua indarkeriaz desegin zuten arte. Bi hilabetez ezkutatuta egon zinen...
Bai. Azaroaren 8an desegin zuten kanpalekua, eta biharamunean sartu ziren poliziak nire etxera, armatuta eta aurpegia estalita. Orduan erabaki nuen ezkutatzea, familia baten etxean, sakelakoa itzalita, non nintzen jakin ez zezaten, baina egunero atxilotzen zuten lagunen bat, eta, azkenean, ateratzea erabaki nuen. Gurasoen etxera joan nintzen, ama agurtu nuen, eta inoiz ahaztuko ez dudan gauza bat esan zidan: «Apenas izan dudan zurekin egoteko aukera».
Amak asko sufritu du. Komisarien atarietan egon da beti, nire zain, ospitaleetan, nire bila, desagertuta egon naizenetan. Negarrez erregutu die poliziei non nengoen esateko edo ni askatzeko. Oso gogorra da.
Bada, ama agurtu, eta etxetik atera bezain pronto atxilotu ninduten. Begiak tapatu, auto batean sartu eta norabait eraman ninduten, ez dakit nora. Biluzi egin ninduten, guztiz, eta torturatzen hasi... Ezin da hitzez esan. Bortxatzearekin mehatxatu ninduten, nire leku intimoenetara gerturatuz... Izugarria da. Pentsa daitekeen izugarriena. Odolez zikinduta zegoen gela, eta nire lagunen odola zela esan zidaten. Hiru egun izan ziren. Ama etorri zen nire bila, besarkatu egin ninduen, artean eskuburdinak ipiniak nituen, eta negarrez hasi zen... Aurreneko aldia da hau kontatzen dudala.
Epailearen aurrera eraman zintuzten, ezta?
Polizia etxera eraman ninduten, alboetan, aurrean eta atzean polizia autoz inguratuta, pelikuletan bezala, eta gero epaitegira. Fiskalaren galdeketa hasi zen orduan. Nire kontrako akusazio guztiak ukatu nizkion. Esan nion sumarioan zegoen hatz marka torturapean jarritakoa zela, gorputzeko markak erakutsi nizkion, eta behin-behinean aske utzi ninduen, epaiketa egin bitartean.
Hala ere, bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zizuten.
Bai. Bi epaiketa izan ziren. Lehenengoan, zibilean, lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri zidaten, eta bigarrenean, militarrean, bizi guztikoa. Azken hori auzi ihesean izan zen. Euskal Herrian ikasten ari nintzen bigarren epaia etorri zenean, eta jaioterrira ez itzultzea erabaki nuen. Marokok ni bilatzeko eta harrapatzeko agindua eman zuen. Une batean itzultzea pentsatu nuen, beste ekintzaile eta lagunak preso baitzeuden, baina, azkenean gertukoei kasu egin, eta ahotsik ez duten preso politikoen eta sahararren ahotsa izateari ekin nion.
2005eko Intifadan ekin zenion aktibismoari, 17 urterekin. Zergatik?
Jaiotzen zaren unetik sentitzen duzu lurralde okupatu batean bizi zarela. Umetatik ikusten duzu baztertuta zaudela, eskolan bertan, gelako azken ilaran esertzen zaituzte, nota txarrak jarri, zure hizkuntzan mintzatzea debekatu, hassania-n, beste haurrek zikina deitzen zaituzte, testu liburuetan etxean kontatu dizutenaren bestelako historia dago idatzita; beraz, txikitatik jabetzen zara horretaz, eta galdera asko egiten dizkiozu zeure buruari: zergatik ezin dituzun ikusi errefuxiatuta bizi diren zure senideak, zergatik ezin duzun lasai hitz egin, zergatikdagoen beldurra, zergatik ezin duzun zure kulturan bizi, zergatik ezkutatu behar duzun zure identitatea... Nik sekula ez dut ahaztuko Saharako ikurra kalean astindu nuen eguna. Intifadan izan zen, 2005ean. Maatala auzotik gertu manifestazio bat zegoen, eta, lagun bat eta biok, bandera hartu, zabaldu, eta oihukatzen hasi ginen. Bat-batean dozenaka saharar zeuden gure atzetik, gizon eta emakumeak... Beti ezkutuan ikusitako bandera nire eskuetan... Sinestezina zen.
Handik gutxira polizia etorri,eta furgoneta batean sartu ninduten, emakumeak ni askatzen saiatu ziren, baina furgoneta martxan jarri, eta hantxe bertan hasi ziren ni kolpatzen eta torturatzen, borrekin, kaskoekin... Une batez hil egingo nintzela pentsatu nuen. Ezin nuen arnasarik hartu. Beldurrez nintzen... Polizia etxean berriz torturatu ninduten. Askatu nindutenean uste nuen ez nintzela beste inoiz manifestazio batera joango, ohartzen baitzara zer den erresistentziak dakarrena, baina ohartu nintzen hori guztia ni naizena defendatzeagatik zela, nire herria eta nire eskubideak defendatzeagatik, eta borrokarekin aurrera egitea erabaki nuen. Haur hark, bandera astindu, kalean oihukatu eta paretetan independentziaren aldeko pintaketak egiten zituen ume hark, sekula ez zuen pentsatuko bizi guztiko zigorrera kondenatua izango zela egun batean.
Konpromiso irmoa daukazu zure herriaren borrokarekin.
Bide luzea izan da. Eta gauza asko galdu ditut bidean. Aitak behin esan zidan borrokarekin aurrera egiten banuen bere babesa izango nuela, baina jakin behar nuela dena galtzea nuela, baita bizitza bera ere. Borroka honetan, asko dira bizitza galdu duten sahararrak. Euskal Herrian geratzea erabaki behar izan nuenean, nire jaioterrira ezingo nintzela berriro itzuli ohartu nintzenean, aitaren hitz horiekin akordatu nintzen.
Aste honetan hiru ikerlariri ukatu diete lurralde okupatuetan sartzea, Carlos Martin Beristain, Arantxa Chacon eta Gloria Guzmani. Zer ezkutatu nahi du Marokok?
Praktika zaharra da, nazioarteko begirale eta ordezkariei sarrera ukatzearena. Marokok ez du lekukorik nahi, ez du inork ikusterik nahi nola bizi garen sahararrok gure jaioterrian, nola jazartzen gaituzten, nola desagerrarazten gaituzten, nola atxilotzen eta kartzelatzen gaituzten, nola baztertzen gaituzten, eskolan, lanean, nola ukatzen dizkiguten oinarrizko eskubideak, lana esaterako, nola debekatzen dituzten gure identitate ikurrak, haimak, jantziak, izenak, bandera, nola arpilatzen dituzten gure baliabide naturalak. Maroko estatu okupatzaile bat da, eta politika ankerrak darabiltza okupazioari eusteko.
Saharako esaera zahar batek dio pazientzia duenari azkenean iristen zaiola itzala.
Nire kasuaz hitz egiteko esaera aproposa da. Bost urteko borroka izan da. Eta herri sahararraren borrokari ere ezartzen ahal zaio esaera; borroka luzea da, itzela, baina iritsiko da independentziaren eguna.
Hassanna Aalia. Ekintzaile sahararra
«Ez dut ahaztuko Saharako ikurra astindu nuen eguna»
Aaliak dio garaipen kolektiboa dela Auzitegi Nazionalak babes politikoa eman izana: «Epaiak saharar identitatea aitortzen du, torturatua izan nintzela eta epaiketa bidegabea izan zela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu