«Ez dugu mesede bat eskatzen»

Gaixorik dauden presoen egoera hizpide hartuta, «legea betetzeko» eskatu dute Lopez de Abetxukok eta Matanzasek, Gasteizen. Hitzaldiak protestak eragin ditu kanpoan. Auzitegi Nazionalak ez du debekatu

Esteban Garibai elkarteak elkarretaratzea antolatu zuen. JUANAN RUIZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Esteban Garibai elkarteak elkarretaratze bat antolatu zuen atzo EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Gasteizko campusean. «Identitate espainiarra» sustatzen duen talde bat da, besteak beste. Koldo Mitxelena liburutegiaren kanpoaldean bildutako zenbait parte hartzailek kartelak zeramatzaten eskuetan, eta mezu bakarra ageri zen guztietan: Hiltzaileak unibertsitatetik kanpora. Barrualdean, ordea, bestelakoa zen egoera. Jose Ramon Lopez de Abetxuko euskal preso ohia eta Txema Matanzas abokatua hitzaldi bat eskaintzekoak ziren larri gaixo dauden euskal presoen eskubideei buruz: «Ez da mesede bat; legea betetzeko ari gara eskatzen». Covite indarkeriaren biktimen elkarteak eta PPk hitzaldia debekatzeko eskatu zioten EHUri. Unibertsitateak, baina, adierazpen askatasuna aldarrikatuz erantzun zien ez zuela debekatuko.

Sare euskal presoen eta iheslarien giza eskubideen aldeko plataformak antolatutako hitzaldia 12:30ean zen hastekoa; hain zuzen ere, Giza Eskubideen Nazioarteko egunean. Ordu erdi atzeratu zen, eraikinaren kanpoaldean zegoen giroaren ondorioz. Herritarrak bertaratu ziren, Ertzaintzaren furgonetak, baita hainbat hedabide ere. Esteban Garibai elkarteko kideek adierazpenak egin zituzten hitzaldia hasi aurretik. Adierazi zuten «lotsa» ematen dietela «duinak ez diren» ekintzek: «ETA erakunde terroristako hiltzaile bat ezin da jendaurrean giza eskubideen inguruan mintzatu». EHUk hitzaldia ahalbidetzea ere deitoratu zuten; baita Gasteizko «gehiengo isila» salatu ere: «Astakeria honen aurrean axolagabe dago». Bertan zeuden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPko zenbait ordezkari ere, Ez ahanzturarik, ez barkamenik zioen pankartaren atzealdean.

Hitzaldiarekin aurrera

Lopez de Abetxukoren eta Matanzasen hitzaldia, azkenean, 13:00ean hasi zen. Liburutegiko gradu aretoa jendez beteta zegoen. Hitzaldiak sortu zuen polemikaren harira, Sareko bozeramaileek hartu zuten lehen hitza. Adierazi zutenez, hitzaldiaren oinarri nagusia euskal presoei ukatzen dizkieten osasunerako eta bizitzarako eskubideen berri ematea zen, eta, horretarako, Lopez de Abetxuko izango zen hizlarietako bat. Gaineratu zuten hark osorik duela betea auzitegiek ezarri zioten zigorra: «Aske da egun, eta dagozkion eskubide guztien jabe». Areago, nabarmendu zuten hitzaldiaren aurka egondako «boikot deialdia» adierazpen askatasunaren aurkakoa izan zela: «Sarek, giza eskubideen defentsan aritzen den mugimendu gisa, ez du halako urraketekin bat egingo, eta hitzaldia bere horretan mantenduko da».

Ondoren, Lopez de Abetxuko preso ohiak hartu zuen hitza. Ia 30 urte egin zituen preso, eta azken zortzi urteak bihotzeko arazo larri batekin egin zituen espetxean. Iaz atera zen espetxetik. Eri dagoen preso baten egoera izan zuen gogoan. Jakinarazi zuenez, larritasuna eta beldurra ez ezik, ezintasuna ere senti dezake preso batek gaixorik dagoenean. Baita haietako bakoitzaren familiak ere. Larri gaixorik dauden presoak aske uzteko eskatu zuen: «Presoak gerturatzeaz gain, gaixorik dauden presoak etxeratzea exijitzen dugu, eta beharrezkoa duten tratamendua etxean jaso dezatela».

Hitz horiek esanda, Matanzas abokatuari pasatu zion lekukoa. Azaldu zuen gaixorik dauden presoak bi multzotan banatzen direla: izen-abizenak dituztenak eta anonimoak. Gaineratu zuen «hemendik gutxira» aldatu egingo dela zerrenda: presoetako batzuk, ezezagun izateari utzi, eta ezagun bihurtuko dira, eta egongo dira izen berriak ere; besteak zerrendatik aterako dira, hil egin direlako edo zigorra bete dutelako. Egun, hogei dira gaixorik dauden presoak Euskal Herrian.

Eskariak, baztertuta

Goizak aurrera egin ahala, Espainiako Auzitegi Nazionalak ere hitz egin zuen. Vox alderdiak hitzaldia bertan behera uzteko eskatu zion auzitegiari, baina fiskaltzak eskaria baztertzea erabaki zuen. Argudiatu duenez, ezin zen aurreikusi Lopez de Abetxukok eta Matanzasek zer esango zuten hitzaldian, eta, beraz, ez du delitu zantzurik antzeman. Poliziari, baina, dei egin zion solasaldia zaintzeko, «ETAren biktimen aurkako umiliatzerik edo terrorismoaren goratzerik» balego. Mari Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko lehendakariak salatu du ETAko kide izandako batek ezin diela gazteei «irakasgairik» eman, eta hitzaldia biktimen aurkako «erasoa» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.