Maria Servini de Cubria epailearen aurrean deklaratu ostean hitz egitekoa zen Andoni Txasko Martxoak 3 elkarteko bozeramailea BERRIArekin, atzo. Ordea, herenegun deklarazioak bertan behera geratu ziren, bigarrengoz hiru astean. Deklarazioak gelditzeko Espainiako Atzerri Ministerioak «presioak» egin dituela salatu zuten. Madrilerako autobusaren txartela itzultzeko bidean zihoala adostu zuen Txaskok elkarrizketarako hitzordu berria.
Nola jakinarazi zizuten deklarazioa bertan behera geratzen zela?
Asteazken arratsaldean Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Aldeko Euskal Plataformaren bilera genuen Bilbon. Heldu nintzenean, kide bat Madrilgo norbaitekin ari zen telefonoz, eta solaskideari deklaratzeko planari buruz galdetzeko esan nionean, ezezko keinua egin zidan. Eskegi zuenean, gertatutakoa azaldu zidan.
Bigarren aldia da deklarazioak atzeratu direla, baina aurretik ere epaileak Espainiara egin behar zuen bidaia bat bertan behera geratu zen.
Madrilera, Galiziara eta Kataluniara etortzekoa zen 2012an. Euskal Herrira ere etorri behar zuen, baina, Argentinaren enbaxadarik ez dagoenez, beste lekuren bat egokitu behar zen deklarazioak hartzeko. Gutxienez 80 salatzailekin hitz egiteko asmoa zuen, baina, horretarako, hamar eguneko epea eta idazkari bakarra baino ez zioten utzi azken unean. Bidaia atzeratzea erabaki zuen, eta baliabide gehiago izatean etortzeko asmoa duela jakinarazi digute.
Eta, bestalde, bideokonferentziak egiteko saioa...
Pertsona batzuei krimenak egozteko eskaerak daude, eta bideokonferentziek bide horretan aurrera egiteko balio behar zuten. Ministro ohi, torturatzaile eta epaile jakinen kontra jarritako salaketei buruzko informazioa bildu, deklaratzera deitu eta, behar izanez gero, atxilotzeko agindua emateko balio behar zuten. Martxoaren 3ko auziari dagokionez, nabaria da Rodolfo Martin Villa —1976an Harreman Sindikaletarako ministroa zena— gertatutakoaren erantzuleetako bat izan zela, eta horri buruzko informazioa helarazi behar genion epaileari deklarazioan.
Lehen aldia da epaitegietan pertsona jakinen kontrako prozesua abiarazi dela. Horrek zail dezake kereilaren bidea?
Pertsona batzuei krimenak egozteko aukera dugun lehen aldia da, egia. Zigorgabetasun egoeran egon dira, eta orain, beren izena entzun dute, eta... Kereilak ezinegon apur bat sorrarazi duela uste dut. Egungo gobernuan daudenak 36ko gertakarien ostean ezarri zen erregimenaren oinordekoak dira. Hortaz, Espainiako Estatuak deklarazioak zaildu nahi izatea logikoa da.
Ordea, biktimen ikuspuntutik...
Inoiz ez dugu horrelako aukerarik izan. Kereila honek itxaropenerako atea irekitzen du, urte askoren buruan behingoz epaile baten aurrean hitz egiteko aukera ematen baitigu. Ez dakigu zertan bukatuko duen, baina gustura geratuko gara garai bateko sarraskien erantzuleek egindakoa esaten. Martin Villa bizirik dauden erantzuleen artean lehena da, baina zerrenda luzea da...
Kereila horrek Memoria Historikoaren Legeak utzitako hutsuneak betetzen lagun al dezake?
Lege horretan hitz asko daude, baina hitz horietako asko ez dituzte bete. Ez zituen aintzat hartu gauza asko, eta aintzat hartutako batzuk ez ditu garatu. Lege horretan ez da justizia aipatzen, 1977ko Amnistia Legea lehenesten duelako. Dena den, gertatutakoa onartu eta justizia egingo balitz, bertsio ofiziala aldatzea lortuko genuke. Gaur egun lortzen ari gara, baina justiziak hori bizitu egingo luke.
Deklarazioa bigarrengoz atzeratu ondoren, zer gerta daiteke hemendik aurrera?
Ez dugu etsiko. Mendia ez badoa Mahomarengana, Mahoma joango da mendira. Madrilen deklaratzerik ez badago, Argentinara joango gara, eta, horrekin batera, Espainiako Gobernuaren jokabidea agerian geratuko da. Hil bukaeran Argentinara bidaia bat egin behar zuten, bideokonferentzien osagarri moduan, Espainiako Diputatuen Kongresuko kide batzuek babestuta. Iraupen luzeko lasterketa bat da; batzuk 70 urtetik gora ari dira horretan, eta gureak 37 urte baditu dagoeneko.
Eta, aurrera begira, zein litzateke pauso erabakigarria?
Egokiena litzateke Espainian bukatzea Argentinan hasi zen hori. Espainiako epaileek nazioarteko justizia baliatu zuten herrialde batzuen gizateriaren kontrako krimen batzuk epaitzen hasteko, eta herrialde horiek lekukoa hartu zuten gero, amnistia lege bidegabeak baliogabetu ondoren. Hemen Amnistia Legea baliogabetu beharko litzateke, eta gizateriaren aurkako krimenak epaitu.
Azken urteetan lankidetza handia sortu da frankismoaren biktimen elkarteen artean. Zertan da lankidetza hori egun?
Besteak beste, Argentinako kereilaren alde dauden Espainiako Estatuko elkarte guztien topaketa egingo da maiatzaren 18an, Madrilen. Frankismoaren eskubide urratzeak landuko dira, lantaldeeetan: lapurtutako umeak, hobi komunak, frankismoko esklaboak, estatuaren zigorgabetasuna... Horrez gain, baliabide juridikoen ikuspuntutik gaiari nola heldu ere eztabaidatuko da.
Zertan dira baliabide juridikoak?
Bi abokatu daude gaur egun Argentinako kereilaren gaia lantzen Espainiako Estatuan. Kereilaren aldeko plataformak dauden lekuetan ere kabinete juridikoak sortzea interesgarria litzateke. Kontuan izan behar da egungo kereila bi pertsonek hasi zutela, 2010eko apirilaren 14an, baina ordutik asko hedatu da.
Kereilak hartu duen neurriak nolabait zail edo mantso dezake prozesua?
Frankismoak eskubide urratze asko egin zituen. Alor askotan. Modu askotan. Urratze asko daude, eta ezin da bakar bat ere ahaztu. Lan gehiago dakar horrek, baina ongi etorria da lan hori. Kereila 1936tik 1977ra arte doa, baina epe horrekin kritikoak gara. Frankismoaren egituren grina txarrek funtzionatzen jarraitu zuten, eta horien adibide dira asteazkeneko presioak, adibidez.
Euskal Herriko hainbat kasu 2012an gehitu ziren kereila horretara, ezta?
Iaz Goldatu eta La Comuna elkarteetako kide batzuek Argentinara bidaiatu zuten, deklaratzera, eta hara joatea proposatu ziguten. Une horretan ezin izan genuen, eta epaileak egin behar zuen bidaia baliatu nahi genuen informazio guztia emateko.
Andoni Txasko. Martxoak 3 elkarteko bozeramailea
«Ez dugu etsiko; Madrilen deklaratzerik ez badago, Argentinara joango gara»
Frankismoaren biktimentzat Argentinako epailearen aurrean hitz egiteak duen garrantzia nabarmendu du Txaskok; ordea, epaiketa Espainian egin beharko litzatekeela gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu