EH Bilduko bozeramailea Nafarroako Parlamentuan

Laura Aznal: «Ez dugu hordagorik botatzen; nahiago dugu luzera begira aurrera egin»

Aurrekontu akordioa lortu berri, «urruti» ikusten du zergen inguruan ados jartzea, nahiz eta gutxienez 1.035 euroko pentsioa hitzartzea lortu duten. «Anbizioz» jokatzera deitu du Nafarroako Gobernua.

(ID_14414198 )Laura Aznal, Iruñeko Sarasate pasealekuan, Nafarroako Parlamentu aurrean.
Laura Aznal, Iruñeko Sarasate pasealekuan. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2024ko azaroaren 10a
05:00
Entzun

2025eko aurrekontu akordioa lortu berri, azeleragailua zapaltzeko garaia dela uste du Laura Aznal Nafarroako EH Bilduko bozeramaileak (Iruñea, 1971). «Anbizioz jokatu behar du gobernuak. Gu prest gaude hitz egiteko». Orain arteko jardunaz eta aurrean dituzten erronkez mintzatu da. 

2025eko aurrekontu akordioa lortu duzue. Ematen duen baino zailagoa izan al da? Zergatik?

Bai, kanpotik ematen du dena eginda dagoela, bukaera idatzita dagoela. Beti da zaila, baina oraingo honetan zailagoa izan da. Egoera bera kontuan hartu behar da. Europako funtsak bukatzen ari dira, eta aurrekontu egonkortasunerako arauak itzuli dira. Gastu orokorraren igoera askoz txikiagoa da, eta EH Bildun gero eta exijenteagoak gara. Beraz, ez da batere erraza desberdinen artean puntu komunak biltzea eta ados jartzea. Gure akordioaren bitartez, Nafarroako kontuak hobetu egin dira, zalantzarik gabe.

Babestuko duzue, baina abstentzio bidez. Zergatik ez duzue baiezkorik eman?

Alderdi politiko oso desberdinak gara, eta hauek ez dira gure aurrekontuak. Desadostasunak oso ezagunak dira. Esate baterako, ez gatoz bat gobernuaren hizkuntz politikarekin, eta beste zerga eredu bat defenditzen dugu. Hala ere, arlo guztietan aurrerapausoak ematen ari gara. Akordioak departamentu guztietan eragiteko neurriak ditu. Hori da negoziazioa, hurbiltzea. Ez da batere erraza izan, eta onartu behar dugu beste jokaleku batera ekarrarazi dugula gobernu hau. Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko lankidetza egonkortu egin da, jendearen mesedetan.

Eta aurreko akordioa, aurtengo aurrekontuarena, bete al da?

Jarraipen zehatza egiten dugu ea zer bete den. Analisi orokorra ona da. Alde batetik, gogoratu behar dugu aurreko urtekoa oso berezia izan zela, martxoan sinatu genuelako. Proposamen garrantzitsu batzuk kontsolidatu egin dira. Beste batzuk ez dira bete, batzuk epeagatik, eta beste batzuk borondate faltagatik.

«Beste jokaleku batera ekarrarazi dugu gobernu hau. Gure arteko lankidetza egonkortu egin da»

Euskararen diru laguntzak handitzea lortu duzue, helduen alfabetatzean adibidez; baina ematen du PSN eroso dagoela posizio horretan. Gehiago estutu dezakezue? Zaila da PSN mugiaraztea?

Bai, zaila da. Gure proposamen batzuk egonkortu egin dira, eta balioa eman nahi diet: euskarazko hedabideen diru laguntzak, helduak euskalduntzeko aurrerapausoak… Oraingo honetan mugarri bat dugu. A1 maila dohainik izango da nafar guztiontzat. Nire ikuspegitik, lorpen handia da. EH Bildun inoiz ez dugu marra gorriez hitz egiten. Guk ez dugu hordagorik botatzen; nahiago dugu luzera begira aurrera egin.

PSNren jarrerak zeri erantzuten dio: eskuinaren presioari ala botoak galtzeko beldurrari?

Ez naiz ausartzen esatera zein den arrazoi nagusia. Ez dakit botoekin loturarik duen. Gauza bat argi dago. Euskararen inguruko lehentasunetan bat gatoz Geroa Bairekin, baina haiek zazpi dira, eta gu bederatzi. Hori da daukagun errealitatea. Gehiengo horiek aldatzeko ahalegin guztiak egin behar dira. Horretarako, kaleko mugimendua funtsezkoa izanen da, beti bezala. 

Urriaren 31n onartu zen tentsio handiko eremuak izendatzeko legea, eta, akordioan, prozesu horretan udalek parte hartu ahalko dutela jaso duzue. Zer nahi duzue?

Alde batetik, premiazkoa zen gaiari ekitea, etxebizitzaren prezioak jasanezinak baitira, bai alokairuenak, bai salgai daudenenak. Etxebizitza merkatuan esku hartzea ezinbestekoa da, eta tentsio handiko eremuen izendapenak atea irekitzen du horretarako. Bere horretan, izendapenak ez du ezertarako balioko. Nafarroako Gobernuak etxebizitzaren eskumena, eta udalek hirigintzarena. Funtsezkoa izango da gobernuaren eta udalen arteko lankidetza. Gero, plan bereziak garatu beharko dira. Horretarako lan egitea izango da EH Bilduk gobernatzen duen tokien jarrera. Legean hogei udal sartu dira, baina kanpoan geratu dira 2.000 biztanletik beherakoak, landa eremuan. 

Gobernuak aurkeztu berri duen zergen lege proiektuan, alokatzea sustatu nahi da jabeentzako pizgarrien bidez. Zer iritzi duzu?

Laguntzen badu, primeran. Baina beti begiratzen ditugu kenkariak. Gure iritzia da errekarguena ere begiratzekoa dela. Orain prezioak mugatuko dira eremu batzuetan, eta zergatik ez zergapetu prezioen muga horiek gainditzen dituztenak? Hori ere ikusi beharko da.

UPNk salatzen du orain ez dela babes ofizialeko etxerik egiten, eta zerrenda handiak daudela. 

Eskuinak beste modu batean ikusten du arazoa. Eskuinarentzat, etxebizitza beste negozio bat da. Guk uste dugu etxebizitza eskubide subjektibo bat dela, eta instituzioek bermatu behar dutela. Dena ez da eskaintza. Esku hartzea beharrezkoa da.

Zergen lege proiektua aurkeztu du Nafarroako Gobernuak asteon. Zer iruditu zaizu?

Poztekoa da pentsio duinak egongo direla datorren urtean. Ez gara iritsi 1.080 eurora —1.035 euro bermatuko dira—, baina pentsio duinak bermatuta egongo dira nafar guztientzat, eta hori benetan poztekoa da. Mutualisten erreklamazioari erantzutea ere garrantzitsua da. Aurrerapausoak eman dira, baina asko falta da gure eredura iristeko. Kapitalaren eta lan errenten arteko aldea oso handia da, eta elkarte zergan potentzial handia dago. 

Sunsundegui hartzekodunen konkurtsoan dago berriz. Inbertitzaile bila jarraitzen du. Behar beste egiten ari al da gobernua?

Oso egoera latza da Sunsundeguirena, batik bat eremu hartarako. Ia laurehun langile dira zuzenean. Ahalegin guztiak egin dituela esatea agian gehiegi da, baina ahaleginak egin ditu Nafarroako Gobernuak egoera hori eragozteko. Parlamentuan, gehiengo aurrerakoiak babesa eman diogu enpresari, Sodenaren maileguak emateko bi aldiz aldatu baitugu legea. Hori egin behar zen. Enpresa eta merkatu estrategikoa dira. Beti egon dira kudeaketa arazoak.

Azken lege aldaketan, administrazio kontseilua aldatzera behartu da. Beranduegi egin da hori?

Bai. Sunsundeguik arazo handiak ditu, baina beharbada berandu hartu dituzte neurri batzuk, bai. 

Volkswagenek kaleratze ugari egingo ditu Alemanian, etakezka dago Landabenen nola eragingo duen. Horri gehitu behar zaio Europa osoan, mugikortasun elektrikoaren aldeko apustuaren gaineko zalantzak areagotu direla, konpainien lehiakortasuna kolokan jartzen baitu.

Alemaniatik iristen diren albisteak oso txarrak dira. Alemaniako autogintza beti oso indartsua izan da. Han esaten dute bidegurutze handi batean daudela: kostu energetikoak oso handiak dira, eta hango soldatak ezin dira alderatu hemengoekin. Arazoa, baina, sakonagoa da. Trantsizio energetikoa egitea derrigorrezkoa da. Egin behar da, baina ezinezkoa da konbustioko ibilgailu guztiak elektrikoekin ordezkatzea. Duela gutxi aldaketa klimatikoaren aurpegirik txarrena ikusi dugu, baina trantsizioa ez da batere erraza izanen. Ematen du hemen inbertsioak bermatuta daudela eta betetzen ari direla epeak baina arazoa globala da. Nafarroako Gobernuari proposatu genion mahai bat sortzea hemengo enpresa guztiekin eta sindikatuekin, bide honetan laguntzeko. Ez da batere erraza izanen.

Aurrekontu akordioan, itxarote zerrendak murrizteko eta lehen arreta indartzeko konpromisoa hartu du gobernuak. Konpromiso hori nahikoa al da?

Pandemian gobernuak talka neurriak hartu zituen, baina horiek etorri dira geratzeko: produktibitatea, osasun pribatura bideratzea… Hori ezin da egonkortu. Ez dugu bat egiten. Pandemiak agerian utzi zuen zer-nolako egiturazko arazoak zituen gure osasun sistema publikoak. Orain, osasun legearekin aukera bat dugu. Gobernuaren aurreproiektua jaso dugu, eta bilera sorta bat egiten ari gara sektoreko eragileekin. Zalantza asko jaso ditugu; ziurgabetasun handia dago. Ez dugu ikusten gobernuaren proposamen baliagarria dela, ematen baitu atea irekitzen diola pribatizazioari. Gu lan egiten ari gara proposamen bat lantzeko.

Autogobernuaren lantaldeak zentzurik ba al du baldin eta UPN eta PSN ez badira prest aldaketa sakonak egiteko? Marjina dago?

Guk beti uste dugu marjina dagoela edozer gaitan; batzuk, berriz, hasieratik hasten dira marra gorriak ezarriz. Hori ez da gure estiloa. Ez du laguntzen aurrera egiten. 40 urteren ondoren hain beharrezkoa da eztabaidari ekitea... Lanean jarraituko dugu geure buruari mugarik jarri gabe. Ikusiko dugu noraino heltzen garen.

Hezkuntza irakasleak greban, eta aurrekontuen lege proiektuan bidea markatzen da aldarrikapenetako batean jarraitzeko, ratioak murrizteko. Nahikoa al da?

Guk eraman genituen proposamen batzuk kanpoan geratu dira. Irakasleen egoera kontuan izan dugu, eta dena ez dugu lortu. Espero dugu Hezkuntza Departamentuak jarrera proposatzailea izatea, eragileekin esertzea, eta desadostasunei eta arazoei aurre egitea.

Laura Aznal, EH Bilduko bozeramailea, elkarrizketaren une batean, Nafarroako Parlamentuan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Laura Aznal, EH Bilduko bozeramailea, elkarrizketaren une batean, Nafarroako Parlamentuan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Datorren urtean hamar urte beteko dira UPN gobernutik kanporatu zenetik. Azken bi legealdietako gobernuetan PSN sartu da. Zer balorazio egiten duzue?

Uste dut zorionez ez gaudela duela hamar urte bezala. Nafarroa ez dago egoera berean. Eskuinak hamar urte daramatza eraginik izan gabe. Poztekoa da, ez bakarrik EH Bildurentzat, nafar guztientzat baizik. Gure rola, gure epe luzeko begirada eta gure lehentasunak oso argi daude. Hartu genituen erabakiak eraginkorrak izan dira. Beste egoera batean gaude; beti aurrera begira jarraituko dugu.

Sumarren krisia edo Podemosen egoera nabarituko al du Zurekin Nafarroak?

Kanpoan ikusten dugunarekin alderatuta, gure dinamika propioa dugu Nafarroan. Espero dut eraginik ez izatea. Badakigu estatuko ezkerra ez dagoela bere egoerarik hoberenean, baina espero dut egoera konpontzea, guztiok beharrezko baikara eskuinari atea ixteko.

«Zorionez, Nafarroa ez dago egoera berean. Eskuinak hamar urte daramatza eraginik izan gabe. Poztekoa da»

UPNk lidergoa aldatu du. Aldaketarik sumatu duzue?

Nafarroako bozeramailea Javier Esparza jauna da oraindik ere. Hemen ez dugu askorik nabaritu, baina beste maila batean bai, nabari da beste pertsona bat dagoela. Eskuinaren betiko jarrera trinkotu du.

Nola ikusten duzu UPN, PP eta Voxen eremua?

Zatituta. Ez dago eskuin on edo txarrik. Normalean, osoko bilkuretako emaitzetan elkarrekin bozkatzen dute. Oso esanguratsua da. Proiektu bakarra da. Beste ardatz batzuekin mugitzen da: pertsonalismo asko, interes alderdikoiak... EH Bildun, politika beste modu batean ulertzen dugu.

Nola eragiten du eskuin muturraren presentziak?

Nafarroatik kanpo gauza asko gertatzen ari dira, eta mundua eskuin muturrera ari da mugitzen. Parlamentu honetara diskurtso xenofoboak, matxistak, negazionistak iristen ari dira. Ez luke tokirik izan behar, baina zoritxarrez hemen dugu. Oso-oso arriskutsua da. Atea itxi behar diogu hasieratik.

PSN erosoegi al dago egungo posizioan?

PSNk ulertzen du eta oso ongi ikusten du gutxiengoa duen gobernu bat dela. Bi aukera ditu aurrean: edo ezkerrera jo, eta han dago EH Bildu eskubideak zabaltzeko eta aurre egiteko politika publikoetan; edo eskuina.

Posizio egokian al dago EH Bildu oposizioa egiten eta gobernuaren solaskide izaten, ala horrek kontraesanak ere eragiten dizkizue?

Jakina. Gu oposizioa gara. Gu ez gaude gobernu barruan, eta lan egiten dugu gobernuarekin. Batzuetan ez da batere erraza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.