Ane Muguruza. Egiari Zor-eko kidea

«Ez dugu dirurik nahi, guztiei tratu bera ematea baizik»

Muguruzaren ustez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaia «mingarria» izan da BVE eta GALen biktimen senideentzat. Bide judiziala itxi arren, aitortza eta erreparazioa eskatu dituzte.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maider Galardi
2019ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiak «bigarren mailako biktima» gisa utzi ditu GALek eta BVEk hildakoen senideak, Ane Muguruza (Bilbo, 1989) Egiari Zor fundazioko kidearen arabera. «Babesgabe» gelditu direla salatu du Muguruzak, eta eskatu du giza eskubideen urraketak jasan dituzten guztiek «erreparazio bera» izan dezatela.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaia «eskandaluzkoa» dela salatu duzue.

Hala da. 2013an abiatu genuen bidea, pentsatuz azkenean nonbait emango zigutela arrazoia. Guretzat pentsaezina zen biktima gisa kalte-ordaina ukatzea, poliziaren zenbait txostenetan oinarrituta esaten zutelako gure senideek, eta baita guk ere, ETArekin zerikusia genuela. Hori nahikoa arrazoi zen kalte-ordaina ukatzeko. Guretzako mingarria da, eta amorratu egiten gaitu ikusteak sei urtean egindako lana Estrasburgora iritsi dela eta atea itxi digutela, muinean sartu gabe, gainera.

Europako Giza Eskubideen Hitzarmenak 8. artikuluan dio posible dela kalte-ordaina ukatzea eskatzaileak bortizkeriazko delituen egileak badira. Baina Estrasburgora jo dutenen kasuan ez dago ETAko kide zirela frogatzen duen epairik, ezta?

Polizien txostenetan eta prentsan oinarritu ziren ETAko kideak zirela esateko, baina ez dago epai juridikorik. Gure kasuan, argudiatu zuten aita eta ama epaituak izan zirela, nahiz eta ondoren absolbitu zituzten, eta, nire kasuan, diote Bilboko Kaskagorri konpartsako kide nintzela, eta garai batean identifikatu nindutela argazki batzuetan. Hori argudio gisa erabiltzen dute kalte-ordaina ukatzeko. Surrealista da. Gure biktima izaera gezurtatzeko, gai dira puntu horretara ailegatzeko.

Errugabetasun printzipioa urratzen dela salatu dute senideek Estrasburgon, baina auzitegiak ezetz dio. Uste duzue epaimahaia ez dela auziaren muinean sartzen?

Airean uzten gaitu, eta Espainiaren esku gelditzen da, berriro ere, guri izaera hori aitortzea ala ez. Badakigu Espainiaren aitortza zein den. Ez dute onartu estatu terrorismoa egon denik, eta ez dute onartuko. Estrasburgok hori esanda, oraindik eta aukera gutxiago ikusten ditut. Ikusi dugu bide judizialetik ez dugula ezer lortuko.

Epaiak esan du ez direla senideen eskubideak urratzen.

Babesgabe uzten gaitu. Estrasburgok dio gure eskubideak ez direla urratuak izan, bada, primeran. Non gelditzen gara gu, orduan?

Mailakatu egiten dira biktimak?

Hori da. Kalte-ordainarena gutxienekoa da guretzat. Guk ez dugu dirurik behar; guk zera eskatzen dugu, biktima guztiei tratu bera ematea. Giza eskubideen urraketa jasan dugun guztiok aitortza bera izatea. Hori jarri behar da mahai gainean, eta ikusi dugu ez daudela prest horretarako, eta zuzenbide sistemak ere ez dituela erraztasunak jartzen. Gelditzen zaiguna da Euskal Herrian abian jartzen ari diren hainbat egitasmo; egiten ari dira legeak biktimen aitortzarako, gizarte zibila abian da, Egiaren Mapa osoa... Argi dago Espainiatik ez dela ezer etorriko, eta Estrasburgotik ere ez. Pentsatzen dugu Estrasburgok beti ematen digula arrazoia, baina ez da beti horrela.

Bide judizialik ezean, zer bide jorratu egiarako eta erreparaziorako?

Izandako gatazkari aurre egiteko prest gaudenak euskal herritarrak gara. Hemen jendea prest dago benetako aitortza bat emateko biktima guztiei. Herritik sortuko dira aitortza eta erreparazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.