Gazte mugimendua. Markel Ormazabal. 'Jarrai-Haika-Segi'-ko preso ohia

«Ez dugu jakin basakeria gelditzeko herri harresia eraikitzen»

Ez du ezkor izan nahi, baina gertatutakoaren jakitun da. Beraien kontrako epaiaren ostean Espainiak «basakeria» bat egiteko aukera zuela ohartarazi zuten, eta aurreikuspenak gainditu direla dio.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2013ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Irten berri da espetxetik, eta kalean ez ditu metro asko egiten «Aupa, Markel!» edo antzekoak entzun gabe. Bati muxuak, besteari besarkada... Kaleari, familiari, lagunei eta hiriari «tenperatura eta neurria» hartzen ari da. Jarrai-Haik-Segi auziko aurreneko epaiketan zigortu ostean, egun batzuk ezkutuen egon eta Esperantza frontoian lagun eta senide artean atxilotu zituztenetatik kalera atera direnetako azkena da. Gaur astebete atera zen. Argi izan du zergatik zigortu zuten, egindakoarekin harro dago, eta horrek lagundu dio indartsu irauten.

Esperantza frontoian atxilotu zintuzten duela sei urte. Nola oroitzen dituzu egun haiek?

Bagenekien etorriko zela. Auzitegi Nazionalak zigortu ondoren ez genuen esperantzarik Gorenaren erabakia gure aldekoa izateko. Nahiz eta jakin epaiketa politikoki irabazi genuela, eta Euskal Herrian gure aurka eraiki zuten irudiari buelta eman geniola, bagenekien epaia politikoa izango zela. Maila horretan, prest geunden. Esperantzakoa oso indartsua izan zen. Gure jarduera politikoagatik zigortuak izango ginenez, hori azpimarratu eta onartu egiten genuen. Jendaurrean adieraztea erabaki genuen, eta frontoian aurkeztu ginen. Jende piloa bildu zen, eta ikaragarria izan zen. Espetxean sekulako indarrarekin sartu ginen, babes handiarekin.

Sei urte geroago, zuen egoera berean daude Errenteriako hiru gazte. Segiko kide izateagatik zigortu dituzte, eta ezkutatzea erabaki dute. Nola ikusten duzu hori?

Tristea da, ikusi delako Euskal Herrian alde batetik hainbat pauso eman direla beste egoera batzuk sortu ahal izateko, eta betikoek jarraitzen dutela betiko martxan eta betiko arauekin. Sei urte igaro dira, eta ematen du ez dela ezer gertatu. Bagenuen esperantza, epaiketaren ondoren egindako lan guztiarekin jendeak beste erreakzio bat edukiko zuela. Lortu genuen erakustea zer egiten ari ziren. Eta ez bakarrik gurekin, azken finean erakunde politiko bat zigortzen ari ziren, eta erakunde politiko horretako kideak zigortzen ari ziren. Baina egin dituzten basakeriekin, ikusi dugu agian zerbait gehiago egin ahalko genuela. Lortu genuen hori ia ezerezean gelditu da estatuaren indarraren ondorioz.

Zuen auziak aurrekaria jarri zuen, eta, harrezkero, 150 gazte baino gehiago atxilotu, torturatu eta espetxera bidean jarri dituzte. Zergatik hainbeste kolpe gazteriari?

Beti esan dugu, eta orain ere bai: gazteria beti izan da edozein askapen prozesuren motorra. Bazekiten gurpil horretan makilak sartuta errazago izango zutela Euskal Herrian eman zitezkeen hainbat pauso gelditzea edo, gutxienez, moteltzea. Beldurgarria izan da sei urte hauetan gertatua. Arriskua ikusten zen, edozein astakeria egiteko eskuak libre gelditzen zitzaizkiela ohartarazi genuen, baina gainditu dute aurreikusten genuena ere.

Horrek guztiak zein eragin izan du gazte mugimenduan?

Egia esan, gazte mugimendua ez dut ondo ezagutzen oraintxe. Espetxetik jakin dut azken bi urteetan bazegoela hausnarketa prozesu sakon bat, eta ez soilik errepresio egoerari zegokionez, baizik eta, bereziki, Euskal Herrian emandako pausoen ondorioz sortutako agertokira egokitzeko. Prozesu hori inoiz baino zailagoa izan da legez kanpoko egoeraz gain, estatua ematen ari zen kolpe guztiengatik, baina, badirudi datozen hilabete edo asteetan jakinaraziko dutela hausnarketaren ondorioa. Argi dago estatuak ez duela lortu ezer etetea. Zailtasunak zailtasun, gazteriak antolatzen jarraitu du, lanean jarraitu du, eta errepresioaren helburu gorena izan zitekeen hori erabat gainditua gelditu da.

Etetea ez dutela lortu diozu, baina baldintzatzea lortu dute. Nolabait, klandestinitatera eraman dute gazte mugimendua...

Bai, erabat baldintzatu dute. Segik orain hilabete gutxi erakundearen desegitearen berri eman zuenean, azpimarratu zuten azken urteetan errepresioak lortu zuela gazte erakundearen lana gehienbat errepresioaren erantzunean zentratzea. Zirkulu horretatik irten behar zuen, eta erabaki irmo hori hartu du. Zirkulu hori gainditu, eta egiaz gazte problematika diren arazo edo esparru horietan guztietan lan egiten hastea. Seguru nago lortuko dutela. Humus hori guztia badago. Hori ez da desagertzen berrehun gazte espetxeratuz, torturatuz, hamaika erakunde legez kanporatuz... Humus hori berreskuratuko dute, eta freskotasuna dute.

Zuen auzia gazteetan aurrena izateaz gain, auzi politiko gisa ezagutu ditugunetan ere aurrena izan zen. Epaia etorri aurretik, aurreikusi zenuten «ikaragarrizko garrantzia izango zuela Euskal Herriaren etorkizunean». Sei urte geroago, nola ikusten duzu hori?

Tristura pixka batekin, aurreikuspen guztiak bete direlako. Nahiko kafkarra izan zen prozesua. Hasteko, egozten zitzaigun ETAren parte izatea Ekin eta KASen parte izateagatik, eta gu epaitu gintuzten Ekin eta KAS oraindik epaitu gabe. Argi gelditu zen beste guztiak nondik joango ziren. Frogarik gabeko epaiak izan ziren, eta erabaki politiko bati erantzuten zioten. Areago, Auzitegiek Garzonen tesia onartu zuten, «guztia ETA da» edo olagarroaren teoria deiturikoa. Tristura ematen du aurreikuspenak bete direlako, eta jendea dagoelako espetxean auzi horiengatik preso. Frustrazio puntu hori nabaritzen nuen espetxean. Egindako lan guztia egin ondoren, ez dugu jakin herri harresia eraikitzen, basakeria hori gelditzeko.

Gizartearen erantzuna nola baloratzen duzu horretan guztian?

Euskal Herriko gizartea eta Espainiakoa erabat desberdinak dira. Sei urtetan bereziki Espainiako hedabideetako mezuak aztertu ditut. Hemen daramatzadan egunetan konturatu naiz sekulako lubakia dagoela bi gizarteen artean. Euskal Herrian ondo ulertu da gure epaiketaren eta ondoren etorri direnen azpiko arrazoia politikoa zela. Egin diren mobilizazioak norabide horretan joan dira, baina ez dute lortu etetea estatuaren asmoa. Egoera berri honetan gero eta aukera handiagoa sortu da. Gurekin berandu da, orain espetxean daudenekin berandu da, baina Errenteriakoekin, Donostiakoekin eta etorriko direnekin gelditzeko esan behar dugu, stopa jarri, eta «hemendik ez zarete pasatzen» esan. Hori egiten ez badugu, zirkulu berean jarraituko dugu. Estatuak ez du inongo borondaterik hori eteteko, baina, eten beharra dago. Hori lortzen ez badugu, nekez lortuko ditugu gainontzeko helburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.