Marie Andree Ouret. Biga Bai elkarteko presidentea

«Ez dugu laxatu behar»

Eskola elebidunetako gurasoei ulertezina zaie Frantziako Hezkuntzaren jarrera, Oureten iritziz. Karrikara ateratzeaz gain arlo guzietan borrokatu behar dela dio.

JOANES ETXEBARRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Eskola publiko elebiduneko Biga Bai guraso elkarteko burua da Marie Andree Ouret (Suhuskune, Nafarroa Beherea, 1970). Euskarazko irakaskuntzaren egoera larria aipatu du, baina onartu du zaila dela gurasoak mobilizatzea.

Euskara irakaskuntza blokeatzeko erabaki politiko bat bada?

Ez dakit nola interpretatu. Politikoa dela segur da, eta [Frantziako] Gobernu honi lotua da. Iduri du Frantziako Hezkuntzan sartu diren adituak, ohartu direlarik eskola publikoan zenbateraino hedatua den murgiltze ereduaren esperimentazioa, txokatuak izan direla. Beti hala da, baina orain sekula bezain: frantsesari eta zentralismo bati inportantzia gero eta gehiago ematen zaio. Ikustea badirela Frantzian eskola batzuk non osoki hizkuntza batean irakasten den, publikoan, hori ez dute irensten ahal. Eta ez dute onartu nahi; arrasta ukaldi bat eman nahi diote. Gero, ea lurralde hizkuntzen kontrako jarrera batean sartzen den... Ez dakit. Ez dute begi onez ikusten lurralde hizkuntzen irakaskuntza, ez dute nehondik ere lagunduko, ez bultzatuko. Hori segur. Gero, kontrako erabakiak hartzen dituzten... Nik ez nezake hori erran. Beharbada hala da. Badakit ez dutela denek hori pentsatzen, batzuek diote baietz, badela irakaskuntza horren kontrako funtsezko erabakia. Ez dakit.

Harremanik izan duzue ikuskariarekin edo errektoretzarekin?

Ez. Errektoreari idatzi genion Biga Bai eta Euskal Haziak elkarteek, eta hitzordu bat galdetu genion. Ez dugu sekula erantzunik ukan.

Zer diote eskola elebidunetako gurasoek?

Biziki zaila da gurasoak mobilizatzea horren inguruan; ez dira mobilizatuak. Esplikatzen zaielarik, bereziki murgiltzea jadanik bizi duten gurasoei, uste dut bizi dutela zuzena ez den erabaki bat bezala. Nolaz ukatzen ahal den orain arte ukan ahal izan dugun irakaskuntza mota bat, zinez denek biziki ona eta eraginkorra atzematen dutena. Konpreniezina zaie.

Sentitzen duzu euskararekiko zinezko atxikimendu bat eskola elebidunetako gurasoengan?

Biziki publiko zabal eta askotarikoa da. Ez da erraza arrapostu sinple bat ematea. [Ipar] Euskal Herriko gizarte osoaren itxura dute eskola publikoetako gurasoek. Badira hemen sortuak direnak, badira euskararekin lotura bat dutenak edo izan dutenak, eta badira batzuk deus ikustekorik ez dutenak. Ni Larresoron [Lapurdi] bizi naiz, eta batzuek, hasteko, badute lotura. Batzuek euskara badakite, batzuen aitatxi-amatxiek bazekiten; lotura pertsonala badute, eta ondorioz, atxikimendua. Beste batzuek ez baitezpada. Ez dute horretarako emana haurra elebidunean. Eman dute plus bat delako, pedagogiari buruz eta haurraren gaitasunei buruz. Besterik ez. Edozein gisaz, oro har, atxikimendu zerbait dutelarik ere, ez dute lehentasunetan. Kolegiora heltzearekin iduritzen bazaie haurrak lan anitz izanen duela, zailago izanen dela, gurasoen laguntza behar izanen duela... bigarren mailara pasatzen da euskararen irakaskuntza. Mota guzietako atxikimendua bada; batzuetan biziki arina hondarrean.

Behar diren indarrak emanak dira eskola publikoan euskarazko irakaskuntza garatzeko?

Behar diren indar guziak ez. Gehiago egiten ahal da, gehiago egin behar litzateke. Hori segur da. Ez ditut haien erabakiak justifikatu nahi, baina uste dut Frantziako Hezkuntza makina handi bat dela. Kontuan hartzen dituzte haur kopuru batzuk; horretatik abiatzen dira erabakiak hartzeko. Bestalde, tokiko akademia ikuskariak baditu bere hertsitasunak: gainetik heldu zaizkio manuak, eta ahalbideak ukaiten ditu, errektoretzatik heldu diren bezala. Horiekin jokatu behar du.

Ekonomia logika batean da?

Beharbada erraten diote «aurten beharko dituzu postuak murriztu», edo «eginahala gutxi ezarri», eta beti gelditzen da negoziazio joko bat. Eta hondarrean gu, katearen buruan. Hori da testuingurua. Eskola publiko guzietan behar litzateke eskaintza elebidun bat. Eskola elebidun guzietan behar litzateke murgiltzea sartu ama eskolan. Eta behar litzateke gisa horretara jokatu klaseak ere kopuru txikikoak izan daitezen. Baldintza hoberenak euskara ikasteko. Beraz, bai, gehiago egin behar litzateke, egiten ahal da, baina badira hertsitasunak alderdi guzietatik. Eta ikuskariak ez die klase elebidunei lehentasuna ematen.

Mobilizaziora deitu duzue. Hori da bide bakarra?

Karrikara jausten gara, eta horretarako prest gara. Baina aipatu dizkizudan alderdi konplikatu horiek guziek erakusten dute maila guzietan behar dela borrokatu. Horretarako ditugu deitzen ere hautetsiak mobilizatzera. Bada alderdi administratibo eta juridiko hori ere jokatzekoa dena; bada karrikako borroka; bada herriko etxe batek bere eskolarentzat eraman dezakeena; bada hautetsiek eta parlamentariek politikoki eramaten ahal dutena; bada administratiboki Frantziako Hezkuntzaren ordezkarien aitzinean eramaten ahal den borroka bat araudia egokitzeko; bada Frantziako Gobernuari begira eraman behar den borroka bat. Estatuak Hiribururako hartu duen erabakia aldatu arte, bururaino eraman behar dugu borroka hori. Segur gara ez dugula laxatu behar. Laxatuko bagenu, biziki berri txarra litzateke euskararen irakaskuntzarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.