Eneko Aldana-Douat (Ziburu, 1989) EH Bai-ko koordinatzailea da. Ziburu Bizi zerrenda eraman du herriko bozetan, eta arras aitzinetik jalgi zen lehen itzulian, bozen %44,67rekin. Abertzaleen, ekologisten, sozialisten eta hainbat independeteren artean osatutako zerrenda izan da, hasieratik. Ziburuko eta orokorki Ipar Euskal Herriko herriko bozen lehen itzuliaren balorazioa egin du. Bigarren bozaldira begira jarri da, eta izanen dituzten erronkez ere aritu da.
Zer balorazio egiten duzu lehen itzuliko emaitzez?
Ziburun, emaitza oso onak izan dira. Herrian ikusi da aldaketarako nahikaria bazela. Gainera, herriko etxea guk eramateko nahi bat agertu dute herritarrek. Kasik %45eko emaitza lortu dugu, eta auzapezaren segida eramaten zuen lehen axuantak [Isabelle Dubarbier-Gorostidi], %17 baizik ez. Argi da aldaketa gogo handi bat bazela eta guk irudikatu dugula alternatiba hori. Sei urtez oposizioan eraman dugun lanak frogatu du kudeatzeko gai ginela eta jendeak konfiantza egiten digula.
Orokorkiago, Ipar Euskal Herrian, zer bilan egiten duzue?
Emaitza orokorrak oso onak izan dira. Kudeaketan izan garen herrietan, emaitzak hobetu ditugu: Uztaritzen eta Hiriburun, adibidez. Herri anitzetan gailendu gara: Ziburun, Urruñan, Biriatun... Barnealdean ere emaitza onak lortu ditugu... Kanbon ere, nahiz eta galdu dugun, emaitza onak izan ditugu.
Zein izan da estrategia orokorra oposizioari dagokionez? Ziburuko eta Baionako kasuak konparatuz, adibidez.
Baionan, esaterako, Jean Claude Hiriartek [EH Bai] oposizio txukuna eraman du. EH Bai-ko hautetsi kapableenetako bat izan da. Guk ere oposizioan lan egin dugu Ziburun. Gauza da ezin direla konparatu Baionako soziologia eta Ziburukoa, bi eskualde ezberdin direlako. Ziburun, 6.000 biztanle dira; Baionan, ia 50.000. Soziologikoki ezin konparatuak dira. Ez du oposizio lanak soilik egin emaitza onak lortu izana. Ezinbestekoa da oposizio lana eramatea, baina ez da elementu bakarra.
2020ko herriko bozetan zerrenda irekiak bultzatu ditu EH Baik.
EH Baik bere biltzar nagusian hartu zuen erabakia zen, herri gehienetan zerrendak aurkeztea, eta zerrenda abertzale, ezkertiar eta ekologistak eramatea. Koadro horretan sartzen ziren beste aliatu potentzial batzuekin, abertzaleak ez direnak baina herri bateko kudeaketan ikuspegi berdina dugun sektore batzuekin batu gara. Herri gehienetan estrategia hori eraman da. Argiki alderdi batzuetan den jende batekin, eta herri gehienetan, guztiz alderdietatik kanpo diren beste pertsona batzuekin, ez direnak abertzaleak sentitzen. Eta ikusten dugu estrategia horrek pagatu duela; hor ditugu emaitzak.
Zer da gaur egun abertzale izatea?
Gaur egun abertzalea izatea, azkenean, beti izan dena da. Euskal abertzalea izatea euskal aberriko kide sentitzea da, eta aberri hori aitzinarazten saiatzea, maila sozialetik zein nazionaletik. Askatasun handiagoa lortzeko helburua da, pausoz pauso.
Ziburun gailentzen bazarete, zein izanen da zuen erronka?
Gu programa batekin aurkeztu gara, eta sei urtez helburua izanen da programa hori aplikatzea. Sinpleki. Eta frogatzea gai garela programa martxan emateko; guretzat errealista da programa, eta horri lotuko gatzaizkio. Lerro beretik segituko dugu.
Baionan, Jean Rene Etxegarai edo Henri Etxeto pasatzeak nola eraginen du elkargoan?
Guk ez dugu gure estrategia eramaten parean dugunaren arabera. Euskal Hirigune Elkargoari begira, guk gero definituko dugu zein den estrategia hoberena, bata izan edo bestea izan. Baina ez dugu eginen parean dugunaren arabera, gure helburuen arabera baizik.
Henri Etxeto [PS] argi da ez dela gure ildoko pertsona bat, eta ez dut bat egiten haren jarrerarekin, baina arerioen arabera badakigu egokitzen.