Josu Santamarina. Memoria Gara

«Ez dugu nahi goitik beherako egitasmorik; eskutik helduta joan nahi dugu»

ENDIKA PORTILLO.
edurne begiristain
Gasteiz
2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Oroimenezkoaren inguruan instituzioek azaldutako «gardentasunik eza» salatu du Memoria Gara-ko ordezkariak, eta «oinarri sozialarekin» eta biktimekin adosteko eskatu du.

Kezkatuta zaudete Martxoaren 3ko memoria zentroaren egitasmoa hartzen ari den norabideaz.

Hasieratik egon da gardentasun falta. 2021eko otsailean, erakundeek eta Apezpikutzak asmo protokolo bat sinatu zuten oroimenezkoari begira, eta guk prentsaren bidez izan genuen haren berri. Memoria Gara-k eta Martxoak 3 elkarteak lankidetza hitzarmen bat eratzearen aldeko apustua egiten dugu, uste dugulako oroimenezkoak ez duela zentzurik izango ez bada elkarlana sustatzen oinarri sozialarekin eta biktimekin. Funtsezkoa da guneak zilegitasun soziala izatea eta biktimen ahotsa aintzat hartzea.

Instituzioak ez dira parte hartzea bermatzen ari?

Gardentasun eta horizontaltasun falta sumatzen ditugu. Ez dugu nahi proiektu bertikala, goitik beherakoa eta aldebakarrekoa izatea; horiek ez dira zumeak zentroa eraikitzeko. Guk eskutik helduta joan nahi dugu. Nazioartean dauden memoria zentroei erreparatu behar diegu: guztiak elkarteekin, eragile sozialekin eta biktimekin elkarlanean egin dira.

Estatutuak onartzeko epea luzatu du Gasteizko Udalak.

Orain erakundeek presaka ibili nahi dute, baina guk uste dugu ez dela posible egun batetik bestera estatutu batzuen gainean iritzia eskatzea. Gainera, badira argitzeke diren kontuak; adibidez, lurzoruaren inguruan dauden arazoak. Zentzuz jokatu behar da, modu arduratsu batean.

Nolakoa behar du oroimenezkoak?

Iraganeko borroka sozial, demokratizatzaile eta sindikalentzat aitortza gunea izan behar du. Memoriak begirada poliedrikoa behar du: memoriak feminista, langilea eta migrantea behar du. 1976ko martxoaren 3ko sarraskitik harago fokua zabaldu, eta Euskal Herriko frankismo osteko errepresioari buruzko espazio bat izan beharko luke guneak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.