Askapenan egindako lana ez, auzipetuei ETAri laguntzea leporatzen zaiela. Hala gogorarazi die epaileak Dabid Soto eta Aritz Ganboari. Defentsako abokatuaren galderak eten, eta zuzenean ETAren inguruan galdetu die: «Zuk noizbait gaitzetsi al duzu ETA?». Zehazki, akusazioen txostenak dio auzipetuek ETAren aginduei jarraitzen dietela ezker abertzaleko hainbat eragilek osatutako koordinakunde komun baten bidez, eta auzipetuak hori gezurra dela frogatzen aritu dira. «Askapenak ez du inongo harremanik ETArekin, eta nik ere ez», erantzun dio Sotok epaileari. «Inoiz justifikatu duzue, babestu duzue ETAren jarduna?», galdetu die abokatuak. «Ez, inoiz ez».
Gabi Basañezek, Unai Vazquezek eta Walter Wendelinek esandakoak berretsi dituzte horrela Sotok eta Ganboak, Askapenaren aurkako epaiketaren bigarren egunean. Ez dutela inoiz parte hartu ETAren agindupean zegoen koordinakunde batean, ez dutela halakorik ezagutu ere egin. Ezker abertzaleko beste eragileekin harremana bazutela gauza jakin batzuetarako, baina autonomiaz hartu dituztela beti erabakiak.
Lan politiko eta ideologikoa egiten dutela adierazi dute biek, eta lan hori azaltzera mugatu dira, fiskalaren akusazioak ukatuta. Hasteko, Askapenan nola hasi ziren kontatu dute Sotok eta Ganboak. «Iraultza sandinistak belaunaldi oso bat markatu zuen», azaldu du Sotok. Iraultzak gazte harrapatu zuen arren, 1997an—sandinistek boterea galdu ondoren— Nikaraguako brigada batean parte hartu zuela kontatu du, eta esperientzia hark eman ziola ikuspegi internazionalista.
Bi gauza ezberdin dira nazioarteko harremanak eta internazionalismoa, Sotok azaldu duenez. «Berdintasun egoeran egiten den harremana da internazionalismoa, esku hartzerik gabea, hartu eta ematekoa, inposiziorik gabea». Horrela bereizi ditu Askapenak egiten duen lana eta alderdi, sindikatu edo bestelako eragileek egin dezaketena.
Izan ere, besteak beste, leihatila bakarra kontzeptua ageri da fiskalaren idatzian, Askapenari egozteko ETAren naziorteko harremanak kudeatzen zituela. Askapena zela, alegia, harremanetarako leihatila bakar hori. Sotok adierazi duenez, beste eragile batzuek —bai ezker abertzalekoek, bai bestelakoek— zituzten nazioarteko harremanak «elkartasun internazionalista» bihurtzeko aukera zuten zenbaitetan, eta hori da bilatu izan dutena. Hau da, harreman horiei jarraipena ematea, gauza zehatzetarako ez ezik, elkarlan bilakatzeko. Autonomiaz betiere, ez inoren ordezkari gisa edo aginduei jarraituz.
Sotok Askapenarekin hasitako harremana 18/98 auziak eten zuen. Atxilotu, eta sei hilabete inguruz eduki zuten preso 2000. urtean, eta epaiketa luze bati egin behar izan zion aurre gero. «Minbizia ere atzeman zidaten; nik epaiketa hari egozten diot». Auzi hartan epaitu zituzten Xakiko kideak ere; «terrorista» izendatu zituzten, ETAren «nazioarteko aparatua» izatea egotzita. Soto absolbitu egin zuten, eta gogora ekarri du Askapena aipatu ere ez zela egin auzi hartan.
Ganboak ere brigaden balioa ekarri du gogora: «Brigadek giza kapital garrantzitsua ematen dute. Ordutik, bizi guztirako internazionalista izango naiz». Askapenak giza eskubideen alde egindako lana ere nabarmendu du, besteak beste, tortura eta espetxeetako baldintzak salatuz. Bai Euskal Herrikoak kanpoan, bai kanpokoak Euskal Herrian. Brigadistekin, besteak beste, formazio lana egiten dutela azaldu du.
2007an Askapenaren brigadak Batasunak antolatu zituela, hori da akusazioen beste argudioetako bat. Batasunari egotzitako dokumentu batean oinarritu dira horretarako, brigadak aipatzen dituztela eta. «Hori ezinezkoa da», esan du Ganboak. Epaileak internazionalismoaz duten ideia argitzeko ere eskatu dio, proiektu politiko bati —independentzia eta sozialismoa— lotu diotelako. Argi onartu du Ganboak: «Guretzat, internazionalismoa ez da aseptikoa; mundua aldatu nahi du».
Kongresuan eta Vallecasen
Espainiako bederatzi poliziak ere deklaratu zuten atzoko saioan, lekuko gisa. Operazioan zein eginkizun izan zuten kontatzera mugatu ziren, fiskalak esandakoa baieztatzera. Gaur ere poliziek jarraituko dute, eta hurrengo astean segituko du epaiketak; biharko saioa bertan behera utzi dute.
Arratsaldean, Espainiako Kongresuan izan ziren auzipetuak, Amaiur, ERC, BNG eta IUko kideekin. Iluntzean, Vallecas auzoan harrera egin zieten.
Askapenaren aurkako epaiketa
«Ez dugu harremanik ETArekin»
Bi auzipetuk eta bederatzi poliziak deklaratu dute bigarren egunean.Abokatuaren galdeketa etenda, ETA gaitzesten ote duten galdetu die epaileak Sotori eta Ganboari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu