«Ez dugu ikusten Gasteiz antzokiaren proiektua arriskuan dagoenik»

Maria Nanclares Euskara zinegotziarentzat irtenbide bakarra dago: Lazarraga elkarteak eskatutako dirua bueltatzea eta aurtengo hitzarmena sinatzea. Ez du onartu udalaren erantzukizunik proiektuaren atzerapenean eta horrek eragin duen egoeran.

Gasteiz antzokia, barrutik. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Gasteiz antzokia, barrutik. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jakes goikoetxea
2024ko maiatzaren 10a
17:54
Entzun

Akrobaten moduan, Maria Nanclares Gasteizko Euskara zinegotziak hitzezko itzulipurdiak egin ditu gaur, baina lur hartu duenean guztiak berdin jarraitu du. Nanclaresentzat, Gasteiz antzokiaren proiektua ez dago arriskuan, baina ez du eman gaur egungo gatazka eta korapiloa askatzeko irtenbiderik. Nanclaresek ez du aurreikusten Lazarraga kultur elkarteak atzera egitea edo Gasteiz antzokiaren proiektuak porrot egitea; baina gaur egun aukera horiek gertuago daude Lazarragak azpiegitura kudeatzea eta zentroa behin betiko zabaltzea baino. 

Gasteiz antzokia —Izaskun Arrue kulturgunea—: Gasteizko Udalak 2022an amaitu zituen Ruiz de Bergara jauregiaren eraikina zaharberritzeko lanak, eta eraikina prest dago. Hala ere, urtebete baino gehiago darama itxita, udalari dagozkion arrazoiengatik: arrazoi administratiboengatik, burokratikoengatik eta azpiegitura eta baliabide teknikoak falta zituelako. Behin eta berriro atzeratu dute Gasteiz antzokia zabaltzeko eguna.

Denbora horretan guztian Gasteiz antzokiaren kudeatzailea, Lazarraga kultur elkartea, lanean aritu da, irekiera posiblerako prestatzen eta programazioa behin eta berriro aldatzen. Baita, jakina, horretarako emandako diru laguntzaren zati bat gastatzen ere. Bada, Gasteizko Udaleko kontu hartzaileak iazko diru laguntzaren likidazioa egin eta gero, ia 113.000 euro bueltatzeko eskatu dizkie. Elkarteak bueltatzea aurreikusi zuena baino kopuru askoz ere handiagoa. Elkarteak jada ez daukan dirua. Elkartea bera eta Gasteiz antzokia arriskuan jarri dituen egoera, Lazarragako ordezkarien esanetan. Gasteiz antzokia 2023 eta 2027 artean kudeatzeko hitzarmena sinatu zuten udalak eta Lazarragak.

Konponbide berririk ez

Maria Nanclares Euskara zinegotzia elkarrizketatu dute gaur Radio Vitorian —BERRIAk ere eskatu zion elkarrizketa, baina ezetz erantzun zuen—. «Ez dugu ikusten Gasteiz antzokiaren proiektua arriskuan dagoenik». Arriskuan ez ikusita ere, ez du konponbide berririk proposatu gaur egungo gatazka konpontzeko. Aukera bakarra eskaini dio Lazarraga kultur elkarteari: aurtengo hitzarmena sinatzea. Hitzarmena sinatu eta gero zabalduko litzateke Gasteiz antzokia. «Gure ardura da aurtengo hitzarmena sinatzea, [Gasteiz antzokia] ahalik eta azkarren zabaltzeko», azaldu du. «Are gehiago, hitzarmena sinatu eta jakinarazpena jaso bezain laster, diru laguntzaren %80 jasoko dute». Zinegotziak zehaztu duenez, aurtengo hitzarmenaren diru kopurua 350.000 eurokoa da, eta, sinatuz gero, 280.000 euro jasoko lituzke Lazarragak.

Baina aurtengo hitzarmena sinatuta ere, ez litzateke kontu hartzaileak eskatutako dirua desagertuko. Zorrak jarraituko luke, eta Lazarragak ez daukan diru bat itzuli beharko luke. Nola? «Sentitzen dut, baina ezin naiz sartu horretan, dirua nondik atera dezaketen, ez baita nire ardura», erantzun du Nanclaresek. Egoera Gasteizko Udalaren ardura bada, ordea: irekiera atzeratu du eta horrek eragin du Lazarragak diru bat gastatu behar izatea gero emaitzarik izan ez duen kudeaketan, eta, era berean, Lazarragak Gasteiz Antzokiaren irekierarekin aurreikusitako diru sarrera batzuk ez izatea.

Kazetariak galdetu dio Gasteizko Udalaren erantzukizunaz, baina Nanclaresek ez du erantzun. Udalaren ardura onartu du, ordea: «Euskara zinegotzi izatera iritsi nintzenean eraikinak ez zeuzkan beharrezko lizentziak zabaltzeko. Guk ezin dugu zabaldu beharrezko baimen eta lizentziak ez dituen eraikin bat. Beraz, arduragabe bat izango nintzateke iazko ekainean zabaldu izan banu».

«Sentitzen dut, baina ezin naiz sartu horretan, [Lazarraga elkarteak] dirua nondik atera dezaketen, ez baita nire ardura».

MARIA NANCLARESGasteizko Udaleko Euskara zinegotzia

Larrazaga kultur elkarteari dirua bueltatzeko «erraztasun guztiak» emateko prest dago. Hala jakinarazi zien elkarteko ordezkariei, kontu hartzailearen txostena jaso bezain laster. Zorra ordaintzeko erraztasunak lirateke, ordainketak atzeratzea edo zatikatzea, agian. «Gaur egun indarrean dagoen araudia begiratu beharko litzateke». Udalak eman dezakeen «berme handiena» dirua itzultzea erraztea litzateke. Dirua itzuli beharra ez dago auzitan, beraz.  

Gasteiz antzokia itxita dago oraindik ere. Noiz arte? «Hitzarmena sinatuta egon arte ez dugu irekitzeko datarik emango». Lazarraga ez dago prest aurtengo hitzarmena sinatzeko. Hitzarmena sinatuta ere, Nanclaresek berak ere ezin du ziurtatu hurrengo urtean, berriro ere, kontu hartzaileak ez diola eskatuko Lazarragari aurtengo diru laguntzaren zati handi bat bueltatzeko, laster urtearen erdia beteko baita, eta antzokia itxita baitago oraindik ere.

«Oso lan ona» Oihanederren

Sinatzen ez badu, zer? «Oraintxe bertan aurreikusten duguna da aurtengo hitzarmena sinatzea, ez naiz jarriko oraindik existitzen ez den egoera batean». Antzokiak urtebete baino gehiago darama itxita eta Gasteizko euskaldunek erreferentzia bat galdu dute hirian, Oihaneder Euskararen Etxea 2022ko uztailean itxi baitzuten, Gasteiz antzokia berehala zabalduko zelakoan. Nanclaresek onartu du Lazarraga kultur elkarteak «oso lan ona» egin zuela Oihaneder Euskararen Etxearen kudeaketan. Proiektu berria porrot egitear da. «Ez», Nanclaresen iritziz. «Proiektu hau hiri proiektu bat da, eta aurrera aterako da berme juridiko eta legal guztiekin. Guk eskua eta giltzak luzatzen dizkiegu».

Gasteiz antzokiaren aldeko plataformaren agerraldia, asteazkenean. RAUL BOGAJO / FOKU
Gasteiz antzokiaren aldeko plataformaren agerraldia, asteazkenean. RAUL BOGAJO / FOKU

Gasteiz antzokiaren aldeko herritarrek mobilizazioekin erantzungo diote. Plataforma bat osatu dute, eta agerraldi bat egin zuten asteazkenean. Salatu zuten Gasteizko Udala «utzikeria» eta «borondate falta» erakusten ari dela proiektuaren inguruan, eta exijitu zioten antzokia «lehenbailehen» abian jartzeko eta behin betiko errealitate bihurtzeko. Hori hala izan dadin, mobilizazioak egingo ditu plataformak: elkarrizketak abiatuko ditu udal talde politiko guztiekin, antzokia irekitzea galdegiteko mozio bat aurkeztuko du udal bilkuran, eta sarean martxan den sinadura bilketari bultzada emango dio, besteak beste.

Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.