Uliazpi Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendeko fundazioa da, eta aldundiko ordezkariak ere egon dira gaurko protestan. Bertan izan dira Maite Peña Gizarte Politiketako diputatua eta Irune Berasaluze Gobernantza diputatua. Berasaluzek hartu du hitza komunikabideen aurrean, eta Gorenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren helegitea tramiterako onartu ez izana gaitzetsi du: «Joan den astean, erabakiaren berri izan genuenean, esan genuen ez genuela bat egiten erabaki horrekin, uste baitugu gure herritarren hizkuntza eskubideak urratzen dituela». Haren irudiko, beraz, atzerapausoa da: «Euskararen ezagutza murrizten baldin bada, aukerak ere txikiagoak dira euskaraz artatzeko eta erabiltzaileei zerbitzua euskaraz emateko. Uste dugu atzerapausoa dela».
Ez hori bakarrik. Diputatuaren ustez, urratu egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiak «bere funtzio publikoa antolatzeko eta bere lan eskaintza publikoak nolakoa izan behar duen erabakitzeko» duen eskubidea ere. Eta euskararen aurkako ekinaldi honen berezitasun bat nabarmendu du: «Hau hemen bakarrik gertatzen da; Katalunian eta Galizian, adibidez, ez da horrelakorik gertatzen; epaileak ez dira kontu hauetan sartzen».
Horrela, Berasaluzek azaldu du amaitu dela Espainiako Auzitegi Gorenean egin dezaketen ibilbidea, baina gogorarazi du EAEko justizia Auzitegi Nagusian ere jarria dutela helegite bat: «Espero dugu lau bat hilabete barru-edo zerbait jakitea. Bide judiziala ez dago zeharo agortuta». Bide guztiak erabiltzeko prest agertu da: «Gure esku dagoen guztia egingo dugu bide judizialean, eta aztertuko dugu hemendik aurrera zer egiten daitekeen, kontuan izanda hainbat lan eskaintza publiko ditugula bidean foru aldundian». Uliazpiko langileen egoera zertan geratuko den ere «ondo» aztertuko dutela ziurtatu du, berriro ere epaitegiak kontra eginez gero ondorioak «ahalik eta ondoena» kudeatzeko.