Koldo Martinez. Geroa alderdiaren bultzatzailea

«Ez dugu bat egiten gauzak zuri ala beltz direla diotenekin»

Geroa Baiko hamazazpi kidek Geroa alderdia sortu dute. Martinezen arabera, aspalditik datorren ideia da, eta koalizio barruan ziren zenbait talde batu nahi izan ditu. Uste du ekarpenik egin dezakeela ideien arloan.

IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Iragan astean, Geroa Baiko hamazazpi kide esanguratsuk, tartean Koldo Martinezek (Eskoriatza, 1953), Geroa alderdia sortu zutela jakinarazi zuten. «Geroa alderdi berri bat da, eta geure burua sozialberde gisa identifikatzen dugu». Horrez gain, alderdiak beste hiru ardatz nagusi ditu: Nafarroaren defentsa subjektu politiko gisa, tokiko politikaren garrantzia eta Europa estatuz gaindiko erreferentzia nagusi gisa.

Sozialberde etiketa aipatu duzue, baina zer esan nahi du?

Orain, munduak dituen hainbat arazori erantzun egoki bat eman behar zaio. Hazkundea behar da, eta guztiontzat onuragarri izan behar du; baina, era berean, iraunkorra izan behar du. Ezin dugu pentsatu, hazkundea iraunkorra ez bada. Gure ustez, politika sozial berde batek hazkunde iraunkorra defenditu behar du. Politika sozialen, hazkunde sozialaren eta iraunkortasunaren arteko oreka bilatu, alegia.

Oreka hori posible da? Adibidez, Nafarroan garrantzi handia du AHTaren gaiak. Geroa Baik azpiegitura babestu izan du, eta kritikatua izan da. Jarrera hori ekologikotzat jo al daiteke?

Hasteko, Geroa Bai ez da AHTaren alde egon, baizik eta zerbitzu handiko trenaren alde. Bestalde, orain arte, ekologiaren munduan bi aldeko jarrerak izaan dira, bai ala ez: hau ekologikoa da, hau ez da. Ekologistek-eta irmo diote honi ezetz, baina bizitzaren beste aurpegia ahaztu egiten zaie. Bizitzak eta gizarteak garapena behar du, eta ekologia zein garapena eskutik lotuta joan behar dute. Guk nahi dugu arazo orokorrari begirada sozial eta ekologista bat eman. Ez dugu bat egiten gauzak zuri ala beltz direla dioten mugimenduekin, baizik eta garapen iraunkorra adierazten duen batekin. COVID-19ak argi erakutsi digu hori: batzuek osasuna jartzen zuten ekonomiaren aurretik, eta beste batzuek, ekonomia. Osasunik gabe ez dagoela ekonomiarik eta ekonomiarik gabe ez dagoela osasunik. Erantzuna ez dago ez mutur batean ez bestean, baizik eta bien arteko orekan. Oreka hori egunero landu beharko da, nahiko ezegonkorra da. Gaur eman dezakegun erantzunak agian bihar ez du balio.

Zergatik egin duzue urrats hori?

Prozesu luze baten ondorioa da. EAJz gain, Geroa Bain geunden Zabaltzen independenteen elkartea, pertsona atxikien multzo bat eta Atarrabia taldea. Hasi ginen pentsatuz elkartu behar ginela independenteen erakunde bakar batean. Aurreko legealditik dator, baina egunerokotasunak prozesua geldiarazi zuen. Duela hilabete batzuk ekin genion serioago, eta lortu dugu hiru taldeetako jendea eta ez batean ez bestean zeuden beste hainbat geureganatzea.

Nola eragingo dio Geroa Bairi?

Gure asmoa da Geroa Bai bultzatzea, eta uste dugu onerako dela. Geroan gaudenok konbentzituta gaude Nafarroan politika egiteko tresnarik egokiena dela Geroa Bai.

Zergatik izen hori?

Ia-ia naturalki atera zen. Gutariko askori Geroakoak garela esaten digute. Ez diogu buelta gehiagorik eman.

Geroa Bai ordezkatu nahi al du?

Ez, ez. Argi eta garbi dugu Geroa bai EAJk eta beste talde batzuek osatzen dugula.

Nola hartu du EAJk?

Beraiei galdetu beharko zenioke, baina erantzuna oso baikorra da. Espero dute Geroa Bairen onerako dela, eta guztiz bat gatoz.

Koalizioaren barne orekan eragingo al du?

Oraindik ez dakigu zer aldaketa egingo diren, aldaketarik egin behar bada. Geroa Bai talde batzuek osatzen dute oraindik ere, eta etorkizunean ikusiko dugu.

Urrats honen ondotik, zer beste pauso emango ditu Geroak?

Alderdi berri bat egitean, akta fundazionala eta estatutuak aurkeztu behar dituzu. Orain, kongresu konstituziogile bat egin behar dugu. Irailean edo urrian egingo dugu batzar hori. Momentu honetan, zer? Aurkeztutako bost printzipio horiek sakondu, falta diren gauza garrantzitsuak landu, eta bost printzipio horien gain egitura eta ideologia osoa garatu. Hots, zer da sozialberdea? Argi dugu zer esan nahi duen kontzeptuak, hor goian, baina hori politika zehatzetara eraman behar dugu. Gauza bera beste bost printzipioei dagokienez.

Zer garrantzi du alderdi barruan lan intelektualak berak?

Handia. Politikak, askotan, eramaten zaigu gauza zehatzetan zentratzera eta hausnarketa politiko eta teorikoa albo batera uztera. Uste dugu Geroak ekarpen hori egin dezakeela, ez soilik Geroa Bairi, baita nafar gizarteari ere.

Hamazazpi lagunek aurkeztu duzue, baina nola hartu du Geroa Bairen inguruko jendeak?

«Bazen garaia», esan digute hainbatek eta hainbatek. Koalizio batean, eta alderdietan euretan ere bai, diferentziak izaten dira. Negoziazioetan, batzuetan zuk irabazten duzu, eta besteetan galdu. Independente batzuentzat zaila izan da erabaki batzuk aurkeztea edo defenditzea.

Adibidez?

Ez dakit... Baina Euskal Herrian ez dugu jakin negoziazioaren munduan mugitzen. Izan gara nahiko zurrunak eta ez dugu malgutasunik izan negoziazioan aritzeko. EAJk bai, badu historia luze bat batzuekin eta besteekin, baina EAJtik kanpo beste guztiek izan dute bestelako jarrera: hau horrela da, eta kito.

Abertzaletasuna non geratzen da?

Geroan badira independentistak, abertzaleak, euskaltzaleak... denetarik. Zer da abertzale izatea? Independentzia defenditzea? Oraintxe, euskaldunon herria hiru aginteren artean bereizia egonik, hori onartzea eta horrekin jokatzea? Abertzaletasuna berriz definitu behar dela uste dugu. Gure ustez, Nafarroa subjektu politikoa da, nafarrok erabakiko dugu zer izan nahi dugun gaur eta bihar eta etzi. Argi dugu, halaber, Nafarroa Europaren parte garrantzitsua dela, eta hori defenditu behar dugula nahi eta nahi ez. Begira zer gertatzen ari den feminismoan transexualekin. Emakumeak dira edo ez? Denok uste genuen argi genuela zer zen gizon izatea edo emakume izatea, eta begira feminismoan zer eztabaida teoriko politikoa duten emakume kontzeptuaz. Kontzeptualistegiak izan gara Euskal Herrian. Guk uste dugu gauzak prozesu batean gertatzen direla eta kontzeptuak garrantzitsuak direla; baina kontzeptuak baino garrantzitsuago dira kontzeptuak bultzatutako politikak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.